1 Iragan den urtearen balorazioa. Bukatzear dagoen urteak zer eman dizu eta zer kendu?
2 Urte berrien aurreko ilusioa. Urte berria hastean ilusio berezia izaten duzu normalean?
3 Urte berriari egiten zaizkion eskaerak. Zer eskatu nahiko zenioke hastear den urteari?
Jon Izagirre Txirrindularia
1. «2013ak lagun handi bat kendu dit: Rufino Murgia, Euskaltel Euskadiko masajista zena. Hori izan da kendu didan gauzarik garrantzitsuena. Urte bateko esperientzia eman dit 2013ak, egoera onak eta txarrak. Alor profesionalean, Espainiako itzulian lider ikusi dut neure burua, eta hori aurrerapauso handia izan da niretzat. Baina espero ez genuen beste gauza bat ere utzi digu: Euskaltel Euskadi desagertzea».
2. «Ez dut sekula pentsatu urte berriarekin gauza berriak egitea. Uste dut norbere esku dagoela hori. Eskatzea libre bada ere, norberak egin behar du ahalegina. Helburuak edo denboraldiak aldatzean eskatzen dizkiot gauzak neure buruari, eta ez urte berria hasten denean».
3. «Zorte txarrik ez izatea eskatzen diot 2014ari. Lesiorik ez izatea eta osasuntsu jarraitzea. Eta, nola ez, egunero dudan onena eman ahal izatea».
Zelai Nikolas Gure Esku Dago taldeko kidea
1. «Euskal Herriaren egituraketa ereduen inguruan gogoetak egitea ekarri dit 2013ak. Horien ondorioz, Europan euskal estatu bat egotea posible dela ikusi dut. Gainera, tresna egokia izan daiteke euskal herritarron arteko aniztasuna kudeatzeko. Bestetik, 2013. urteak gure aitona Jabi eraman digu, elantxobetar euskalduna, zintzoa eta jatorra».
2. «Euskal Herri librea irudikatzeko gai izateak ilusio berezia piztu dit; gure etorkizuna erabakitzea gure esku dagoela ikusteak, bereziki».
3. «Erabakitzeko eskubidearen alde elkarlanean aritzeko gai garela erakustea eskatzen diot. Ekainaren 8an egingo den Gure EskuBidea giza katean 100.000 euskal herritar baino gehiago ikustea. Alai eta umoretsu, erabakitzeko eskubidearen alde ideologia askotako jendea bilduta ikusi ahal izatea eskatzen diot 2014ri».
Izaskun Landaida Emakundeko lehendakaria
1. «2013. urtea ezuste miragarri batekin hasi zen: berdintasunaren alde lan egiteko proposamenarekin. Emakunden lan egiteak erabat aldatu dit bizimodua. Arlo profesional nahiz pertsonalean, oso aberasgarria izaten ari da. Bestetik, nigan eragin handia izan duten bi emakume kendu dizkit 2013ak: amona eta izekoa».
2. «Denbora azkarregi igarotzen denez, egun bakoitzaz gozatzeko gai izatea. Horrek eskatzen du estimatzen ditudan pertsonei eta inguru hurbilenekoei arreta handiagoa ematea, baita eurengan ilusioa sorraraztea ere».
3. «Egoera zguztietan aurrera jarraitzeko indarra eta ilusioa izatea eskatzen diot 2014ari. Gure gizartean berdintasuna errotuz doala ikustea eta arlo horretan atzerapausorik ez egotea; abortu legearen erreforma bertan behera geratzea. Eta gure herriarentzat, bakea». Aiora Errenteria
Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria
1. «2013ak urtebete kendu dit, baina baita urtebete eman ere. Urtea pasatu arren, bizi izan dut. Disko zoragarri bat kaleratzeko aukera eman dit eta baita grabazio ezin hobea ere. Esperientzia berri eta erabat zirraragarriak izan ditut bukatzear dagoen urte honetan. Amets batzuk egia bihurtu zaizkit».
2. «Oso era positiboan hartzen dut urte berri baten etorrera. Plan asko egiten ditut hori heltzean. Zerrenda oso luzeak egiten ditut egin beharreko eta konpondu beharreko gauzekin. Zerrendan jarritako guztia betetzen saiatzen naiz, baina normalean ez dut lortzen».
3. «2014ari bi gauza eskatzen dizkiot. Alde batetik, pozik bizitzea eta osasuna;?ez soilik niretzat, baita nire senide eta lagun guztientzat ere. Beste alde batetik, urte berrian kontzertu zoragarri asko egin ahal izatea ere eskatzen diot 2014ari».
Eider Alkorta Politologoa
1. «2012 bukaeran jaio bazen ere, 2013ak iloba zoragarri bat eman dit. Ilusio handiarekin itxaron nuen momentu hori, baina nire aurreikuspen guztiak hautsi ditu era positiboan. Kendu didana denbora izan da. Faltan izan arte zein baliagarria den konturatzen ez garen altxorra dela esango nuke».
2. «Ez dit ilusio berezirik sortzen; nahiko apatikoa naiz egun seinalatuekin. Normalean, ez diot neure buruari urte hasieran erronka berezirik jartzen. Aurten badut desafio bat, baina betetzerik izango dudan ziurtasun osoz ez dakidanez, niretzat gordeko dut».
3. «Osasuna eta enplegu duina opa diot neure buruari eta edonori, topikoa bada ere. Eskakizun politikoei dagokienez: egoera sozioekonomikoa hobetzea, Abortuaren Legea bertan behera geratzea eta presoen Euskal Herriratzea, konponduta beharko lukeena».
Andres Urrutia Euskaltzainburua
1. «Pozak eta nekeak eman dizkit 2013ak. Gazi-gozoa gertatu zait, euskara eta euskal kultura, beste behin ere, nik nahi adina ez direlako aurreratu. Ekonomia larritasunaren indarrez, zokondoan utzi ditugu horiek, luxuzko kontuak balira legez. Balio horiek berreskuratzea nahiko nuke».
2. «Egitasmo berriak abiatzeko eta aspaldikoei segida emateko edota bukatzeko ilusioa pizten dit urte hasiera batek. Hitz gutxitan: bizitza aurrera eramateko ilusioa».
3. «Eskatzen dudana baino, zer egiteko prest nagoen nabarmenduko nuke. Adorea eta kemena izanda, badira aurrera atera nahiko nituzkeen egitasmo zehatzak, maila pertsonalean zein gizarte mailan. Ororen gainetik, gure eguneroko kezketatik euskara eta euskal kultura ez aldentzea eskatuko nioke 2014ari. Horiek gabe, zail ikusten dut gure etorkizuna».
Oinatz Bengoetxea Pilotaria
1. «Egia esan, ez dut uste ezer kendu didanik. Eta eman, momentu on asko eman dizkit. Profesionalki nahiko aurrean egon naiz; alde horretatik, oso pozik nago 2013. urte honekin. Arlo pertsonalean, laster mutiko baten aita izan behar dut. Berez, urtarrilean jaioko da umea, baina ez dakigu urteko azken egunotan atera nahiko ote duen. Horrek ilusio berezia sortzen dit».
2. «Urte berria beti gauza berezi bat izaten da eta ilusioarekin hartu behar da; urte ona izango den esperantzarekin».
3. «Profesionalki, minik ez hartzea, pilotan ahal den hobekien jokatzen segitzea eta pilotari onenekin txapelketetan lehiatzea. Hori nahi dut. Arlo pertsonalean, lehen esan dudan moduan aita izango naiz, eta ahal dudan hobekien eraman nahi dut aitatasun hori. Horretaz aparte, nire bizitzaz gozatzen jarraitzea dut helburu».
Alex Txikon Mendizalea
1. «Bizitza esperientziekin zenbatzen dutenetarikoa naiz. Alde horretatik, urte honek esperientzia asko eman dizkit. Kendu, berriz, eskubide asko kendu dizkigu, 70eko eta 80ko hamarkadetan irabazi zena bat-batean galdu baita. Horrez gain, beste gauza garrantzitsu bat galdu dugu: gizartearen erreakzioa, hain zuzen. Oso pasiboak bihurtu gara, edonondik ematen dizkigute kolpeak eta ez gara mugitzen. Aurrera begira min asko emango digu horrek».
2. «Ez. Gabonak ez zaizkit batere gustatzen. Garai hauetan denak irribarretsu ikustea faltsua iruditzen zait. Nahiago dut egunez egun bizi».
3. «Euskal preso guztiak kaleratzea, langabezian dagoen jendeak lan duina izatea eta beren etxeetatik kaleratu dituztenak babesa izatea eskatzen diot 2014ari. Munduko herritarra sentitzen naiz, eta zoriontasuna opa diot mundu guztiari».
Iraia Iturregi Athletic Clubeko jokalaria
1. «Eman, adibidez, Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izateko aukera eman dit. Esan behar dut nire bizitzako esperientziarik politenetarikoa izan dela, jaiak beste era batera ezagutzeko aukera eman didalako. Beste aldean, berriz, futbol txapelketa bat kendu dit, urte guztia lehen postuan izan ostean, azken partidan Bartzelonaren aurka galdu genuelako San Mamesen».
2. «Normalean ez. Lehen horietakoa nintzen , baina gero eta gutxiago sinesten dut gauza horietan. Egia da urtea hastearekin ilusio edo motibazio berriak aurki daitezkeela, baina egunerokotasunean bizi diren horietakoa naiz ni».
3. «Beti esaten da osasuna dela garrantzitsuena. Alor pertsonalean ados nago, eta osasuntsu egoteaz gain, garrantzitsua da lesiorik ez izatea. Partidak irabaztea ala galtzea zure esku dago, baina lesioak izanez gero aukera hori galtzen da».
Pascal Indo Seaskako zuzendaria
1. «2013ak arazo asko eman dizkio Seaskari, eta hautetsiekin eta udalekin genituen hainbat akordio kendu. Arlo pertsonalean, zuzendari gisa lan gutxiago egitea gustatuko litzaidake, nire benetako lanean, ekoizle eta artista gisa, gehiago aritzeko».
2. «Halako kargu bat hartzen da ilusioz beterik badugu burua. Ilusiorik ez banu, berehala utziko nuke kargua. Urte hastapenean erabaki asko hartzen dira, eta uste dut ez direla hartu behar hartzeko, betetzeko baizik. Seaskak betetzen du erraten duen guztia».
3. «Egia esan, dena errazago izatea ongi egongo litzateke, baina, azken finean, 2013ak gauza asko eman digu, horien artean, Seaskako familia handitu izana. Askatu gara barnetik, eta hori ongi dago. 2014an Eusko Jaurlaritzatik laguntzaren bat jasoko bagenu, hobe, zentzu horretan, zinez, nahiko gaizki gaudelako».
Toti Martinez de Lezea Idazlea
1. «Arlo pertsonalean, joan den urteak bizitza eman dit, eta arlo profesionalean, berriz, gozamen hutsa izan da. Dena den, egunero zortzi orduz egiten dut lan, eta horren emaitza da hau guztia».
2. «Urte berria heltzen denean ez zait ezer aldatzen, berdin-berdin jarraitzen dut nire bizitzarekin. Ez dut horrelako gauzetan sinesten».
3. «Ez diot ezer berezirik eskatzen 2014ari, gauzak orain arte bezala jarraitzea, asko jota. Lanari dagokionez, oso pozik nago, eta ez dut gehiago eskatzen. Arlo pertsonalean, berdin.
Gaia aldaturik, herri honetatik gauza asko espero ditut, baina ez dut uste urtebetean gertatuko direnik, epe luzera begira izango direla uste baitut. Oso pozik nago; beti sentitu izan naiz horrela. Norberarekin pozik egotea da garrantzitsuena, eta ezer ez eskatzea, norberak daukanarekin zoriontsu izatea».
Galderak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu