Gaelikoaren alde lasterka

Martxan da Rith lasterketa, gaelikoaren alde Irlandan egiten den lasterketa, Korrikaren antzekoa; hilaren 15ean bukatuko da, Belfasten, 700 kilometro inguru egin ondoren.

Ikasle talde bat, Clondalkineko herritik gaelikoaren alde lasterka egiten. RITH.
2014ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Gaelikoaren alde lasterka dabiltza egunotan Irlandan. Euskal Herrian Korrikan euskara bultzatzeko egiten den moduan, gelditu gabe, eskuz esku elkarri lekukoa pasatzen dabiltza gaelikoaren aldeko lasterkariak Irlandan. 700 kilometro baino gehiago korrika egin ostean, lasterketa Belfasten bukatuko da, hilaren 15ean. Hizkuntza gutxitua izanik, ezinbestekoa zaie lasterketarekin lortzen duen bultzada.

Joan den ostiralean hasi zen Rith lasterketa, gaelikoaren alde Irlandan egiten duten Korrika. Hirugarren Rith lasterketa da aurtengoa. Corkeko Ballyvourney herritik abiatu ziren lehenengo lasterkariak, eta, berrehun herritatik iraganda eta 700 kilometro baino gehiago egin ostean, Ipar Irlandan, Belfasten bukatuko da lasterketa, bost egun barru. Korrikan egin ohi den bezala, eskuz esku pasatuko diote elkarri lekukoa, eta kilometroz kilometro eramanen duten mezu sekretua irakurriko dute hilaren 15eko amaiera festan. «Ostiralean hasi ginen, eta jada bostehun bat lagun aritu dira lasterka», zioen atzo Marcas Mac Ruairi gaelikoaren aldeko lasterketako antolakuntzako bozeramaileak. Dublindik pasatu zen atzo lasterketa, eta gaur Louth eta Meatheko herrietan ibiliko da. «Ongietorri beroa egin digute pasatu garen herrietan, eta parte hartzea handia izaten ari da». Duela bi urteko lasterketan, bostehun taldetako kide ziren 25.000 lagunek parte hartu zuten Rith lasterketako amaierako festan; aurten are jende gehiago biltzea espero dute.

Ziberkilometroak erosteko aukera

Munduan gaelikoa hitz egiteko gauza diren hiztunak ez dira bi milioira iristen. Ingelesarekin batera, gaelikoa Irlandako hizkuntza ofiziala da. Ofizialtasuna 1920. urtearen inguruan lortu zuen, irlandarrek independentzia lortu zutenean. Halere, gaelikoa hizkuntza gutxitua da egun, eta are egoera zailagoan dago Ipar Irlandan. «Unionistak historikoki gure hizkuntzaren aurka aritu dira», kritikatu du Marcas Mar Ruairik.

Irlandako hezkuntza sisteman ikasten da hizkuntza, eta egunkari bat ere argitaratzen da gaelikoz: Lá Nua. Gizartean hizkuntzaren onespena handia bada ere, Rith lasterketaren antolatzaileek uste dute Irlandako Gobernuak lan gehiago egin beharko lukeela gaelikoa bultzatzen. «Laguntzak baditugu, baina ez dira nahikoak hizkuntza sustatzeko ditugun beharrak asetzeko».

Hizkuntzak nozitzen dituen arazoak ikusita, 2010ean, lasterketaren antolatzaileei bururatu zitzaien AEK-k antolatzen duen Korrikaren «senide irlandarra» egitea, eta AEKren laguntza izan zuten lasterketa antolatzeko.

Irlandara gaelikoaren alde lasterka egitera joaterik ez duenak baina laguntzeko prest dagoenak badu aukera: sarearen bidez, kilometroak eros ditzake Rith 2014ren webgunean sartuta: http://www.rith.ie/buy-kilometre. Kilometro bakoitzak 100 euro balio du, eta, oraingoz, 400 kilometro inguru saldu dituzte. «Gure hizkuntza sustatzeko Euskal Herritik jasotzen dugun laguntza eta sostengua ere eskertu nahi dugu».

Rith ez da Korrikaren senide bakarra, Bretainian Ar Redadeg lasterketa egiten baitute. Aurtengoa maiatzaren 24tik 31ra eginen da, Morlaixetik Glomelera, eta bretoiaren aldeko egitasmo horren laugarren aldia izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.