Fun&Serious Game Festival Bilbao 2011 festibala atzo hasi zen, Bilbon. 2011. urtean Europan egin diren bideo jokorik onenak bilduko ditu; luxu guztiz, gainera. Izan ere, hiriburuko kaleak luxuzko autoekin bete zituzten festibalaren hasiera gizarteratzeko. Bideo jokoen Oscar sari banaketen parekoa baita Fun&Serious jaialdia.
Bilbon estreinakoz egin da festibala. Hori «hasiera besterik ez dadila izan espero dugu», Bernabe Unda Industria Sailburuaren hitzetan. Izan ere, sektore hori Eukal Herriaren garapenean oinarri bat izan daitekeela uste baitu sailburuak. Bideo jokoen sektorea goranzko norabidean doan sektore bat baita, zinemak eta musikak baino diru gehiago ematen duena. Horregatik, sektoreak «euskal gizartean sor dezakeen aberastasunaz» jabetzeko deia egin du Ignacio Otalora DigiPen enpresako zuzendariak.
Gaur amaituko da festibala. Otarolaren hitzetan, «bideo jokoen esparruko euskal eta europar sortzaile garrantzitsuenak ezagutzeko parada izango da». Horiek guztiek aisialdi eta hezkuntza alorrean egingo diren hainbat lehiaketatan parte hartuko dute.
Hezkuntza alorrekoak
Festibala hasi aurreko egunetan joko serio edo hezkuntza alorreko gaiak jorratzen dituzten jokoen garaileen izenak eman zituzten. Horien artean, Playmacer bideo jokoak irabazi du hezkuntza eta osasun alorreko jokorik onenaren saria.
«Joko horrekin artatzen ari garen gaixoengan jarrera, jokabide eta emozio aldaketak lortzea da helburua», Susana Jimenez Bartzelonako Bellvitgeko Unibertsitateko joko patologikoaren unitateko koordinatzailearen hitzetan.
Negozio eta korporazio mailan saritutako jokoa, berriz, Siqur izan da. Bertan, fabriketako laneko segurtasunari buruzko prestakuntza eskaintzen du Virtway Asturiasko enpresak diseinatutako jokoan.
Kultura arloko saria, azkenik, Medieval Dublin: From Vikings to Tudors (Dublin Erdi Aroan: Bikingoetatik Tudorretara) jokoak eskuratu du. Izenburuak dioen bezala, Erdi Aroko Dublin erakusten du Noho enpresak egindako jokoak.
Bideo jokoak hizketagai
Jaialdian, sariketaz gain, hainbat hitzaldi ere eskaini zituzten, eta gaur ere egun guztian hizlari entzutetsu ugari izango dira. Gareth Mills, Jacqueline Cawston, Flavio Escribano, Maurizio Forte eta Daniel Plentickx izango dira Euskaldunan egingo diren hitzaldietan. Besteren artean, bideo jokoak hezkuntzarako tresna gisa ulertzeko hainbat giltza eskainiko dituzte.
Horretaz guztiaz gain, Guggenheim museoan zinema eta bideo jokoen inguruko mahai inguru bat egingo da 19:00etatik aurrera. Bertan, film baten antzera sortzen diren bideo jokoek izandako bilakaera azalduko dute Jaume Balaguero, Fabriciano Bayo, Juan Bas eta Roberto Serrano zinema eta bideo jokoetako zuzendariek.
Fun&Serious bideo jokoen jaialdia, Bilbon lehen aldiz
Europako bideo joko onenak bilduko ditu festibalak; gaur amaituko da, hitzaldi eta sariketa artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu