Forajidok ez ditu kanpotarrak maite

Zezen plazan sartu aurretik, Victoriano del Rio ganadutegiko zezenetako batek 58 urteko herbeheretar bat adarkatu du. Orain arteko entzierrorik azkarrena izan da

Forajidok ez ditu kanpotarrak maite.
joxerra senar
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Victoriano del Rio ganadutegiko zezen beltzetako bati Forajido izena jarri zion abeltzainak. Izenak westernetan gaiztoarena egiten duten zaldunen oihartzuna dakar berekin. Nafarroako herri askotan kanpotarrei forajido ez, baina forastero deitzen diete gazteleraz. Atzo, Forajido zezenak erakutsi zuen kanpotarrak ez dituela gustuko. Plazara sartu aurretik, herbeheretar bat eraman zuen aurrean, eta izterrean adarkatu. 58 urteko gizona onik atera zen, eta, bere zorigaitzean zortea izan zuen, medikuen arabera, oinetara odola garraiatzen duen arteria, arteria femoral nagusia hartu baitzion ia zezenak.

Aurreko entzierroen patroiari jarraitu zuten Victoriano del Rioren zezenek, baina are azkarrago egin zuten bidea. Hegan egin zuten. Aurtengo marka hautsi zuten, bi minutu eta hamazazpi segundo behar izan baitzituzten.

Emozioa galdu da

Guadalix de la Sierrako (Madril, Espainia) euren etxaldean korrika egitera ohiturik, zezenek aurrera jotzen dute, eta Forajidorena istripu bat izan zen kasik. Aurrez aurre izan ezean zezenek ez baitute keinu mehatxagarririk egiten. Udalak irrist ez egiteko likidoa botatzen du festak hasi aurretik, eta, zezenak askoz gutxiagotan erortzen direnez, murriztu egiten da adardun bat bakarrik geratzeko aukera. Ondorioz, entzierroetan ezbeharrak izateko probabilitatea nabarmen jaisten da. Azken urteetako joera da. Iruñeko Udala pozik, ganadutegia pozik eta zezenketak antolatu ohi dituen Erruki Etxea pozik. Alta, aspalditik esaten ari dira lasterketak emozioa galdu duela.

Emozioa izan zein ez, atzo Victoriano del Rioko sei zezenek bildurik egin zuten San Domingon gora. Aurretik bi joaldun joan ziren bidea eginez, eta, aldaparen erdialdera, zezen beltz bat batu zitzaien. Bazterretara begiratzen bazuten ere, zezenek ez zuten harantz jo.

Alta, Udaletxe plazan, aurretik zihoan zezenetako batek, erditik jo beharrean, eskuinerantz egin zuen, bazter horretan zirenen harrigarri. Ziurrenik, haiek bai, sentituko zuten emozioa. Horrek erakutsi zuen, beste behin, entzierro oro desberdina dela eta inork ezin duela aurreikusi zezenen portaera. Zezen horrek ez zuen burukadarik jo, baina aurrean eraman zituen bi gazte. Entzierroko tarte arriskutsuetako bat izan zen hura.

Estafetan, lau zezen bildurik joan ziren aurrerantz. Aurreko egunetan ez bezala, zezenak ez ziren hain sakabanatuta joan, baina korrikalariek aukera izan zuten zezenen aurrean laster egiteko.

Jarrera arriskutsuak

Aurten, zezenek aurrerantz egin dute une oro, eta ez da zezen solterik izan. Jarrera zintzoa izan dute, gainera. Arriskutsuagoak izan dira lasterkarien jokabide batzuk. Garai batean esaten zen masifikazioak hilko zuela entzierroa. Egun, ematen du joera bestelakoa dela. Eta badu bere ironia. Nork esango zuenduela urte batzuk zezen bat zer den ez dakien atzerritar ezjakin bat baino arriskutsuagoak izango zirela entzierroetako aditu asko. Irudiaren eta indibidualizazioaren garaiotan, kamiseta berezituarekin, alboan denari erreparatu gabe eta hari bultzaka ibiltzen diren horiek eragiten dute maiz arriskua. Ez denek, batzuek baizik.

Entzierroak baditu bere arauak, eta horien artean dago hauxe: oso behartua izan ezean, ez da zezena ukitu behar. Alta, lasterketa orotan ikusten da etengabe urratzen dela araua, eta zenbaitek adarretatik edo buztanetik —zezen baten erasoa eragozten saiatzeko izan ezean— heltzen diotela. Egunotan, baina, arau hauste guztiok ez dute ondoriorik izan. Jarrera oldarkorra izan aurretik, zezenek nahiago izaten dutelako aurrera jo eta handik behingoz atera.

Atzo, Telefonicako bihurgunean izan zen beste une arriskutsu bat. Zezen bat han zirenen albotik iragan zen, baina, adarrak oso gertu izanagatik, ez zituen jo. Zorte okerragoa izan zuen Curaçao Karibeko uharteko herbeheretarrak. Forajidok aurrean eraman zuen.

Zezen plazara ailegatuta, joaldunen laguntzaz, zezenek aterantz jo zuten zuzenean. Gurutze Gorriak 32 lagun artatu zituen, guztira, atzo. Orain arteko lasterketarik azkarrena egin zuten, eta gaurko Miuraren entzierroa baino ez da geratzen. Garai batean, entzierro lasaiak izan ohi ziren Miurako zezenenak, baina, urte batzuez triskantzak eragin ostean, lasai ospe hori desagertu da.

Eguneko entzierroa amaituta, sei bigantxa askatzen dituzte egunero, eta haietako batek parte hartzaile bat kolpatu zuen begian, eta ikusmena partez galtzeko arriskuan dago. Beste bati sudurra hautsi zion bigantxetako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.