Gasteizko jaiak

Aizkolariak eguerdian eta musika gauean

Foru plaza derrigor joan beharreko txokoa da jaiak egunez zein gauez bizi dituztenentzat. Eguerdian, ikusmin handia bereganatu dute Arabako Herri Kirolen Federazioko aizkolariek, harri jasotzaileek eta ingude altxatzaileek. Gauean, musika da nagusi.

Harri jasotzaileen erakustaldia, gaur, Gasteizko Foru plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Harri jasotzaileen erakustaldia, gaur, Gasteizko Foru plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko abuztuaren 5a
16:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gauean, Isabel Aaiun, Rozalen, Mago de Oz eta Zea Mays; eguerdian, aizkolariak, trontzalariak, harri jasotzaileak eta ingude jasotzaileak. Kontraste handiko gunea da Foru plaza Gasteizko jaietan: eguzkia joaten denean, dezibelek gora egiten dute, eta jendetza biltzen da kontzertu handiak ikusteko; goizean eta eguerdian, berriz, tradizioari egiten zaio tokia, eta herri kirolek, pilota partidek eta bolo txapelketek bereganatzen dute ikusmina.

Gasteizko jaiak. Foru plaza

Andre Maria Zuriaren jaietako egun handian, ohikoa da goizean goizetik Foru plaza lepo ikustea. Txaloak entzun daitezke bertara gerturatu ahala: plazako frontoitik heltzen dira; Andre Maria Zuriko pala txapelketako finala jokatzen ari dira. Uztailaren 22an hasi ziren lehen partidak, eta lehen egunetik bertatik aparta izan da harrera. Finala horren erakusgarri izan da. Nagore Martin eta Irati Ruiz de Azua aritu dira lehian, eta Martinek irabazi du; alde handiz irabazi ere (10-5 eta 10-3).

Frontoitik metro eskasera, herri kirolak noiz hasiko zain daude ehunka gasteiztar. Arabako Herri Kirolen Federazioak jaietan antolatzen dituen emanaldiek arrakasta handia izaten dute urtero. «Gasteizko jaietako egitarauan funtsezkoak dira herri kirolak», Iñigo Grazianteparaluzeta Arabako Herri Kirolen Federazioko presidenteak azaldu duenez. 

Egunero hainbat kirol eskaintzen ditu Arabako Herri Kirolen Federazioak Foru plazan: lehen egunerako, harri jasotzaile, aizkolari eta ingude jasotzaileen binakako txapelketak antolatu ditu. Andre Maria Zuriaren txapelketaren lehen kanporaketa da, eta binaka aritu dira hainbat kirolari. Jaietako azken egunerako utzi dituzte zaldi eta idi probak. 

Arrakasta handia

Hamabiak dira, eta ia beteta daude plazako harmailak. Aizkorak zorroztuta, hasi dira Jokin Arrieta eta Kimetz Alzola enborrak mozten, nor baino nor gehiago. «Zeinen gogor jotzen duten enborra!», esan dio neskatxo batek amari begiak zabal-zabalik dituela. «Ateraidazu argazki bat aizkolariekin», beste mutiko batek osabari. Mikel Ruiz adi-adi ari da ikusten erakustaldia; lana dela-eta, hamar urte eman ditu herri kirolak ikusi gabe, eta plazara bueltatzeko irrikaz zegoen: «Txikitan gurasoek ekartzen ninduten, eta harrezkero maite dut hona etortzea».

Herri kirolak-Gasteizko jaiak
Aizkolariak, gaur, Foru plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gero eta jende gehiago batu da herri kirolak ikustera, eta ozen entzuten dira animo oihuak eta txaloak plazan. Sara Jimenez de Aberasturi eta Eider Garcia de Durana harri jasotzaileen txanda da. 63 kiloko harri zilindrikoa altxatu dute, txandaka: hiru minutuan 37 aldiz jaso dute. Publikoak txalo zaparrada batekin zoriondu du bikotea.

Gasteizko jaietan Foru plazan sortzen den giroa «berezia» dela aitortu du Grazianteparaluzetak. Herri kirolek arrakasta handia izaten dute, eta pilota partidekin eta bolo txapelketekin egunero beteta egoten da. Gauean, berriz, kontzertuekin beste jite bat hartzen du plazak, eta horrek ematen dio xarma espazioari, haren ustez: «Plaza hau jaietako gune beroa da, dudarik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.