Johan Cruyffek Herbehereetako selekzioarekin erabili zuena edo Luis Miguel Arconadaren omenez egindako elastiko retro-ak. Futboleko elastiko retro-ak modan dauden. Euskal Herrian gehien saltzen direnetako bi dira aipatutakoak, etaBartzelonarena ere ez da atzean geratzen.
Bi motatako elastikoak saltzen dira merkatu horretan nagusiki: garai bateko elastikoen erreplikak eta saltzaileek propio diseinatutako berriak. Azken urteetan izugarri areagotu da talde eta jokalari historikoen elastikoak erosteko futbol zaleen desioa, eta eskari horri erantzuteko mota horietako elastikoak saltzen dituzten denda berri ugari zabaldu dira. Donostian, esaterako, El10 RetroFootball eta Tanko dendak sortu dira azken hilabetetan.
Azaroaren 3an jarri zuen martxan Luis Egiak Tanko denda. Bera dendaz arduratzen da, etalehengusuak egiten ditu diseinuak. Donostian denda bat jarri nahi zuen arren, azkenean bakarrik Interneten zabaldu du. Erreplikak egin beharrean, futbolarekin lotura duten elastiko propioak diseinatzen dituzte Tankon: «Konturatu nintzen erreplikak saltzen zituzten denda asko zeudela, baina merkatuan beste mota batzuetakoak saltzeko espazio bat bazegoela iruditzen zitzaidan».
Tanko zabaldu aurretik elastiko retro-ak saltzen zituen denda batean aritu zen lanean Egia. Futbolarekin lotura duten elastikoak sortzeko ideia Kopa enpresa bisitatu zuenean sortu zitzaiola dio Egiak: «Amsterdamen egon nintzen enpresako lantegi nagusia bisitatzen, eta harrituta geratu nintzen».
Arkaitz Del Cañok duela bi hilabete zabaldu zuen Donostiako Arrandegi kalean El 10 RetroFootball denda. Moda dendetan saltzaile aritu ondoren, moda eta futbola uztartzen zituen denda zabaltzea erabaki zuen Del Cañok, eta, orain arte, «jendeari denda gustatzen» zaiola dio. Nagusiki, zapatilak saltzen ditu Del Cañok: «Dena den, osagarri berezi bat behar nuen dendarako, eta futboleko elastiko historikoen erreplikak produktu bikainak dira».
Coolligan enpresa bilbotarrak ekoizten ditu El 10 RetroFootball dendak jasotzen dituen erreplikak. Dena den, Interneteko dendaz aparte denda bakarra dute, Madrilen. Enpresa duela bi urte sortu zutela azaldu duJon Segovia Coolliganeko zuzendari nagusiak: «Zenbait kirolek moda marka propioa dute; esaterako, tenisak, Lacoste. Futbolak oraindik ez dauka marka propiorik, eta guk h merkatua ikusi genuen hor». Enpresak bi urte ditu.
Elastikoen erreplikak egiten hasi bazen ere, Cooliganek beste mota batzuetako arropa ekoitzi nahi du etorkizunean: «Futbolarekin zerikusia duen arropa ekoitzi nahi dugu, baina ez futboleko elastikoen erreplikak zehazki. Futbola erabiliko dugu moda sortzeko inspirazio iturri gisa». Mota horretako lehendabiziko produktua ere kaleratu du Coolliganek dagoeneko: Sheffield United taldean inspiratutako botak egin dituzte.
Tankok, bitartean, bere elastiko propioak sortzen ditu. Kotoizko elastikoak dira nagusiki, nahiz eta badituen futbolean jokatzeko aproposa den ehunarekin egindakoak. Egiak aitortu duenez, Luis Miguel Arconada Realeko atezainaren omenez egindako elastikoa da dendan gehien saltzen dena: «Arconadak erabili zituen elastikoen erreplikak bazeuden merkatuan, baina ez zegoen hari buruzko elastiko bat. Geldiketa bat egiten zuen irudia baliatu dugu diseinua egiteko». Lau zati ditu Tankoren ekoizpen prozesuak: ideia sortu, diseinua egin, irudia elastikoan jarri eta azkenik, elastikoari Tankoren etiketa jarri. Orain arteko prozesu guztia sakabanatuta egin dela dio Egiak: «Elastikoak Zaragozan erosi genituen, eta Malagan jarri genien irudia. Ondoren, hemengo denda batean etiketa jarri genion». Hala ere, aurrerantzean «prozesua guztia»Euskal Herrian egitea da Egiaren ideia.
Iñaki Urbistondok Tanko dendako hiru elastiko dauzka etxean. Gabonetako opariak egiteko ere elastiko bat edo bi erosiko dituela dio: «Anaiari eta lagun bati Arconadaren elastiko erosteko asmoa daukat. Ez dira jokatzeko elastiko, egunero janztekoak dira, eta hori da niri gustatzen zaidana».Talde historikoen erreplikak baino hobeak iruditzen zaizkio Urbistondori dendak propioki sortutako elastikoak: «Jokalarien omenez egiten diren diseinuak gustatzen zaizkit bereziki. Beste denda batzuetan jokalarien argazkiak jartzen dituzte elastikoetan, baina nik nahiago ditut diseinu berriak edo, bestela, propio egindako marrazkiak».
Gailurra jo gabe
Futbolarekin zerikusia duen moda retro-a «pixkanaka» hedatzen hasi zela uste du Segoviak. Coolligan sortu aurretik moda retro horrek merkatua bazuela ean du Segoviak. Azken urteetan, ordea, merkatua zabaldu egin da, eta moda horrekin lan egiten duten ekoizle, saltzaile eta banatzaile geroz eta gehiago sortzen ari dira.
Egiak uste du retro moda hori «ia betidanik» eraman den zer edo zer izan den arren, azken aldian «asko ugaldu» den fenomenoa dela: «Ez dakit moda onen punturik gorenean gauden. Nik ezetz esango nuke, gorago egin dezakeela uste dut». Tankok duen konpetentziari dagokionez, Egia lasai dago, merkatu beraren barnean «ezberdina» den zer edo zer ekoizten ari dela uste duelako. Del Cañoren hitzetan, fenomeno hori «sekulako arrakasta» izaten ari da: «Futbolzaleak garenok beti nahi izaten dugu talde edo jokalari historiko baten elastikoa izatea. Hori da, nire ustez, arrakastaren arrazoi nagusia».
Prezioari dagokionez, erreplika gehienak 40 eta 50 euro artean daude Coolliganeko dendan, eta Tankok sortutako elastikoak, berriz, 25 eta 30 euro artean daude, salbuespenak salbuespen.
Futbolak sortutako moda
Futboleko elastiko 'retro'-en merkatua geroz eta handiagoa da. Talde historikoen elastikoen erreplikak berriz sortu ez ezik, propio diseinatutakoak ere saltzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu