Telebistako hainbat saiotan gidoilari lanetan aritu da Jose Antonio Perez (Bilbo, 1979). Saio horietan erabili ezin zuen «umore basatia» mimesacojea.com blogera eraman izan du. Blogaren oihartzunari esker, telebistarako proiektu propioak sortzeko aukera izaten ari da azkenaldian.
Gabonetan Escépticos-en probako saioa eman zuten. Izango al dira atal gehiago?
Bai. ETBk hamabi atal gehiago egiteko eskatu digu. Oso pozik gaude. Saioa egitea zaila da eta ikusi beharko dugu noiz egin. Ezin da astero atal bat egin. Egiten ditugunean pasatuko dizkiegu.
Nola sortu da proiektua?
La2 katerako umore saio bat egiten ari nintzela, Luis Alfonso Gamez ezagutu nuen. Eszeptizismo zientifikoan aditua da bera. Ezagutu bezain laster konturatu nintzen berarekin telebistako saio bat egin nahi nuela eszeptizismo zientifikoaz. Baina ez nuen argi zer kateri interesatuko zitzaion. Dosier bat idatzi nuen, La2 katerako pentsatuta. ETBko bilera batean, berriz, proiektua aurkeztu eta baiezkoa jaso nuen.
Kritika onak jaso dituzue, ezta?
Bai, harrera ona izan du. Ikusle gehiago izan ditugu Interneten telebistako emanaldian baino. Hego Euskal Herritik kanpo, sarean asko ikusi da Espainian eta Latinoamerikan. Euskal Herriko komunitate zientifikoan ere harrera ona izan du, eta guri hori asko inporta zitzaigun. Haientzako zientzia saio duin bat nahi genuen.
Hainbat zientzialari parte hartzen ari dira saioan; tartean, Pedro Duque eta Pedro Miguel Etxenike. Zer moduzkoa izaten ari da elkarlan hori?
Luis Alfonso Gamez jarri da guztiekin harremanetan. Gamez ez da bakarrik aurkezlea, aholkulari nagusia da. Orain arte parte hartzea proposatu diegun guztiei baiezkoa eman digute.
Escépticostelebista inteligente gisa defini al dezakegu?
Telebista duina da, behintzat. Gidoilari gisa saio askotan egin dut lan. Nik sortu eta zuzendu behar dudan programa batean lan egin nahi badut, niri sortzen uztea da eskatzen dudan bakarra. Zortea izan dut eta ETB ez da sartu nire lanean.
ETB2ko programazioan leku bat izan dezakeela uste duzu orduan?
Bai. Kontuan hartuta ETB2 nahiko gaizki dabilela, mota honetako esperimentu batekin ez dute ezer galtzeko. Aurrekontu handiko saio batzuk ikusle datu txikiak ari dira lortzen, eta orain egon daiteke aukera gauza berriak probatzeko. Escépticos katearen batez bestekotik gora ibili zen urtarrilaren 1ean, Harry Potter, La Noria eta tankera horretako produktuekin lehian. Hemen badago mota horretako telebistarentzat leku bat. Halakoen alde egin beharko luke ETBk.
Zer iritzi duzu egiten den telebista publikoaren inguruan?
ETBn hanka sartzen ari direla iruditzen zait, programazioan batik bat. Haren datuak oso eskasak dira. TVE, berriz, ongi dabil eta telebista publikoaren aldeko modelo baten alde ari da egiten. Inork ez daki ETB zer egiten ari den eta zer modelo bilatzen duen. Arratsaldeetan egin dutena, adibidez, hutsegite bat da.
La2 katerako Ciudad K egin zenuen. Zer moduz atera zen?
Proiektu arraroa izan da. TVEk askatasun osoa eman zidan. Gustura gelditu ziren, eta baliteke hemendik gutxira haientzat fikziozko beste zerbait egitea. Frikiok leku bat aurkitu dugu telebistan, gauzak egiteko.
Orsai aldizkariko lehen zenbakian artikulu bat idatzi duzu euskal gatazkaz. Nola izan da kontua?
Hernan Casciarik mezu elektroniko bat bidali zidan, artikulu bat eskatuz. Nik uste dut umorezko zerbait espero zuela eta oso testu serioa egin nuen. Aldizkariaren proiektua ederra da. Harrigarria da egun kolorez eta publizitaterik gabe 200 orrialdeko aldizkari bat ateratzea. Laguntzarik ere ez du. Bi potro izan behar dira horrelako aldizkari bat ateratzeko. Zorionez, jendea ondo erantzuten ari da.
Jose A. Perez. Gidoilaria eta ETB2ko 'Escépticos' saioaren zuzendaria
«Frikiok leku bat aurkitu dugu telebistan, gauzak egiteko»
Hilaren 1ean eman zuten 'Escépticos' saioko probako atala. Kritika onak izan ditu, Interneten jende askok ikusi du eta ETBk hamabi atal gehiago egiteko eskatu dio Perezen taldeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu