«Filosofia hilda dago», idatzi zuen Stephen Hawking fisikariak 2010. urtean argitaraturiko The Grand Design liburuan. Haren arabera, filosofiak ezin izan dio eutsi zientziako azken aurrerapenen abiadari, batez ere fisikan eginikoei. Gaurko benetako filosofoak fisikariak dira Hawkingen arabera, eta zibilizazio garaikidearen katedralak partikula azeleragailuak dira. Haatik, filosofia eta fisika berriz batzen saiatzen dabiltza aste honetan Donostian eta Hernanin (Gipuzkoa) egiten ari diren Nazioarteko Ontologia Kongresuan, besteak beste, fisikako bi Nobel saridunen laguntzarekin.
Lehen Ontologia Kongresua 1993. urtean egin zuten, Donostian, Zorroagako Filosofia Fakultateko irakasle Victor Gomez Pinen ekimenez. Bi urtetik behin egin dute azken 25 urteotan, eta, besteak beste, Unescoren, Donostia International Physics Centerren eta Paideia Fundazioaren babespean aritu dira aurten. «Kongresuaren helburua Greziako filosofiaren gairik garrantzitsuenei bizitza berria ematea da, ikuspegi garaikidetik aztertuta», azaldu du Juan Ramon Makuso filosofia irakasle eta idazleak. Kongresua antolatzen duen batzordeko kidea da Makuso.
Natura zer den, horra, azken batean, zein den Nazioarteko Ontologia Kongresuaren gaia. Hori argitzea zen lehen filosofo greziarren kezka nagusia, eta horretan dabiltza gaurko fisikariak ere, matematikaren eta partikula azeleragailuen bitartez. Izan ere, physis esaten zioten greziar haiek naturari, eta hortik dator fisika.
Munduaren Lego piezak
Natura, errealitatea, osatzen zuten onarrizko blokeen bila antzinako Greziako Mileto uhartean hasi ziren, Mendebaldean. Tales matematikari eta astronomoa izan zen lehena azalpen mitologikoak baztertzen gauzak nondik datozen pentsatzeko orduan. Uharte batean egonik, dena uratik zetozela ondorioztatu zuen. «Tales ez zen filosofo bat, eta ez zen fisikari bat, pentsalari bat zen», esan du Makusok, orduko jardueraren batasuna nabarmentzeko. Izan ere, Miletoko Tales Mendebaldeko pentsamendu zientifikoaren abiarazletzat jotzen dute, mitoaren ordez, logos-arekin saiatu zelako, lehen aldiz, mundua azaltzen. Logos itzultzeko, arrazoia, legea edo printzipio hitzak erabili izan dira, besteak beste. Termino horiek guztiak oinarrizkoak izan dira zientziaren garapenean.
Anaximandro Talesen ikaslea izan zen, eta hark jarraitu zuen maisuaren bidean hausnartzen. Harentzat, gauza guztien jatorria apeiron izeneko printzipio bat da, hau da, mugarik gabea, definitugabea. Apeiron-a beti ari da mugitzen, eta zurrunbilo horretan sortzen dira kontrarioak: hotza-beroa, argia-iluna, hezea-lehorra.
Talesek Miletoko uhartean sorturiko pentsamendu eskolako beste jarraitzailea Anaximenes izan zen. Bat zetorren Anaximandro irakaslearekin gauza batean: gauza guztien sorburua mugagabea da. Baina, harentzat, printzipio hura airea zen. Airea eraldatu egiten da, gainerako gauza oro sortzeko, dela sua, hodeiak, haizea, harriak edo lurra.
Jarrai daiteke naturaren osagaiak ulertzeko aurrerapausoak eman zituzten pentsalarien segida azaltzen, baina garrantzitsuena da ikustea Mendebaldean Talesekin abiaturiko bide hura gaur jarraitzen dutenak fisikariak direla. Izan ere, oraindik ere jarraitzen dute hausnartzen gauzak nondik datozen, eta zerez dauden osatuta.
Citroenaren lurruna
Greziako filosofo haiek, euren teoriak azaltzeko, lurrean makila batekin diagramak marrazten irudikatzen dira askotan. Klixe bat da, noski. Baina gaurko pentsalarien lanaren antzeko irudi bizia eman du Hernanin Jean-Marie Frere Bruselako Unibertsitate Askeko irakasleak. «Unibertsitate batetik bestera gindoazen behin, Citroen CV2 batean, euripean, eta François Englertek eta Robert Broutek autoan euren teoriez hitz egiten zuten bidean. Broutek, gidatu ahala, grafikoak marrazten zituen autoaren aurreko kristalean sorturiko lurrinean. Beldurgarria izan zen, baina argi erakusten du fisikak haiek nola bizi zituen». Englert eta Brout fisikarien ikaslea izan zen Frere, 1960ko hamarkadaren hasieran, eta lehen pertsonan ikusi eta entzun zituen haien arteko eztabaidak. Solasaldi haietatik atera zen 1964. urtean biek argitaratu zuten agiri historikoa. Horretan, besteak beste, gero Higgsen bosoia deituko zutena derrigorrez egon behar zuela iragarri zuten. Ondorio berera heldu zen Peter Higgs ingelesa, ia aldi berean. Azkenean, haren izena eman zioten partikulari, baina hura posible egiten duen printzipioak izen justuagoa du: Brout-Englert-Higgs mekanismoa. Horrek azaltzen du unibertsoaren oinarrizko partikula guztien masa nola sortzen den.
Asko itxaron behar izan zuten, ordea, esperimentuek arrazoia emateko. CERN zentroko Genevako (Suitza) LHC Hadroi Talkagailu Handian 2012an behatu zuten lehen aldiz bosoia. Fisikako Nobel saria eman zieten Englerti eta Higgsi hurrengo urtean. Brout 2011n hil zen.
Ikerketa hura egin zutenean, «Bruselako Unibertsitatean ez zegoen ia kanpoko dirurik», azaldu du Frerek. «Tristea ematen du, baina, azken batean, horrek askatasun akademiko handia eman zien Brouti eta Englerti. Edozein gai har zezaketen, modari jarraitzeko beharrik gabe». Oinarrizko Partikulen Eredu Estandarra delakoa hamar urte geroago hasi zen modan jartzen fisikarien artean, eta orduan ekin zion jendeak Bruselako irakasle haien lana aipatzeari.
Fisikan gaur dauden moden inguruko hausnarketari heldu dio Gerardus 't Hooft Utrechteko Unibertsitateko fisikariak (Herbehereak). Nobel saria eman zioten 1999. urtean, haren tesiaren zuzentzaile Martinus J. G. Veltmanekin batera, elkarrekintza elektroahulen egitura kuantikoa argitzeagatik. «Gaur jendeak ez al du gutxiegi pentsatzen?», galdetu du. «Bide erraza jarraitzen dute, eta jostailuzko ereduak eraikitzen dituzte, errazagoa delako? Galdera egokiak egiten dituzte, edo azken modak jarraitzen dituzte?». Ontologiaz asko pentsatzen duela esan du 't Hooftek. «Ez bazara konturatzen errealitateak arau sinpleak jarraitu behar dituela, errealitate bakar bati erantzuten diotenak, ez duzu asko sakonduko naturaren sekretuetan. Jendea gaur ontologiaren garrantzia gutxiesten ari da», esan du. Errealitate bakar baten ideia baztertzen ari direla salatu du irakasleak. «Horrela, askoz zailagoa da benetan aurrera egitea, eta galdera asko daude oraindik erantzuteko».
Gaurko «moda» horien kontra, eredu estandarraren teoria defendatu du Englertek ere, ezagutzen diren partikula guztiak eta lege guztiak bere barruan biltzen dituelakoan. «Mekanika kuantikoak oso ondo funtzionatzen du, baina galderak sortzen ditu: izan ere ez digu argi askorik ematen gertatzen ari denaz». Hau da, askotan frogatu dutela teoria kuantikoak zuzen aurreikusten duela esperimentu baten emaitza, baina, betiere, emaitza hori probabilitate gisa adierazten duela. Beraz, gaurko zientzialariek lehen filosofoek baino askoz gehiago dakite naturaz, baina physis-aren azken muina argitzeko, asko egin behar da oraindik.
«Garai batean filosofiak jakintzaren arlo guztiak biltzen zituen bere barruan, nahiz eta, gerora, ildo horiek banandu,espezializazioaren indarrez», esan du Nekane Balluerka EHUko errektoreak. Jakintzaren arloak izugarri bereiztu dira, bakoitza eremu bakartu bihurtu arte. «Hori ez da inoiz egoera desiragarria izan». Balluerkaren arabera, gaur alderantzizko bidetik ari da egiten zientzia. «Espezializazioa beharrezkoa da, baina baita ere jakintzaren batasuna ekimenez aldarrikatzea». Batasun hori indartze aldera, gaur arte eztabaidatzen aritu dira kongresuan.
«Gauza argi bat ikasi genuen Zorroagan», esan du Makusok: «Zientziaren zatiketari uko egiten. Zientziak eta letrak, fisika eta filosofia bereizteak ez du zentzu handirik, testuinguru honetan. Pentsamenduaren zatiketa hautsi nahi dugu kongresuarekin». Mekanika kuantikotik zientzialariek egiten duten ahalegina «arretaz jarraitu» behar du pentsalari orok, Makusoren arabera. «Errealitatearen aurrean haurtzaroan genuen harridura berreskuratu nahi badugu, horiei entzun behar diegu, eta ez kaletik datorren zaratari».
Gure espeziearen mugak
Zientzia
Filosofoak bi zaldikoan
Filosofia eta fisika bat ziren, baina banandu egin ziren. Hainbat pentsalarik berriz batu nahi dituzte, eta horretan aritu dira aste honetan Donostian eta Hernanin eginiko Nazioarteko Ontologia Kongresuan, bi Nobel saridun tartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu