Aitor Ruiz de Egino. Artista

«Galeriak ez dira merkatu berrietara zabaltzen, pentsaera atzerakoia dute»

Urteak daramatza Ruiz de Eginok aluminioarekin lanean. Material hori erabiliz, pintura eta eskultura elkartu ditu 'Alu min nun?' azken erakusketan. Igandera arte ikusi ahal izango da, Urretxun.

JUAN CARLOS RUIZ/ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hamabost urte inguru daramatza artearen munduan Aitor Ruiz de Eginok (Hernani, 1971). Aluminioa lantzen du gehienbat; dena den, bestelako material eta euskarriekin ere lan egiten du: zeramika eta pinturarekin batera, bere webgunea diseinatzen du (www.aitor-ruiz-de-eguino.com). Bere azken erakusketa Alu min nun? da, eta maiatzaren 22ra bitarte ikusi ahal izango da Urretxun (Gipuzkoa), Juan de Lizarazu aretoan.

Zer da Alu min nun? ?

Hitz-joko bat da. Erakusketan ikus daitezkeen pintura eta eskulturak egiteko aluminioa erabili dut, eta niretzat, eskulturak eta marrazkiak egitea bera ere jokatzea da. Beraz, aluminioa hitza erabiliz, erakusketaren izenburuan ere joko bat aurki daiteke.

Zer aurkituko du bisitariak erakusketan?

Izaki bizidunak gorpuzten saiatzen naiz normalean: abereak, zuhaitzak... Hernanin dut tailerra, eta oso herri industriala da, metalari lotua. Familian ere harremana izan dugu metalaren industriarekin, aitak galdategi batean egiten baitzuen lan. Baina, aldi berean, basoa eta mendia ditu Hernanik inguruan. Bi alderdi horiek uztartzen saiatu naiz.

Non aurkitzen duzu artelanak egiteko inspirazioa?

Pentsatu gabe hastea gustatzen zait, horrela gozatzen dut gehien.Zer egingo dudan jakin gabe hasten naiz, eta emaitza gustukoa izan daiteke, edo ez, baina niri gustatzen zaidana prozesu hori da. Hamabost urte daramatzat mundu honetan —lau profesional moduan—, eta artelana egiten dudan bitartean neure burua harritu nahi izaten dut. Batzuetan egin izan ditut aurretik zirriborroak, baina hori jada egina dago, eta soilik kopiatzea da.

Zer du aluminioak besteek ez dutenik?

Zeramikarekin ere egiten dut lan oraindik, baina gehienbat aluminioarekin lanean nabil. Burdinarekin ere lan egin izan dut, baina oso iluna iruditzen zait, baita pisutsua ere. Aluminioak burdinak baino hiru aldiz gutxiago pisatzen du; gainera, argitsuagoa da. Edonon jarrita ere bere distira mantentzen du beti, eta oso erakargarria egiten zait. Beharbada Euskal Herrian ohitura dago eskultura burdina eta oxidoarekin lotzeko; Txillida, Oteiza eta Basterretxearen lanak ditugulako buruan. Alaiagoa iruditzen zait niri aluminioa; horrez gain, burdina lurrean sartuta geratzen da, eta nire lanak lurretik gorantz irteten dira.

Zer-nolako egoera du gaur egun artearen industriak?

Artearen mundua oso gaizki dago, galeriek pentsaera atzerakoia dute, esklusibotasuna dago, eta ez dira merkatu berrietara zabaltzen. Azken finean, negozio pribatuak dira, eta eurek saldu egin nahi dute; krisia ere heldu zaie haiei. Baina oso gutxi egiten ari dira artearen alde. Herri mailan, kultur etxe, diputazio eta abarren aldetik ere ez dago aukera handirik.

Luzaroan ikusten al duzu zeure burua artearen munduan?

Mundu honetan hasi nintzenean zalantzak nituen, baina orain gustura nago egiten dudanarekin. Niretzat hau loteria bat bezalakoa da. Aurretik nuen lana utzi nuen mundu honetan hasteko, eta honetaz bizitzea zaila bada ere, proiektuekin jarraitzeko asmoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.