Udako seriea. Opor ereduak (IV)

Furgonetan? Edonon, edonola eta edonoiz

Esnatzean, txorien kantuak, itsaso zabala aurrean edota basoaren usaina. Furgonetan bidaiatzea ez da mugitzeko modu bat bakarrik: bizimodu bat da, askatasunaren eta malgutasunaren aldeko hautua, erronkaz betea, baina esperientzia aberasgarriz josia.

Furgoneta kanperizatuak Barrikako hondartza ondoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Furgoneta kanperizatuak Barrikako hondartza ondoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
unai etxenausia
2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Eguzkitsu esnatu da eguna. Leihotik ez da hoteleko patio esturik ikusten: basoaren bihotzean zabaltzen den ikuspegi zabala dute parean, goizeko lainoen artean. Ez dute alarmarik entzun: txorien kantuak eta eguzkiaren lehen izpi goxoek esnatu dute bikotea. Eta ez dute inolako presarik. Izan ere, furgonetan bidaiatzea ez da turismoa egiteko edo bidaiatzeko modu bat bakarrik; bizitzeko estilo bat da askorentzat, askatasunaren eta autonomiaren aldeko hautu kontzientea. Etxe gurpildun inprobisatuak dira, bidea etxe bihurtzen dutenak.

Azken urteotan, nabarmen zabaldu da furgoneta edo autokarabana batean bidaiatzeko joera. Pandemiaren ondoren bereziki, gero eta jende gehiagok nahiago ditu leku irekiak, ingurune lasaiak eta antolatzeko aukera malguagoak. Sare sozialek ere zeresan handia eman dute: Instagram eta Youtube bezalako plataformetan, gero eta soslai gehiagok erakusten dute vanlife bizimoduaren egunerokoa, askatasunaren eta naturarekiko loturaren sinbolo bihurtuta.

Jon Balanzategi gaztea da horren adibide. 27 urte ditu, eta duela urte batzuk erabaki zuen furgoneta erostea. Bigarren eskuko bat erosi zuen, eta egokituz eta hobetuz joan da pixkanaka: «Malgutasuna nahi nuen, askatasun horren bila nenbilen. Etxea zurekin daramazu, eta leku ezberdinak ezagutzeko aukera ematen dizu. Horrela bidaiatzea gustatzen zait», azaldu du.

IMG 20250718 WA0001
Balanzategiren furgoneta. JON BALANZATEGI

Baina bidaia furgonetan egitea ez da beti ametsetakoa izaten. Askatasuna handia bada ere, egunerokoan hainbat erronka sortzen dira: ura betetzeko eta husteko tokiak bilatzea, lo egiteko leku seguruak aurkitzea, tenperatura aldaketak jasatea edo, beste barik, toki mugatu batean besterekin egotea.

«Hori ere bidaiaren parte da», dio Aritz Fernandezek. Duela urte batzuk, gurasoen furgoneta hartu, koltxoi bat sartu, eta gurpildun etxe xume bihurtu zuen. Geroztik, furgoneta hobetuz joan da: aldaketak, egokitzapenak eta konponketak eginez. «Beti dago zer hobetua, zer moldatua», eta, hain zuzen, horrexek erakartzen du gehien: «Abentura bera da gustatzen zaidana. Gurpil bat zulatzen bada, zer egin pentsatzea; ura bilatu behar izatea, edo lo egiteko leku aproposa aurkitu nahian ibiltzea… Zailtasunak ere baditu abenturak, baina horrexek du xarma, horixe da benetan bizitzea».

Ondo daki hori Sara Del Campok, umetan kanpinetan hazitakoa baita. Palentzian (Espainia) dago orain, gurasoekin: «Beti bidaiatu izan dut familiarekin kanpinetara, batzuetan kanpadendarekin, eta, beste batzuetan, lagunen furgonetekin». Gaztetan, aitaren furgonetarekin hasi zen; orain, bere kabuz bidaiatzen du gehien.

Haren ustez, furgonetan bidaiatzeak inprobisatzeko ematen duen gaitasuna eta lasaitasuna da gauzarik garrantzitsuenetako bat: «Ez duzu zertan aurrez erabakita eduki non geratuko zaren edo zer egingo duzun. Dena eskura daukazu, eta askatasuna sentitzen duzu unean bertan erabakitzeko».

Gainera, furgonetan bidaiatzea, oro har, beste turismo mota batzuk baino merkeagoa izan daiteke. Hasierako inbertsioa, ordea, ez da txikia: furgoneta bat erostea ez da merkea, eta azken urteotan nabarmen garestitu dira, bai berriak, bai bigarren eskukoak.

IMG 20250722 WA0007
Fernandez bere furgonetan oporretan. ARITZ FERNANDEZ

Dena dela, hirurek dute furgonetan bidaiatzea aukera ekonomiko gisa. «Badira doako lekuak gaua pasatzeko, eta, furgonetan janaria zuk prestatzen duzunez, asko aurreztu daiteke», azaldu du Del Campok. Balanzategik, baina, ñabardura bat gehitu du: «Orokorrean merkeagoa izan daiteke, baina gauza asko norberaren hautuen araberakoak dira. Jatetxeetan jan, erosketak maiz egin edo kanpin garestietan gelditu nahi baduzu, gastuak asko handitzen dira». Zenbat gastatu nahi den, norberaren esku dago.

Legedia eta komunitatea

Furgonetan bidaiatzeak berekin dakar hainbat araudi ezagutzea eta kontuan hartzea, nahiz eta legedia askotan zalantzazkoa edo ezberdina izan. Gaur egun, Euskal Herrian ez dago furgonetan gaua pasatzeko legedi bateraturik, eta Espainiako edo Frantziako araudiaren arabera aldatzen da egoera, herrialdearen kokapen politikoaren arabera. Baina bi araudietan baimenduta dago gaua pasatzea furgoneta behar bezala aparkatuta badago eta kanpoko elementurik ez bada erabiltzen (toldoak, mahaiak, sukaldeak…); hau da, kanpalekurik muntatzen ez bada.

Guztia, ordea, ez dago gobernuen menpe. Udal ordenantzek neurri bereziak ezar ditzakete, batez ere kostaldeko eta eremu babestuetako herrietan. Horren ondorioz, gaua pasatzea mugatua edo debekatua egon daiteke toki batzuetan, zigorrak hirurogei eurotik 1.500 eurora bitartekoak izanik; kasurik larrienetan, handiagoak ere bai. Beraz, furgonetan lo egitea legezkoa bada ere baldintza jakin batzuetan, ezinbestekoa da tokian tokiko araudia kontsultatzea.

Eta gero eta udalerri gehiagok zorroztu dituzte arauak, turisten masifikazioa dela eta. Kostaldeko herrietan eta naturagune babestuetan, adibidez, sarri jartzen dira «lo egitea debekatuta» eta antzeko mezuak. Horrek zaildu egiten du bidaia, eta funtsezkoa da ondo planifikatzea.

Bidaiarien arteko elkartasuna indartzen dute zailtasunek. Modan daude haien arteko elkartasun webguneak, aplikazioak (Park4Night, CamperContact...), eta sareko komunitateak lagungarri dira leku egokiak aurkitzeko, gomendioak eman eta jasotzeko, eta elkarri laguntzeko. Adibidez, Park4Night aplikazioak lelo argigarri hau dauka: «Leku ederrak partekatzea autokarabanetan, furgoneta egokituetan eta furgoi handietan».

Komunitate erraldoi bat dago horren atzean. «Furgonetan bidaiatzen dugunok badugu zerbait elkarrekin. Sarritan komentatzen dugu elkarrekin nondik gatozen, nora goazen... Eta halako harreman espontaneoak sortzen dira bidean, tokian tokiko bizipenak aberasten dituztenak», uste du Del Campok. Eta iritzi bera du Balanzategik: «Izan kanpinean edo izan ondoko aparkalekuan, beti agurtzen dituzu besteak, eta gauzak galdetzen dizkiezu ondoan dituzunei. Polita da hori».

Are gehiago, furgonetan bidaiatzea ez da oporraldi soila askorentzat. Zenbaitek vanlife filosofia bizitzeko estilo bihurtu dute. Batzuentzat, bizimodu iraunkorrago baten bila egindako hautua da, gutxiago kontsumitzeko eta naturarekin harreman gehiago izateko. Besteentzat, berriz, lana eta bidaiak uztartzeko modua da: telelana eta nomadismo digitala bateratzen dituzte. Plataforma askok esperientziak partekatzeko aukera ematen dute: adibidez, Vanlife Magazine-k dioen bezala, Live simply, travel far (Bizi sinpleki, bidaiatu urrun).

Berdin dio zein izan den furgonetan bidaiatzeko motibazioa: abentura, lasaitasuna edo askatasuna bilatzea. Gurpildun etxe bat edukitzea ez da denentzat egokia, eta, Fernandezek dioen moduan, «beti ez da erraza furgonetan mugitzea». Egunerokoan erronkak badaude, baina horrek badu bere xarma: bizimodu sinpleago eta libreago baten bila abiatzeko aukera. «Nork bere ibilbidea diseinatzea, edonon esnatzea, eta erritmo lasaian bizitzea» da Del Campo gehien erakartzen duena.

Azken finean, furgonetan bizitzea bizimodu bat da, abentura eta moldagarritasuna uztartzen dituena, eta gero eta gehiago erakartzen duena, batez ere eguneroko estutasunetatik ihes egin nahi dutenentzat. Ez da lekuz aldatzea soilik. Bidea bera bihurtzen da helburu, esperientzia eta askatasunaren sinonimo. Helmuga zehatzik ez izatea, norberaren erritmora bizitzea… etxea aldean eramatearen magia da. Eta horixe da hirurek behin eta berriz nabarmendu dutena: «Edozer egiteko askatasuna ematen du furgonetan bidaiatzeak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.