Heldu da Twitterren azken berrikuntza: erabiltzaileek egindako eskakizunen ondoren, azkenean formatu bertikalean ateratako argazkiak osorik ikusteko aukera izango da, irudiaren gainean klik egiteko beharrik gabe. Orain arte, argazki bat igotzean, aplikazioak berak moztu eta erdiratzen zuen irudia, algoritmoak erabiliz.
Finally, Full-sized Vertical Photos on Twitter.
— Joaquim Campa (@JoaquimCampa) May 6, 2021
Barcelona. Inception-style photo. pic.twitter.com/LlXDxtPoya
Izan ere, irudiek leku gehiegi hartzea izan da aplikazioaren sortzaileen kezka orain arte. Argazkiak bertikalean ikusteko aukera aktibatuz gero, scroll gehiago egin beharko lukete erabiltzaileek. Hala ere, azken urteetan sare sozialak sakelakoetan daukan erabilerak etengabe gora egin duenez, arazo hau gutxitzen joan da.
Algoritmoa eta polemikak
Twitterrek irudiak egokitzeko sortutako algoritmoa, ordea, eztabaida iturri izan da maiz. Duela hilabete batzuk, esaterako, aplikazioak erabiltzen zuen kode hori arrazista zela salatu zuten erabiltzaile batzuek. Amerikako Estatu Batuetan sortu zen eztabaida, erabiltzaile batek Barack Obama eta Mitch McConnellen argazki bat igo zuenean. Bertan, bien irudiak atzealde zuri batean ageri ziren, tarte zuri batez banandurik. Twitterren algoritmoak azal zuria daukan McConnellen argazkia eramaten zuen erdira beti. Zenbait erabiltzailek argazki ezberdinekin probak egin ondoren, ondorioztatu zuten pertsona zuri bat eta beltz bat zegoen argazkietan, zuriari ematen zitzaiola lehentasuna kasu guztietan. Algoritmoa gehienbat pertsona zurien argazkiekin entrenatu zelako gertatzen zen hori.
Eztabaida haren harira, Twitterrek bere argazkietan aldaketak egingo zituela iragarri zuen, eta martxoan iritsi ziren agindutako moldaketa horietako batzuk: irudiak osorik ikusteko aukera zabaldu zuen aplikazioak, argazkiaren gainean klik egin beharrik gabe. Hori bai, argazki bakarra igota funtzionatzen zuten egokitzapen berriek, eta beti formatu horizontala zeukaten irudiekin. Orain, ordea, formatu bertikaleko argazkiak ere osorik ikustea ahalbidetzen dute azken aldaketek.
Askotariko aldaketak
Hala ere, argazkiena ez da aldaketa bakarra. Bestelako moldaketak ere egin ditu Twitterrek azken egunotan: bidaltzekotan dauden txioetan eduki iraintzailerik edo mingarririk badago, ohartarazpen bat bidaliko die aplikazioak erabiltzaileei, mezu hori bidaltzeaz ziur ote dauden galdetzeko. Jakinarazpen soil bat da, eta ez du inolako zigorrik ekartzen. Hala ere, Twitterrek jakinarazi du erabiltzaileen %34ak mezua berrikusi zuela abisua heldu zitzaionean, eta kasu batzuetan bidalketarik ez egitea erabaki zuten zenbait erabiltzailek. Horrez gain, enpresak azaldu du mezua jaso ondoren, %11 gutxitu direla erantzun iraingarriak.
Bestelako aldaketak ere nabaritu izan dira Twitterren azken hilabeteotan. Besteak beste, Super Follow aukera ahalbidetu zuen sare sozialak duela gutxi. Berrikuntza horrekin, kontu baterako harpidetza egin ahalko dute jarraitzaileek, hilean ia bost euroren truke, eta, horren bidez, kontuaren jabeak argitaratzen dituen mezu esklusiboak ikusi.