Mozilla Firefox nabigatzaile ezagunak bertsio berria dauka, bosgarrena. Mozilla Firefox ezagutzen ez duzuenontzat software librea den eta euskaraz ere dagoen web nabigatzailea da. Sistema eragile ezberdinetan erabil daiteke (Windows, Mac, GNU/Linux...) eta euskarazko bertsioa ere badu. Horretaz gain, sakelako telefonoentzat bertsio berri bat ere atera du orain dela gutxi. Baina, kasu honetan, albistea ez da nabigatzaileak berrikuntza asko dituen bertsio bat atera izana, baizik eta oraindik laugarren bertsioa gertu dagoenean bosgarrena atera izana.
Oraindik laugarren bertsioak ekarritako azkartasuna eta funtzionalitate berrietara ohitzen ari ginenean bertsio berri hau atera da. Berritasunak baditu noski, css animazioentzako euskarria, GNU/Linux-entzako hobekuntzak, HTML5 estandarraren kudeaketa hobetu da, apur bat azkarragoa, gure edukiak gailu ezberdinen artean sinkronizatzeko aukera hobetu da etab. Neurri hauek guztiak interesgarriak badira ere, justifikatzen al dute bertsio zenbaki aldaketa bat?
Badirudi Firefox nabigatzailea Chrome nabigatzaileak eta beste aplikazio batzuen bidea hartu duela. Merkadoteknia puntu bat nabaritzen zaio mugimendu honi. Nolabait Chromek bezala maizago bertsio berriak atera eta hauek izen berriekin publikatzeko politika onartu balu bezala. Orain arte bertsioen arteko zenbaki aldaketa bakarrik bertsio horretako aldaketak garrantzitsuak izaten baziren egiten zen. Salbuespenak salbuespen, zenbaki aldaketak eraldaketa sakona adierazi nahi zuen.
Joko honetan sartzeak bere arriskuak izan ditzake, baldin eta garapena nolabait marka edo berrikuntza etengabeko horren interesen azpian jartzen bada. Merkadoteknia bakarrik ez eta, jendeak berrikuntza etengabeak izateko nahi horrek eragindako mugimendu bat ere bada. Guregan ere badago, beraz, era honetako joerak onartzea edo ez.
Hala ere, Mozilla Firefox osatzen duten komunitate eta enpresek orain arte tresna libre eta indartsu bat egiteko gaitasuna erakutsi dute. Eguneraketak hobeto eta maizago izateak denontzat albiste onak besterik ez dira.
Seguruenik, sarean asko hitz egin den bertsio zenbakitze kontu hau anekdota hutsa izango da, barne filosofia aldatzen ez den bitartean behintzat.
Komunikazioa. Irlen sarea
Firefox 5
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu