Gabonak iristear daude, eta asko hasiak dira egun horietarako beharrezko erosketak prestatzen. Egoera ekonomikoa nabari dutela diote merkatari gehientsuenek, baina, hala ere, jendearen joan-etorria etengabea da merkatu eta dendetan.
Oparietan pentsatzeaz gain, jaiegun horietan senideei platerean zer eskaini pentsatu behar dute askok. Egun bereziak baitira Gabonak, sarri denbora luzez ikusi ez diren senideen topaleku. Horretarako, ordea, edozein jakik ez du sortzen jatordu berezi horiei dagozkien bezainbeste lilurarik. Janaririk eta edaririk hoberenak eskaini ohi dizkiete etxekoek senide eta lagunei.
Aste bi falta dira Gabon gauerako, eta batzuek, dirua aurrezteko aholkuei jaramon egin, eta lehenago egin dituzte elikagaien erosketak. Nahiz eta dendari batzuek azkeneko egunetan prezioak igotzen direla ukatu, ezustekorik ez hartzea erabaki dute eroslerik zuhurrenek.
Goizetik ugaria da jende emaria Donostiako San Martin merkatuan. Poltsak eskuetan eta menua buruan, postutik postura doaz, merkantziaren prezioa eta kalitatea aztertzen.
Mari Carmen Gonzalez arrandegiko ilaran dago. Lasai dabil, ez baitu ezer pentsatu beharrik Gabon gauerako afarirako: senide eta lagunekin ospatuko du gaua, baina ez etxean. «Etxe ondoko jatetxe batera joango gara; horrela, familia bakoitzak berea ordaindu eta inor ez da sukaldean geratuko».
Miren arrandegiko arduradunek krisiaren eragina nabaritu dute. Ez bezero kopuruaren aldetik, nahiko lan izan baitute goizean. Bezero bakoitzak erosten duen kantitatean atzeman dute beherakada. «Gutxiago erosten dute». Azpimarratu dute azken orduan erosi zaleak beti izaten direla, nahiz eta aldez aurretik erosketak egiten dituen gero eta jende gehiago dagoen. Prezioak alda daitezkeela argitu dute arrandegiko langileek, «eskaintzaren eta eskaeraren arabera». Legatza, kokotsak, otarrainkak eta txirlak izan ohi dira gehien eskatutako jakiak.
Iñaki&Jenny harategian prezioak azken egunera arte mantentzen dituztela ziurtatu dute. Bezeroak bi aste lehenago hasi ohi dira eskaerak egiten, saltzaileak azaldu dutenez. Garaiotan gehien saltzen dituzten jakiak arkumea, txerrikumea, azpizuna eta txuletak direla adierazi dute.
Dena dela, aurrez prestaturiko produktuak arrakasta handia dutela diote, hala nola ahate foie grasez betea, txerrikume betea, oilasko gaztaz betea... Hutsean ontziratuta saltzen dituzte jakiok, eta, 20 minutuko bero kolpe bat eman ostean, prest da afaria. «Egokia da sukaldean denbora galdu ez eta afalaurrea familia eta lagunekin igarotzeko».
Plaza giro
Gabonetako menu bila
Merkatuek eta dendek lana erruz dute garaiotan. Gabonetako otordu berezientzako jakiak erosteko ordua iritsi zaie gonbidatzaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu