Etxetik urrun nabilen honetan, atzo bizitakoa partekatu nahi dut zuekin. Auto txiki bat alokatu nuen, laguna kopilotu izendatu eta arrut, errepide zahar batetik jo genuen, Topes de Collantesko mendi zoragarrietan gora. Trotrot, autotzarra barakuiluen erritmora, hura zen malda luze eta aldapatsua.
Bihurgune itxi baten bueltan, han non topatzen dudan gazte bat, umetxo bat eskutik helduta, nire bide zaila oztopatzen. Motorra kolpez eten behar izan nuen, harrapatuko nituen bestela. Autoa, zerura doan kohetearen antzera, gorantz begira. Bere etxadira eramatea nahi zuten, gailurrera. Ez zen ba erraza nire auto erdi ustelarentzat. Zamagatik kezkatuta, jaso ala ez jaso, eskuzko frenoa ez zebilela jabetu nintzen. Ai ama, autoa atzera, maldan behera... tira, sar zaitezte azkar! Gazteak, orduan, irribarrez, bi hatz ahoan sartu eta fiui, txistu egin zuen. Amona lodi bat hurbildu zen, zakur zikin bat besotan. Ein, horiek ere gurekin?
Hau ardura, bost lagun eta zakur bat maldan gora, autoa arnasestuka, eta ni gidari. Bat-batean, turiruturi. Falta zena, lanagatik mezuak jasotzeko soilik erabiltzen dudan sakelakoa joka. Imajinatu, autoa hogeira, umea negarrez, zakurra zaunkaka, arkakusoak gure buruetan saltoka, eta besteak jo eta jo. Hura tentsioa!
Zorionez, mendi puntara iritsi ginenean, hantxe askatu nuen, ufa, Kusturicaren film batetik hartua zirudien kuadrilla zaratatsua. A ze bake... turiruturi. Jope. Garrantzitsua zelakoan, hartzea erabaki nuen. «Kaixo, Movist...». Ez dakit ze ADSL mota saldu nahi zidan ahots hari bota nion garrasiaren oihartzuna zuengana iritsiko zen akaso!
Maratila
Gailurrera bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu