Ez dira hortik bizi, baina borondatea eta gogoa jarriz gero urrutira irits daitekeela frogatu dute. Ordu eta erdiko film bat egitera ere bai. Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko kideek zortzi urte pasatu dituzte irudiak grabatu eta muntatzen. Jardun horren emaitza da Sua, Lapurdiko sorginei eta Inkisizioari buruzko euskarazko filma. Auzolanean egin dute, eta filma estreinatu aurreko emanaldia larunbatean izango da, Ozaetan (Araba).
Aurretik Eneko Aritzari buruzko film labur bat egin zuten, 2004an. «Oso ongi pasatu genuen, eta filma egitera ausartu gara», azaldu du Unai Igartua Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko kideak. XVII. mendearen hasieran Lapurdin izandako Inkisizioa hartu dute ardaztzat oraingoan. Pierre de Lancre inkisidoreak 600 lagun baino gehiago torturatu eta hil zituen. Igartuak dio filma ez dela dokumental bat, fikziotik ere bai baitu zerbait. «Gazte talde batek garai hartako gizarte zapaldu horretatik ateratzea erabakiko du. Horixe izango da argumentua».
Inolako diru laguntzarik gabe eta lagun artean egin dute filma, herritarren bultzadarekin, asteburuetan elkartuz. «Jendearen laguntzarik gabe ezin izango genukeen egitasmo hau aurrera atera». Euskal Herriko zazpi probintziak igaro dituzte, eta 700 lagunek baino gehiagok hartu dute parte.
Grabaketetako festak
Ongi pasatzeko asmoz sortutako proiektu gisa jaio zen, eta jai giro horri eusten saiatu dira. Horregatik, festak antolatu dituzte pertsona asko biltzen ziren grabaketa egunetan. Mauleko gazteluan egin zituztenak gogoratu ditu Igartuak; matxinada bat irudikatu zuten eta 300 lagun inguru bildu ziren. «Hainbat autobus antolatu genituen, eta publizitatea egin genuen egunkarietan. Ahoz ahokoaren bitartez ere zabaldu zen proiektuaren berri, eta jendearen harrera oso ona izan zen. Kalejira, kontzertuak eta jan-edana izan genituen iluntzean». Akelarreak ere antolatu dituzte, Dimako haitzuloan besteak beste.
Harremanak hasteko, oso proiektu polita izan da; bikoteak eta haurrak jaio dira zortzi urte hauetan, eta makina bat bitxikeria partekatu dute. «Txerrikume bat autoan genuela geratu gintuzten poliziek behin».
Alderdirik gogorrena muntaketa izan da; hiru orduko materiala ordu eta erdira laburtu behar izan dute. «Grabaketak izugarri bete gaitu, eta ilusioa egiten digu jendeak filma ikusteak».
Horretarako, larunbatean jarri dute eguna. Ozaeta herriko Otatza auzoan emango dute (Araba), Garaion NaturArtean. Festa bilakatu nahi dute eguna. «Jendea parrandarako gogoz biltzea nahi dugu, ez filma ikustera bakarrik». Lo egiteko lekua egongo da, eta ezusteko ugari. 16:00 aldera grabaketaren inguruko bitxikeriak erakutsiko dituzte, eta irteera bat egingo dute. Aintzira bat dago han. Afaldu ondoren ikusiko dute filma, eta kontzertuak eta DJ Bull egongo dira.
Estreinatu aurreko emanaldira joan ezin denak ekainaren 29an Tolosako Leidor zinema aretoan du aukera ikusteko, eta uztailaren 13an, Getxon, Algortan. Grabaketan ateratako argazkiekin erakusketa bat jarriko dute emanaldi guztietan. Tolosako kultur etxean egongo da ekainaren 11tik 29ra. Nonbait filma emateko interesa duenak suafilma@ gmail.com-era idatzi behar du edo www.sua-filma.com webgunera jo.
Filma, auzolanaren eredu
Larunbatean ikusi ahal izango da, Arabako Ozaeta herrian, 'Sua' euskarazko filma. 700 lagunek baino gehiagok parte hartu dute Lapurdiko Inkisizioari buruzko lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu