Deba eta Zumaia bitarteko flyschei buruzko informazioa jendeari zabaltzeko helburuarekin, bi liburu digital kaleratu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko bost irakaslek, gaztelaniaz. Juan Ignacio Baceta, Xabier Orue-Etxebarria, Estibaliz Apellaniz, Martin Rubio eta Gilen Bernaola doktoreek parte hartu dute bai ikerketa lanetan, baita liburuak idazten ere. Urte asko eman dituzte Zumaiako flyschak ikertzen, eta lortutako jakintzaren laburpen bat egin dute, informazioa denon eskura jartzeko.
Elkarren osagarriak dira bi liburuak; edukia berbera da funtsean, baina antolamendua ezberdina. Finenak (Geodiversidad de la franja litoral Deba-Zumaia. Un paseo geológico virtual), fitxen bidez antolaturik du informazio gehiena. «Argazki batean, kostaldeko 50 puntu kokatu ditugu, eta fitxa bakoitzean puntu horien informazioa ematen dugu». Fitxa horietan irudiak nagusitzen dira, eta baliagarriak dira flyschetan ageri diren elementuak kostaldean fisikoki kokatzeko. Dena den, hasierako orrietan testu bidezko azalpenak ere ematen ditu, irakurlea apur bat kokatzeko.
Liburu lodienak (El flysch del litoral Deba-Zumaia. Una ventana a los secretos de nuestro pasado), berriz, fitxetan ageri den informazioa sakonago azaltzen du, eta testua da nagusi. «Antolamendu klasikoagoa du; informazioa kapituluka dago sailkaturik», azaldu du Apellanizek. Zazpi kapitulutan dago banaturik, eta kapitulu bakoitza hainbat ataletan. Doan eskura daitezke bi liburuak, pdf formatuan, EHUren webgunean.
Liburuen helburua ez da aurkikuntza bat egitea, didaktikoa izatea baizik. «Konplexua izan daitekeen informazioa jendeari nola helarazi. Horixe izan da gure kezka nagusia», azaldu du Bacetak. «Lehen hezkuntzako ikasleentzat nahiz naturan interesa duen edonorentzat gure lana baliagarria izatea nahi dugu». Horregatik, nahiz eta hizkuntza zientifikoa erabili, liburuak edonork ulertzeko moduan idazten saiatu dira. Arlo bisualari ere garrantzi handia eman diote bi liburuetan. Hala, informazioa ahalik eta era grafikoenean irudikatu dute.
Urteetako ikerketei esker jasotako jakintza agertu nahi izan dute liburuetan, ikuspegi zabala erabiliz eta laburpen bat eginez. «Gure aurrekoek egindako lanaren gainean ekoitzi dugu guk gurea, eta espero dugu guk egin duguna hobetuko dutela hemendik urte batzuetara», adierazi du Apellanizek. Izan ere, hemengo nahiz nazioarteko ikerlariak aspaldi hasi ziren Zumaiako flyschak ikertzen, eta aspaldi jabetuak dira zer balio geologiko duten. Kaleko jendearen artean, ordea, Zumaiako flyschen balio geologikoa ezezaguna zen duela gutxi arte.
Euskal Herriko ikerlariek eman zuten nazioartean Zumaiako flyschen berri, eta XX. menderako hasi ziren batzuk etortzen. Dietrich Herm eta Alex von Hillebrandt alemaniarrak dira, beharbada, esanguratsuenak. «Alpeetan bertan ere badaude flyschak; beraz, Alemaniako ikerlariak Zumaiara etortzeak esan nahi du zerbait interesgarria dagoela hemen», adierazi du Orue-Etxebarriak. Hainbat arrazoi daude Zumaiako flyschak nazioarteko ikerlarientzat interesgarriak izateko. Batetik, itsasoaren ondorioz, agerian daude arrokak, eta erraz jaso daiteke informazioa. Bestetik, oso ondo daude, eta bost kilometroko luzeran ia hutsunerik gabe jaso daiteke informazioa.
Ikerlariek bazuten horren berri, baina Zumaiako flyschak 2006az geroztik egin dira ezagunak jendearen artean. Urte horretan bertan, nazioarteko kongresu bat antolatu zuten Bilbon, eta mundu osoko ehundik gora zientzialari etorri ziren. «Irteera batzuk antolatu genituen inguru geologikoa ikusteko, eta txunditurik geratu ziren», azaldu du Orue-Etxebarriak. «Orduan hasi zen Zumaia oihartzuna izaten». Eta orduan erabaki zuten jendeari zabaldu behar zitzaiola informazioa.
Denetariko informazioa ematen dute flyschek munduaren historiari buruz. Geologoek zehazki jakin dezakete arroka geruza bakoitza zein garaitakoa den, eta zenbat denbora behar izan zuen sortzeko. Hala, geruza hori aztertua, historiako garai hura nolakoa izan zen jakin dezakete. Garai bakoitzeko egoera klimatikoaren berri izan dezakete, esaterako, arroketan aurkitzen dituzten fosilen arabera. Izan ere, garai zehatz batean zein bizidun bizi ziren jakin daiteke modu horretan.
Flyschei esker jakin zen, adibidez, orain dela milioika urte Lurrera meteorito bat erori zela eta bizidun gehienak desagertu zirela. Geruza batean iridio kantitate handiak aurkitu zituztelako jakin zuten hori, eta oihartzun handiko aurkikuntza izan zen. Zumaiako flyschetan ere ikus daiteke iridio geruza. Dena den, Orue-Etxebarriaren esanetan, flyschak dituen hainbeste alor interesgarrietatik bat baino ez da iridio geruzarena. «Hori bezain interesgarriak diren gauza asko eta asko aurkitu daitezke flyschetan», eta hori ispilatu nahi izan dute liburuetan, zientziaren mundua jendearengana hurbiltzeko.
Ezarian. Geologia
Flyschen mundua, gertuago
Euskal Herriko Unibertsitateko bost doktorek Deba eta Zumaia bitarteko flyschei buruzko bi liburu digital argitaratu dituzte. Modu errazean erakutsi nahi dizkiete flyschen inguruko sekretuak irakurleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu