Hainbat gaita eredu, gaitero ezagunen danborrak eta gaita jotzaile guztien oinarri izan diren Julian Romano gaitero eta musikari handiaren 300 partitura bilduak dituzte Iruñeko udal gaita taldeko kideek. Nafarroako hiriburuko San Lorentzo kalean duten egoitzan, gaitaren historiaren mugarriak ikas daitezke, Javier Lakunza, Jose Luis Fraile eta Martin Ariztimuño gaitero eta ikertzaileen laguntzaz.
Euskal Herriko beste toki batzuetako gaita soinua gutxietsi gabe, 60ko hamarkadara arte gaita soinua plazaz plaza jotzeko ohitura Lizarrako hiru familiaren esku zegoen, batik bat: monterotarrak, elizagatarrak eta perez de lazarragatarrak. «Urtean 200 egun jotzen zuten han eta hemen. Hiru talde bakarrik zirenez, lan handia zuten». Itzaltzen ari zen mundu horren lekukoa hartu zuten Lakunzak eta Frailek, eta gaita «berraurkitzen» saiatu ziren. «Egokia zer zen eta zer ez esateko ez zegoen inor. Instrumentu berri bat egin ahal izan genuen. Egungo gaita garai batean bildu genituen gaiten bilduma da. Musikariak gara, baina denetarik egin behar izan genuen: gaitak egin, garai hartako azken gaiteroei elkarrizketak egin... Bazihoan mundu bat zen», dio Frailek.
Ordura arteko gaita doitu egin zuten, eta instrumentuaren tinbre gisa Perez de Lazarraga anaiek garatutakoa hautatu zuten. 1974. urtean Iruñeko Udal Gaiteroen Banda eratu zuten, eta, harrezkero, Euskal Herrian hamaika tokitan ibili dira gaita jotzen eta nola jo irakasten. Ibilbide horren lekuko da San Lorentzo kalean duten egoitza. Hainbat garaitako 66 gaita dituzte gordeak, zaharrena 1850 ingurukoa: Errezilgo (Gipuzkoa) Jose Maria Agirretxe gaiteroarena. Garestiena, berriz, Lizarrako gaiteroei «urrearen prezioan» erositakoa. «Gaitarengatik 2.450 pezeta ordaindu genuen1963an», gogoratu du Lakunzak.
Gaitez gain, gaita soinuaren ezinbesteko laguntzaile diren danborrak ere badituzte, tartean Julian Romanorena izandakoa. Hainbat gaiteroren familiei erosi dizkiete, baina instrumentu horiek berreskuratzea zaila izan da. Adibidez, Urrozko (Nafarroa) gaiteroaren danborraren bila joan zirenean, lorontzi gisa erabiltzen zutela ikusi zuten, eta ez zieten saldu nahi izan. Gaitak egiteko tailer txiki bat ere badute, eta urtean hogei bat gaita egiten dituzte enkarguz.
Julian Romanoren partiturak
Bilduman Lizarrako Julian Romano gaitero eta musikagilearen (1831-1899) 300 partitura ere badira faksimile batean bilduak. Romanoren musika gaitero guztien «oinarri» izan dela azpimarratu du Frailek, eta «ezinbestekoa» da gaitaren historian. Romanok polkak, mazurkak, habanerak, txotisak eta abar utzi zituen idatzita. Gaita eta bandarako oso musika ederra konposatu zuen. «Lizarrako gaiteroek jotan, fandangoan eta porrusaldan jarri zuten arreta, bestea ahaztuz», eta hori ere berreskuratzen saiatu dira.
Etorkizunari dagokionez, gaitak beste instrumentu batzuekin «nahastu» behar duela diote, eta haren irakaskuntza esku pribatuetatik publikoetara pasa. Gaita oraindik musika eskoletatik at dago. «Musika eskoletan gaitaren oinarrizko irakaskuntza beharrezkoa da, gure ikasleak beste instrumentu batzuetako ikasleekin harremanetan jar daitezen», adierazi du Frailek.
Gaitaren txokoa
Euskal Herrian gaitak duen historia azaltzen duen hainbat material bildu dute Iruñeko udal gaita bandako kideek; tartean gaitak, danborrak eta Julian Romanoren partiturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu