'Forum Radio Euskadi' saio berezia zuzenean emango dute gaur ETB2 katean

Juan Jose Ibarretxe elkarrizketatuko dute, eta gonbidatu ugari izango dira eztabaidan (08:30-13:00)

Erredakzioa
2006ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Bake prozesua ardatz izan duen Forum-Radio Euskadi ekimenari jarraipena emateko, Radio Euskadik irratsaio berezia egingo du gaur, 08:30etik 13:00etara. K-2000 ekoiztetxeko platoan egingo dute saioa, eta, irrati bidez entzuteaz gain, ETB2 katean emango dute zuzenean. ETB Sat eta Canal Vasco kateetan ere ikusi ahal izango da, baita www.eitb.com webgunean ere.

Zer espero dugu euskaldunok bake prozesutik? galdera izan du abiapuntu Radio Euskadiren Forumaren hirugarren ekinaldiak, eta EITBko hainbat saiotan jaso dituzte herritarren iritziak.

Gaurko saioan, Xabier Lapitz Boulevard saioko esatariak eta Mikel Reparaz Radio Euskadiko albistegi buruak Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxe elkarrizketatuko dute (08:30). Horrez gain, Jose Saramago Nobel sariduna eta gatazketan bitartekari lana egin duten Matteo Zuppi eta Joanna Weschler gonbidatuko dituzte. Eztabaidan, era berean, honako solaskide hauek parte hartuko dute: Pablo Muñoz, Joxe Felix Azurmendi, Xose Luis Barreiro, Vicent Villatoro, Juanjo Alvarez, Tere Saez, Jon Maia eta Kirmen Uribe. Unitate ibiltaria, bestetik, kalera joango da, herritarren iritzia ezagutzera; Ander Iribar kazetaria Eibar eta Durangoko kaleetan ibiliko da, bake prozesuaren gaineko iritziak biltzen.

LEKUKOTASUN UGARI. Forum Radio Euskadik gai ugari ukitu ditu egunotan: alderdien mahaiaren etorkizuna, biktimen rola, espetxe politika, Parot doktrina, botere judizialaren garrantzia... Horrenbestez, gai horiekin harreman zuzena duten hainbat pertsonaren hitzak bilduko dituzte: Mari Jose Agirre ETAk hildako Txema Agirre ertzainaren arreba, Roberto Manrique Kataluniako Biktimen Elkarteko presidentea, Joaquin Vidal Andaluziako Biktimen Elkarteko presidentea, Jone Artola Joseba Artola presoaren arreba, Jose Ramon Aranguren Asier Aranguren presoaren aita eta Ainara Calvo preso ohia.

Zenbait zinema zuzendari ere bilduko dituzte egoera politikoaz hitz egiteko: Begoña Atin, Helena Taberna, Lluis Arkarazo eta Angel Amigo. Amaitzeko, Gizakerrek egindako inkestaren datuak aztertuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.