Ezarian. Komikigintza

Galiarren belaunaldi berria

Asterix eta Obelix pertsonaien komiki berria kaleratu dute, euskaraz Usua Lasa itzultzailearen eskutik. Istorioa ez du sortu Albert Uderzok; Jean-Yves Ferri eta Didier Conraden esku utzi ditu galiar menderaezinak.

Iker Tubia.
Iruñea
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Eskozian izan dira Asterix eta Obelix, Kaledonian hain zuzen ere. Han bizitako abenturak biltzen dituen komikia aurkeztu berri dute, eta euskaraz ere irakur liteke Usua Lasa itzultzailearen lanari esker. Asterix eta Piktoak (Salvat) komikiak berritasun nabarmen bat dakar: egilea ez da Albert Uderzo. Asterixen bisaiaren aitak bi gazteren esku utzi ditu galiarren abenturak: Jean-Yves Ferri gidoilaria eta Didier Conrad marrazkilaria. Komikigintzan hainbat pertsonaiarekin gertatu bezala, Asterix eta Obelix besteren esku dira, luze jo dezaten.

Asterix ez da nornahi. Komikietako pertsonaiarik ezagunenetako bat da. Munduan 350.000.000 liburu inguru saldu dituen eta 111 hizkuntzatan mintzo den galiarra da alegia. 1959. urtean sortu zen. Rene Goscinnyk idatzitako istorioetako galiar menderaezinei Uderzoren arkatzak marraztutako bisaiak egokitu zitzaizkien. Ordutik, 35 album kaleratu dira erromatarren erasoei aurre egiten dien herrixkako abenturekin. Goscinnyren gidoia eta Uderzoren marrazkiak izan zituzten beti, 1977. urtean Goscinny hil arte. Ordutik Uderzo ibili da bi lanetan. Marrazkilari frantziarrak, baina, 86 urte ditu, eta hemendik aurrera esku gazteagoek marraztuko dituzte galiar menderaezinak.

Herrixkan izoztutako gizon bat agertu da. Bere onera etortzean, ezin du hitzik egin. Azkenean, piktoa dela konturatuko dira galiarrak, eta Asterixek eta Obelixek Kaledoniara joatea erabakiko dute gizona laguntzeko. Hara ailegatzean, erromatarrak daudela konturatuko dira, eta orduan hasiko dira ohiko abenturak. Horrela hasten da Asterixen abentura berria.

Erromatarrek Eskoziako etnia bati jarritako izena da pikto. Euskarara itzulita, marraztutako gizonak esan nahi du. Herri horretako biztanleak ere indartsuak dira. Komikia borobiltzeko, maitasun istorio bat ere bada, izoztutako gizonarekin zerikusirik baduena. Istorio hori Bakun itzulpen enpresara ailegatu zen, eta Lasak hartu zuen itzultzeko lana. Ez zaio arrotz Asterix, betidanik irakurri ditu komikiak, eta gogoan ditu telebistan ikusitako marrazki bizidunak ere. «Asko maite ditut Asterix eta Obelix, beti gustatu izan zaizkit», aitortu du. Horregatik, «ohorea» izan da komiki hori itzultzeko aukera izatea. Ez da, baina, Asterixen hitzak euskaratzen dituen lehenbiziko aldia. 50. urteurrenaren karietara argitaratutako Asterix eta Obelixen urtebetetzea. Urrezko liburua (Salvat, 2009) komikia Joseba Osarekin batera euskaratu zuen. Gainera, lehenago euskaraturik ere baziren albumak itzultzen ari da Lasa, Bruño argitaletxeak ez baititu euskarazko testuen eskubideak. Orotara zortzi bider egokitu zaio galiarrei euskal eleak paratzea.

Itzulpen jokoa

Asterixen hitzak euskaratzea ardura handia dela dio Lasak: «Beste gauza batzuk agian ez ditu hainbeste jendek irakurriko, baina badakizunean zerbait oso ezaguna dela, ardura oso handia da». Horren lekuko, komikia jaso bezain pronto bueltaka izan duela, esku artean gora eta behera, egindako lana berriro errepasatzen.

Ez baita lan erraza galiarren istorioak euskaraz —edo jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean— ematea. Lasak azaldu duenez, hitz-joko anitz dituelako. «Biñeta guzietan beti dago zerbait: hitz-joko bat, erreferentzia kulturalen bat...». Testuak laburrak dira, baina solasaldi arinak, eta horrek erregistroa ongi zaintzea eskatzen du: «Freskoa izan behar du, naturala. Nik normalean eskola liburuak itzultzen ditut, eta erabiltzen dudan hizkuntza bestelakoa da, erabat aseptikoa», aitortu du.

Pertsonaien izenek, adibidez, sortu dizkiote hainbat zalantza. «Hasieran lehengo komikietan erabilitakoak errespetatzen saiatu nintzen, baina gerora konturatu gara frantsesez hitz-jokoa zutenak euskarara ekarri zitezkeela», dio Lasak. Erreferentzia kulturalak itzultzea ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Adibidez, kantuak agertzen direnean. Izoztutako pertsonaia kantuan hastean, kultura ingeleseko kantuak ageri dira, adibidez, Beatles taldea. Horiek bere horretan utzi dituzte, pertsonaia Eskoziarra delako. Ez, ordea, Frantziako kantuen erreferentziak. Kaledoniako koplarien kasuan, Niko Etxarten kantuari keinu egin dio «Piktia rock and rolling» hitzarekin, edota kantu triste bat itzultzeko «eta zu goruntz begira» lerroa erabili du.

Eskutik eskura

Ez da ohikoena marrazkilaria bizirik dela ordezkoa lanean hastea. Uderzok, baina, besteren esku utzi nahi izan ditu galiar menderakaitzak. Hori da, haren aburuz, Asterixek bizirik jarraitzeko duen bide bakarra. Dena dela, gertutik aztertu du azkenengo lana, eta oso zorrotza dela aitortu zion Frantziako albiste agentzia bati. «Asterix pertsonaiari dagokion guztia kontrolatzen dut zehaztasun osoz, baita hurrengo liburuan [berriki kaleratutakoa] egiten ari dena ere», esan zuen.

Uderzok berak eta Goscinnyren alabak aukeratu dute Asterixen abentura berrietan Ferri eta Conraden sinadurak agertzea. Hasieran Frederic Mebarki hautatu zuten marrazkilari gisa, etxekoa zutelako, baina presioak gainezka egin ziola eta, lana utzi zuen. Conradek badaki Asterix ez dela nornahi, eta mailara egonen zela espero du. «Asterix marraztea abentura ezin hobea da, betetako ametsa», aitortu du. Ferri ere kontent da lanarekin, baina zaila dela onartu du. «Asterixen komiki bat idazteko banketeko eszenatik abiatu behar da, aurreko biñeta pentsatu eta hurrengo 44 plantxekin jarraitu hasierara natural ailegatzeko. Ez dago gauza zailagorik».

Uderzok egin bezala, marrazkilari batek bere ondorengoak aukeratzea nahiko arrunta da. Horrela egin zuen Lucky Luken sortzaile Maurice de Bevere Morrisek, eta itsu-itsuan sinetsi zuen bere oinordekoengan. Horrek aldaketa modu naturalean egitea ahalbidetu dezake, baita arrisku batzuk saihestea ere. Izan ere, pertsonaiak umezurtz uzteak haien ibilbidea erabat aldatzeko aukera ematen baitu.

Europako komikigintzan ohikoa ez bada ere, AEBetanpertsonaiek etengabe aldatzen dituzte haien marrazkilariak. Izan ere, pertsonaia produktu komertzial gisa edo egilearen sorkuntza gisa, nola ikusi hala erabili ohi da. Superman hamaika egilek marraztu dute 1930. urtean asmatu zutenetik. Stan Leeren pertsonaiak ere hainbat marrazkilariren eskuetatik agertu dira komikietan. Spiderman, Iron Man, Thor eta Hulk pertsonaien eskubideak Leerenak badira ere, besteren esku utzi ditu haiekin sortutako lan berriak. Ferri eta Conradekin Asterixen abenturek luze joko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.