Sei urte dira Davide Cabaleiro (Coruña, Galizia, 1982) Euskal Herrian bizi dela. Bilbo Hiria irratiko Ireki Gaiola saioan parte hartzeaz gain, Sitio distinto film dokumentalean ari da lanean.
Galizaleak elkartearen eta Bilbo Hiria irratiaren arteko harremanean sortu duzue Ireki Gaiola irratsaioa. Nolakoa izan da prozesua?
Irratsaioko lantaldean zortzi lagun gara, eta guztiak gatoz Galizaleak elkartetik. Elkarte horretan %80 galiziarrak gara, eta gainontzekoak arbaso galizarrak dituzten euskal herritarrak dira. Bilbo Hiria irratiak saioa egiteko proposamena egin zigun, eta azkeneko sei hilabeteetan proiektua garatu dugu. Saioaren asmoa da Galiziako irudiaren inguruan dauden topikoak haustea. Beste errealitate batzuk erakutsi nahi ditugu, eta xede horrekin sortu zen bai elkartea bai irratsaioa ere.
Galegoz eta euskaraz egingo duzue saioa. Baina galegoz gehiago, ezta?
Euskaraz, oraingoz, ni ariko naiz bakarrik. Beste lankideak galegoz ari dira, baina esan nahiko nuke haietako %90 euskaltegian daudela, euskaraz ikasten. Galiziera da gure ama hizkuntza, gure nortasuna eta gure arima. Ez dugu beste biderik ikusten. Bilbo Hiria irratikoek nahi dute astean ordu batez galegoa entzutea. Katalanezko saio bat ere bada.
Bi hizkuntzak erabiltzea ederra izango da, ezta?
Bai, noski. Garrantzitsua da euskaraz mintzatzea eta erakustea posible dela bi hizkuntzak saio berean erabiltzea. Elkar ezagutzeko ere baliagarria da.
Galiziako zer errealitate zabalduko dituzue?
Galiziako kultura erakutsiko ditugu, bai musika bai literatura. Galiziako historiaz eta feminismoaz ere ariko gara.
Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik irratiko Licor café saioan ere galiziera eta euskara dituzte dute mikro aurrean.
Bai, noizean behin entzuten dut Internet bidez. Hamar urte ditu saio horrek jada. Hala Bedi-n Galiziarekin lotutako saio bat dago, baina galegoz gutxi egiten dute. Azken hori ez zait hainbeste gustatzen, gehienbat gaztelaniaz egiten dutelako.
Zer ekarpen egiten dio, zure ustez, Bilbo Hiria irratiak Bizkaiko hiriburuari?
Zapaldua dagoen hizkuntza zabaltzen du. Eta beste erralitate batzuen berri ematen du, Bilbon. Aniztasun handia dago Euskal Herrian, eta aniztasunerako garrantzitsuak dira Bilbo Hiria bezalako proiektuak.
Euskal Herriaren eta Galiziaren harremana lantzen ari zara Sitio distinto film dokumentalean. Nola doa lan hori?
Egunotan, Galizian izango gara azkeneko grabaketak egiten. Datorren urtean uda baino lehen estreinatzeko asmoa dugu. Istorio asko bildu ditugu, eta jende dezente elkarrizketatu. Ezkerraldean Galiziako jendea zertara iritsi zen kontatuko dugu, Xose Estevez eta Koldo Izagirre azalduko dira, Trintxerpe (Gipuzkoa) eta Ondarroa ere bai (Bizkaia). Jaialdietan eta ETBn ematea nahiko genuke.
Zer du ikasteko Euskal Herriak Galiziatik eta zer Galiziak Euskal Herritik?
Euskal Herrian, folk musikaren falta sumatzen botatzen dut; Galizian beste modu batean bizitzen da folk musika, indar handiagoz. Irlandan moduan bizi da tabernetan folk musika. Alderantziz, Euskal Herrian, oro har, jendea oso harro dago bere hizkuntzarekin eta kulturarekin, eta hori ez da Galizian gertatzen. Han ez dago harrotasunik.
Galiziako komunikabideetan nola dago galegoaren egoera?
Oso gaizki. Duela hamalau urte unibertsitatetik atera nintzenean eta gaur egun egoera bertsua da. Aurrerapausoak oso-oso txikiak dira. Galizia kultur potentzia bat da, baina bidean nonbait galtzen gara, eta horrela gaude. Pena handia da.
Euskal Herrira etorri eta berehala ikasi duzu euskaraz. Zer eman dizu euskarak?
Niretzat euskara altxor bat da, itzela. Mundu berri bat erakutsi dit. Hizkuntza oso logikoa iruditzen zait, ez zait zaila iruditzen. Orain katalanez ikasten hasi naiz.
Davide Cabaleiro. Bilbo Hiria irratiko esataria
«Galiziako irudiaren inguruko topikoak hausten saiatuko gara»
Bilbo Hiria irratiak 'Ireki Gaiola' saioa estreinatuko du gaur (21:00). Galizaleak elkarteko kideek egingo dute, asteazkenero, galegoz eta euskaraz. Cabaleirok jarriko die ahotsa euskarazko hitzei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu