Judith Prat. Argazkilaria

«Gakoa da normaltasuna ez aldaraztea eta eszena ez manipulatzea»

Kongoko koltan meatzeetako langileei edo Zaragozan zubi azpian bizi diren etorkinei argazkiak ateratzeko, gertatzen zaiena ezagutzeko benetako interesa eta enpatia duela azaltzen die Pratek erretratatuei.

BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zuzenbide ikasketak egin ostean, giza eskubideen alorrean espezializatu zen, eta bidaiek argazkilaritzan hastera eraman zuten Judith Prat (Alborricon, Huesca, Espainia, 1973). Azkeneko urteetan makina bat sari jaso du nazioartean, eta erakusketak jarri ditu Moskun, Montrealen (Quebec) eta beste hiri batzuetan.

Toki batera joan eta argazkiak atera aurretik denbora bat pasatzen duzula esan izan duzu. Nola planteatzen dituzu lanak?

Lan eta erreportaje guztiak ez dira berdinak. Kongon koltan meatzeen lana egin nuenean, hori gertatu zitzaidan. Hasieratik izan zen nire obsesioa meatze horietara iristea. Gatazka armatua dago han, eta iruditzen zitzaidan gatazkaren oinarrietara jo nezakeela meatzeetara iritsita. Hara joan nintzen lehen aldian ez nuen lortu meatzetara iristea; gerran zeuden. Baina, bigarrenean, su-eten bat zegoen, eta baldintza guztiak suertatu ziren hara iristeko. Behin meatzeetan egonda, ezin nintzen ikusezin bihurtu Kongoko bi mila langileren artean. Denbora igaro behar duzu, jendeak ohitu behar du zu han egotera, giroa sortu behar da zurekin gustura egon daitezen, eta haiek berearekin jarrai dezaten. Kasu horretan bezala, sarri denbora pasatu behar duzu nahi dituzun argazkiak atera arte. Gakoa da zuk normaltasuna ez aldaraztea eta inondik inora eszena ez manipulatzea.

Koltan meatzeen lanarekin hainbat sari jaso dituzu. Pozik?

Bai, oso pozik. Kontuan izan behar da koltanak zuzenean lotzen gaituela Mendebaldeko kontsumitzaileak milaka kilometrora gertatzen ari den gatazka batekin. Koltana beharrezkoa da egun erabiltzen ditugun gailu teknologiko gehienetan. Gatazka horrek zuzenean interpelatzen gaitu kontsumitzaile gisa. Herritar gisa ardura dugu jakiteko nondik datozen erabiltzen ditugun gauzak.

Nigerian izan zinen iaz, Boko Haramekoak dauden inguruan. Beldurra pasatu zenuen? Arriskuekin nola jokatzen duzu?

Arriskuak gutxitzen saiatzen naiz. Horretarako egokiena da tokiko herritarrekin lan egitea. Bakarrik bidaiatzen dut beti, eta tokiko herritarrekin egon beharra daukat, haiek ongi dakitelako zer ari den gertatzen. Arriskuez ere haiek ohartarazten naute. Nigerian, ez dira une oro bonbak ikusten. Boko Haram sortu zen eremuan izan nintzen, eta ez zegoen nazioarteko prentsako beste inor. Hangoek esaten zidaten toki bat noiz izan zitekeen arriskutsua.

Dokumental labur bat egin duzu Nigeriako emakumeekin.

Boko Haramek bahitutako hainbat emakume erreskatatu zituztenean, haiek zeuden tokira joan, eta elkarrizketatu egin nituen. Lekukotza horiekin osatu nuen bideoa. Emakumeen aurkako indarkerian jarri nuen fokua. Nire lanetan bideoak istorioen eta argazkien zerbitzura jartzen ditut. Edonola ere, ezin diogu bideo formatuari bizkarra eman.

Argazki on bat egiteko, txar asko atera behar al dira?

Gero eta argazki gutxiago ateratzen ditut. Esperientziarekin, argazkilariok gero eta gutxiago ateratzen ditugu. Zain egoten gara baldintza egokiak eman daitezen argazki on hori ateratzeko.

Freelance izatea merezi al du?

Aspalditik, ekonomikoki ez du merezi. Baina pertsonalki, bai. Fotokazetaritzan aritzea apustu pertsonala da, eta gehiago da pasio bat, arlo ekonomikoan pentsatu gabe. Ogibidea ez dago ondo ordaindua. Baina freelance izanda, askatasuna dut nahi ditudan gaiak aukeratzeko. Tokira joan aurretik, egingo dudan lana eskaintzen diet hedabide batzuei.

Pikara Magazine-rekin kolaboratzen hasi zara, tarte finko batekin. Nolako lanak izango dira?

Siriako errefuxiatuek gertuko herrialdeetan zuten egoerari buruz egin nuen lan bat argitaratu zidan Pikara Magazine-k, gaiak oihartzun handia izan aurretik. Kolaborazio egonkor bat eskatu zidaten, eta adostu dugu Mapas y luciérnagas (Mapak eta ipurtargiak) atala egitea. Erretratu baten bitartez, pertsona baten eta haren testuinguruaren istorioa kontatuko dut. Lehen erretratuaren protagonista emakume gerrillari kurduen ama bat da; elkarte bat sortu dute amek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.