ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Intxaurrandieta. New age petrikiloa

«Gabonetako zuhaitz bat legez pizten naiz»

Nobela itxurako liburu esoterikoa argitaratu du esku jartzaile donostiarrak. Goierriko lur azpian superzibilizazio bat bizi dela dio.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Eskuak jartzearen bidez sendatzen du», Iñaki Intxaurrandieta Uhartek (Donostia, 1964) bere burua aurkezteko idatzi duen testuaren arabera. Ataun (La Puerta) nobela argitaratu du, bere bigarrena. Horretan, Andres protagonistak «bizitzaren sekretu handia ulertu eta gauzatu egiten du».

Zergatik ematen diezu eleberri itxura zure testuei, liburu esoteriko normalak idatzi beharrean?

Badirelako halako liburu asko, eta oso espezializatuak. Nobela gisa kontatuta, jendeak esaten dit: «Irakurtzeko eta ulertzeko oso erraza da».

Benetako pertsona bat al da zure Andres hori?

Bai. Bezero bat izan zen, pertsona normal bat, energien mundu honetaz ezer ulertzen ez zuena. Belaunetako arazo bat zuen, baina, nirekin izaniko elkarrizketen bidez, eraldaketa espirituala izan zuen. Hori kontatzen dut liburuan. Andres asko daude, edonola ere.

Sendatu zitzaizkion belaunak?

Bai. Orain askotan joaten da hondartzara.

Ez al da klixe bat Ataun (Gipuzkoa) leku mitologiko-mistiko gisa?

Ataun «atea» da. Beste errealitate baterako bidea. Gune magikoa da. Euskal mitologiak zentzu bat du kondairaz harago. Goierri hitzak adierazten digu han zibilizazio garaiago, aurreratuago eta zoragarriago bat bizi dela.

Beterrikoak zer dira orduan, izaki primitiboak?

Planetaz harago joan behar dugu hemen. Ama deitu dudan organismoa Lurra den harri koskor hau baino askoz gehiago da, kontzientzia unibertsal bat da, gure emozio eta pentsamenduekin elikatzen dena.

Baina, Ataunen, non dago zehazki beste dimentsiorako sarbidea?

Ez dut orain zehaztu nahi, kuxkuxeroz bete ez dadin. Baina egon, badago. Intra izeneko lurrazpiko zibilizazio ia ideal baterako bidea da.

Zuk Ama izendatu duzun organismo adimentsu unibertsal horrek Ubik du izena Philip K. Dicken literaturan.

Nik kontatzen dudan guztia nik neuk bizitako gauzak dira, eta ez da literatura. Umetan, argizko izakiekin nenbilen, eta jendearen aura ikusten nuen. Niretzat gauzarik normalena zen hori. Uste nuen guztiek ikusten zituztela. 10 urte bete nituenean, konturatu nintzen hobe nuela horretaz ezer ez esatea, arazoak saihesteko eta xelebrea ez emateko.

Psikoanalistek euskaldunari beti egozten diote amarekin gehiegi identifikatzea. Osasungarria iruditzen zaizu Ama-ren kontu hori?

Ez da kasualitatea herririk zaharrenek Ama kontzeptu horretaz hitz egitea, Mexikoko edo Australiako indigenek, esaterako. Atseginak ez diren gauzak kontatzen ditut: beti pentsatu dugu elikadura katearen gailurrean gaudela, jaun eta jabe. Zer deritzozu esaten badizut horren gainean dagoen beste elikadura piramide baten oinarrian gaudela? Hau da, geu garela jana?

Ez al dira Carlos Castanedaren Don Juan pertsonaiaren hitzak?

Castanedarena beste dimentsio bat da. Bizirik jaten gaituzte: emozioa da gugan bizien dagoena. Sortzen ditugun emozio negatiboak, beldurrak, atxikimenduak eta haserreak nora doaz? Norbaitek zurrupatzen ditu.

Zergatik dituzu puntuak tatuaturik besoetan?

Akupunturako meridianoak direla esaten dut azalpenik eman nahi ez dudanean. Baina zuri esango dizut meditatzen dudanean argitzen direla. Gabonetako zuhaitz bat bezala pizten naiz. Oso jende gutxik daki hau.

Mexikon bizi eta lan eginikoa zara. Antonin Artaud tarahumara indioekin bezala, zu huitxolekin ibili zara. Peiote edo beste onddo haluzinagarriak hartu dituzu haiekin?

Bai. Baina, begira nolakoak diren gauzak: azken aldian, haiek abuelito deitzen duten horietako batek [xamanak] esan zidan ez hartzeko, nik dagoeneko ez dudala behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.