«Emakumeen futbola hazten ari da Palestinan». Honey Thaljiehen hitzak dira (Betleem, Palestina, 1984). Zailtasunak-zailtasun, hark hasitako bidea fruituak ematen ari da, gero eta gehiago baitira Palestinan futbolean jokatzen duten emakumeak. Thaljieh izan zen hango futbol selekzioko bultzatzailea eta kapitaina. Aste honetan Bilbon egindako Thinking Football Festival jaialdian parte hartu du.
30 urte besterik ez duzu, baina emakumeen futbolean aitzindarietako bat izan zara Palestinan. Nolako oroitzen dituzu futbolean jokatzen hasi zinen lehen urteak?
Ez ziren batere errazak izan. Betleemen bizi nintzen, eta auzoko mutilekin jokatzen nuen. Familia aurka nuen, baita auzotarrak ere. Baina nik jokatzen segitzen nuen. Denbora-pasa bat zen hasieran, baina futbolaren bidez nire herrialdearen alde zerbait egiteko aukera ikusi nuen. Hala, unibertsitatean ikasten ari nintzela, lau bat emakume batu ginen, eta selekzioa sortzeko lanean hasi ginen. 2003. urtean izan zen hori. Bi urte geroago, federazioaren baimena lortu genuen, eta liga bat ere sortu genuen. 2009an jokatu genuen lehen partida ofiziala Zisjordaniaren kontra. 14.000 lagun bildu ziren estadioan.
Zein da egoera gaur egun?
Duela hamar urterekin alderatuta, hobea. Emakumeen futbola hazten ari da Palestinan. Orain, lanean ari gara futbola hezkuntza curriculumean sartu, eta neskato gehiagorengana iritsi ahal izateko. Irakasleek, oro har, ongi deritzote asmoari, eta laguntzen ari zaizkigu. Selekziori dagokionez, lau talde ditugu, baita hainbat liga jokatzen dituzten hainbat talde ere. Liga nagusian sei talde lehiatzen dira. Baina aurrerantzean ere gogor egin behar dugu, egoera are hobea izan dadin. Izan ere, oraindik zailtasun kulturalak eta sozialak ditugu futbolean jokatzeko. Horri gure herriko egoera politiko gogorra gehitu behar zaio. Horrek guztiak zaildu egiten du guk partidak jokatzera bidaiatu ahal izatea, edo zelaietara sartzea. Zelaietako asko, gainera, suntsituta daude erasoen ondorioz.
Zuen herrialdeko suntsiketa politiko, sozial eta kultural horretaz ahazteko balio dizue futbolak?
Nik beti esaten dut futbola magikoa dela, eta arazo guztiez ahazten laguntzen dizula, etorkizunari itxaropenez begiratzen; baita, barruan duzun amorrua kanporatzen ere. Gure familiari makina bat aldiz suntsitu zioten etxea soldadu israeldarrek, eta lehengusu bat ere hil zuten. Ez da erraza aurrera egitea. Futbolean aurkitzen dugu gure askatasuna. Ni, palestinarra, arabiarra, kristaua, emakumea eta futbol jokalaria naiz. Alde guztietatik jasan dut zapalkuntza. Baina identitate horietan guztietan saiatu naiz topatzen nire askatasuna.
Futbola hain garrantzitsua izanda, gizonen selekzioak Asiako Kopan parte hartu izana garrantzitsua da, ezta?
Bai, noski. Azken finean, futbola eta identitatea oso lotuta dauden bi gauza dira, eta selekzioak halako txapelketa batean parte hartzeak esan nahi du nazio gisa onartzen gaituztela, gure identitatea, bandera, onartua dela.
Noizko, emakumeen selekzioa Asiako Kopan edo Munduko Txapelketan?
Amets bat izango litzateke, eta espero dugu posible izatea. Sinetsiegin behar dugu horretan. Palestinako bi talde jada ari dira Asian jokatzen den liga batean parte hartzen.
Zuk FIFAn lan egiteak lagundu al dezake horretan?
FIFAk dituen hainbat gizarte proiektutan ari naiz lanean eta, besteak beste, horiei esker Palestinan hainbat zelai eta futbol eskola eraikitzea lortu da. Bide horretan segitunahi dut lanean. Saiatzen ari naiz futbol izarrek Palestinaren alde egin dezaten ere, eragin handia baitute gizartean.
Beste herrialdeetako ligei kasu egiten al diezue?
Erresuma Batukoari, Espainiakoari, Alemaniakoari eta Frantziakoari kasu egiten diet nik. Maiz galdetzen didate ea talde edo jokalari kutunen bat dudan, eta nik beti esaten dutfutbol ona dudala gustuko.
ATZEKOZ AURRERA. Honey Thaljieh. Palestinako emakumeen futbol selekzioko bultzatzailea
«Futbolean aurkitzen dugu gure askatasuna»
Futbola zaletasuna zen Thaljiehentzat, baina egun bere herrialdeari laguntzeko baliatzen du. FIFAren gizarte proiektuetan ari da lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu