Folka eta dantza Hernanin

'Infernuko hauspoa' ikuskizuna eskainiko dute Oinkari eta Korrontzi taldeek gaur, Hernanin

Korrontzik eta Oinkarik Infernuko hauspoa eskainiko dute. JUAN CARLOS RUIZ/ARP.
Erredakzioa
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Musika eta dantza uztartzen ditu Oinkari eta Korrontzi taldeek elkarlanean egindako lanak:Oinkarik dantza dakar; Korrontzik, berriz, folk musika. Infernuko hauspoa da, eta trikitiaren doinuek bat egingo dute euskal dantza tradizionalekin oholtza gainean. Baina ez hori bakarrik. Gauza berriak probatzeko asmoz, tradizionaletik garaikiderantz salto egin dute bi taldeek. Gaur Hernanin (Gipuzkoa) eskainiko dute emanaldia, Dantzari festaren barruan; 20:00etan ikusi ahal izango da, Biteri kultur etxean.

Infernuko hauspoa deitzen zioten apaizek garai batean trikitiari. Haien ustez, trikitiaren doinuek bikoteka dantzatzera bultzatzen zituzten plazan biltzen zirenak. Eta hori ez zuten gustuko. Baina Oinkari dantza taldekoak bakarka, bikoteka eta taldeka igotzen dira agertokira. Trikitiaren erritmoek ez ezik, beste hainbat musika tresnak ere jartzen diete konpasa: baxuak, gitarrak, bateriak, txistuak eta albokak, esaterako.

Villabonako (Gipuzkoa) dantza taldea da Oinkari. 2003an ekin zion euskal dantzei koreografia garaikidearen ukituak emateari, eta 40 dantzarik parte hartuko dute gaur emanaldian. Korrontzi taldea, berriz, Bizkaitik dator; 2004an sortu zen, eta Infernuko hauspoa da taldeak kaleratu duen hirugarren diskoa.

'INFERNUKO HAUSPOA'

Non. Hernanin (Gipuzkoa), Biteri kultur etxean.

Noiz. Gaur, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.