FILM KRITIKA. Tragedia garaikidea

Gontzal Agote.
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Parisko Indien aretoan 1895. urtean Lumiere anaiek pelikula baten lehen emanaldi publikoa antolatu zuten. Abenduaren 28ko hori zinemaren jaioteguntzat hartu izan da.

Oso urte gutxitan tresna berria dibertimendu huts izaten hasi eta negozio handi bihurtu zen, eta hortxe hasi ziren komeriak: 1906. urtera bitartean Thomas Alva Edisonek, irudien mugimenduaren asmatzaileetako batek, hamaika salaketa jarri zituen AEBetan bere patentearen eskubideak defendatzeko asmoz. XX. mendeko hasierarako pelikulen ekoizpen, banaketa eta erakustearen negozio osoa hiruzpalau boteretsuren eskutan zegoen.

Mende bat geroago paralelismo garbiak daude zinemaren eta Interneten garapenaren artean. Oso denbora gutxian sarea kontrolik gabeko big bang izaten hasi eta ikaragarrizko negozio eta boteregune bihurtu da. Hori gertatzearekin batera, edozein negozio eremutan sortzen ohi den kaka-nahaste eta liskarra sortu ditu. Azken finean, Internet kontrolatzen duenak mundu osoa du eskura.

The Social Network egungo errealitatearekin -erreala, eta ez birtuala- erabat lotuta dagoen filma da. Garaikidea izanagatik ere, gaia ez da berria, mundua mundu denetik errepikatzen diren jokabideen aldaera da.

Horregatik, ohi duen moduan hori guztia kontatzeko molde klasikoa erabili du David Fincherrek. Pelikulak ez du apenas akziorik; sare sozialetan bezala, hitza da oinarri, eta pertsonaien etengabeko elkarrizketek eramaten dute aurrera bi maila dituen istorioa. Horrela izateko, filmak gidoi sendo eta trinkoa behar du atzetik, eta, zorionez, The Social Network honek badu.

Fincherrek zuzendari handia dela erakutsi du berriro ere, eta 70eko eta 80ko hamarkadetako Coppola da hemen. Batetik, filmak The Conversation harekin hainbat lotura dituelako. Bestetik, gaiak oso Coppolarenak direlako, anbizioa eta leialtasuna batez ere. Eta azkenik, The Outsiders-en bezala The Social Network-ek aktore belaunaldi berri bati bultzada ematen ahal diolako: Jesse Eisenberg, Andrew Garfield eta Justin Timberlake (!). Facebook eta haren ingurumariak presente daude, eta pelikularen lehen sekuentzia luzeko elkarrizketa zentzugabeak oso ongi definitzen du sare sozialak zer diren. Baina ez da hori gai nagusia; adiskidetasuna, bakardadea eta diruaren morrontza nagusituko dira tragedia greziar honetan. Egungo abiaduran, akaso hemendik urte gutxi batzuetara Facebook desagertuta eta ahaztuta izanen da; The social Network-ek, ordea, oso bizirik segituko du.



La red social /The Social Network

+7. AEB, 2010. Zuz.: David Fincher. Akt.: Jesse Eisenberg, Justin Timberlake, Andrew Garfield. 120 min.Gasteiz (Abaco Boulevard, Guridi, Yelmo Gorbeia), Bilbo (Capitol, Golem Alhondiga, Zubiarte), Barakaldo (Max Ocio, Yelmo), Getxo (Lauren), Leioa (Artea), Portugalete (Ballonti), Santurtzi (Serantes), Donostia (Antiguo Berri, Bretxa, Principe), Errenteria (Niessen), Irun (Cinebox, Txingudi), Usurbil (Urbil), Baiona (CGR Centre), Angelu (Moncine), Iruñea (Golem Baiona, Golem La Morea, Carlos III), Tutera (Ocine), Uharte (Itaroa), Viana (Las Cañas).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.