Komunikazioa. Ekografiak

Francis Franco

Aritz Galarraga.
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ez zuen sekula heriotza zigorrik sinatu. Indultuak sinatzen zituen. Ez zien sekula euskara, katalana, galegoa, gaztelania ez besteko hizkuntzei jazarri. Hizkuntza aberastasunean sinesten zuen. Pentsa, Azor yatean dozena bat arrantzale euskaldun zituen, Ondarroa, Lekeitiokoak. Euskaraz egiten uzten zien. Gaztelania ez besteko hizkuntzen aldeko lege dekretu bat sortu zuen 1975ean. Kontzientzia ekologiko handia zuen. Ur eskasiak kezkatzen zuen, hortik urtegiena. Disidentzia onartzen zuen. Moderatua izan zen.

Bai, badakit, ez daukat barkamenik, ia-ia pasa egin zait: Francisco Franco Martinez de Bordiu izan dugu telebistan, Francis Franco gisa ezagunagoa. Francisco handi haren bilobisimoa. Zorioneko behar genuke, ez da sarri ateratzen pantailan, aitona hil ondorengo hirugarren agerpena dela zehaztu digu (aitona hil aurretik baten bat egin ote zuen zehaztu gabe). Eta, bai, goikoak eta gehiago utzi dizkigu harribitxi, goikoak eta gehiago sartu nahi izan dizkigu auskalo zein zulotatik. Azkenerako esan du: aitonaren figura lehengoratzea da asmoa, gaizkiaren haragiztatzea den pertsonaia imajinario bilakatu baitute sozialistek.

Francisen esanak beren lekuan jartzea, gertaerak modu egokiago batean interpretatzea, ezeztatzea, ez genuke lan zaila. Bai, ordea, nekagarria. Dena den, ez ote dute, halako adierazpenen aurrean, egileak adina ardura telebistek? Franco abizenak saltzen duela, amigo! Francisek berak esan zigun, liburu bat aurkeztu baitzuen: beste izenburu bat nahi zuela, editoreak sartu ziola Franco: La naturaleza de Franco. Cuando mi abuelo era persona. Pertsona ere izan omen zen Franco, beraz. Beti ikasten da zerbait.

Antena3en agertu zen goizean, eta oposizio pittin bat izan zuen. Pittin bat, ez dadila gonbidatua haserretu. Hildakoak, eta bide ertzak, eta abarrekoak atera zituzten bilobak alde egin ondoren, baina seko moztu zuen aurkezleak: hau ez da zine-forum bat. Ez, egia; hau zirina da, goizeko esnetzat saldua. Eta, beste guztiaren gainetik, txintxina, noski. Intereconomian izan zen arratsean, eta alfonbra gorria zeukan prest. Zer nahi duzue aitonari «aurreko estatuburu» tratamendua ematen dioten etxe batean. Egia handi bat utzi zigun azkenerako gure Francisek: mozorroa kentzen ez zaien gezurrak egia bihurtzen direla. Uste dut, baina, ez zela autokritika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.