Atzo zure Athleticek berdindu egin zuen, ezta? Bai, zure Bartzelonak bezala.
Cuatro katean izan zen atzo, eguerdiko albistegian. Hitz horiekin pasatu ziren kiroletako atalera. Bi aurkezle nagusiek asteazkeneko partidari buruzko txistea egin, eta kiroletako aurkezleak hartu zuen lekukoa. Natural egin zuten. Baina naturaltasunak naturaltasun, niri zalantza eragiten dit azken urteetan kiroletako—futbolekoa ez esatearren— tarteak hartu duen norabideak. Aipatu katea, gainera, adibiderik onena da nire ezbaia azaltzeko.
Arina, azalekoa, komikoa bihurtu da albistegien amaiera kasu askotan. Kazetaritzaren oinarri serioak alboratu eta ikuskizun soila du goiburu. Espekulazioan oinarritzen da. Askotariko efektuekin lagunduta, albisteak eta txutxumutxuak jakinarazten dituzte, berezko ala bortxatuak.
Albistegietako platoan egon arren, ez dute albistegi ukitua. Gehiago dute umore saiotik, show-aren funtsetik. Hain da begien bistakoa, batzuk albistegietatik apartatu dituzte. Ohiko albistegia agurtu eta kiroletara jotzen dute, garai batean eguraldiarekin egin zuten bezala. Ez dakit arrazoia zein den. Hala ere, albistegien zurruntasunari dagokion batasuna eten badute, ez da arinkeriak eragina izango. Badirudi, molde horretan, zilegitasun gehiago dutela sentsazionalismora hurbiltzeko.
Cuatro katean, adibidez, ikur bihurtu dute kiroletako erredakzioa. Posible diren baliabide guztiak jarri dizkiete eskura. Inork baino minutu gehiago dute haien saioa egiteko. Jarraitzaileak ere erakarri dituzte. Aurkezleak—umorista ere badirenak— famatu bihurtu dira. Haien formula propioa ere aurkitu dute: egunerokoaren gainbegiratua, erreportaje morbodunak, lekuz kanpoko adierazpenak, behin eta berriz errepikatzen diren irudiak... Nahi duten beste poztasun izango dute, bejondaiela. Baina hori ez da kazetaritza, tamalez.
Eta horrek sortzen dit, hain zuzen, zalantza. Ez oso aspaldi, kiroletan ohiko muga zurrunak haustea mesedegarria zela esaten zidan lagun kazetari batek. Tarte horrek baduela dibertimendua eskaintzeko aukera. Hitz-jokoak, irudiak, metaforak zein gogora ekar daitezken baliabide guztiek mesede egiten diotela. Klasikoegia nintzela. Formalegia. Arrazoia eman nion. Atzo arte. Albistegia, albistegi nahi dudalako, futbolaz ala eguraldiaz ari badira ere.
Ekografiak. Jokin Labaien
Formula berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu