Galizia

Galiziako Parlamentuak aho batez onartu du TVGk haurren eskaintza indartzea

Xabarin herri ekinbide legegilea aurkeztu zuen Normalizazio Linguistikoaren Mahaiak, 33.000 sinadura bildu eta gero. PPk, PSOEk eta BNGk, halaber, eskatu dute TVEren neska-mutikoentzako edukiak galegoz eskaintzea.

Sinadura bilketa, Lugon. XABARIN
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 12a
14:14
Entzun

Galegoaren eskubideen alde lan egiten duen elkarte nagusiak, Normalizazio Linguistikoaren Mahaiak, herriz herri eta garai zailetan egiten duen esfortzuak bere fruituak eman ditu: Galiziako Parlamentuak aho batez onartu du gaur TVGk haurrei eta gazteei zuzendutako kanal bat sortzea. Galego hutsez egingo du eskaintza kate horrek, eta fibra optikoaren, satelitearen eta ADSLaren bidez zabalduko dute. Baita teknologia eramangarriaren bitartez ere. Normalizazio Linguistikoaren Mahaiak azkeneko hilabeteetan lan handia egin du ohartarazteko TVGn oso gutxi direla haur eta gazteei zuzendutako emankizunak, eta beharrezkoa zela galegozko eskaintza handitzea.

PPk agintzen du Galiziako Xuntan, eta, atzo egin zuten eztabaidan, alderdi horretako ordezkari Raquel Ariasek iragarri zuen neska-mutikoentzako kanal digitalak indartuko dituztela. Adierazi zuen, halaber, LTDko kateetan arrakasta «oso txikia» duela egun haurrei zuzendutako eskaintzak. Distantziak distantzia, datu argigarri bat, apirilekoa: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ETB3k %0,1eko ikusle kuota izan zuen.

Galegoaren eskubideen alde lan egiten dutenek 33.000 sinadura bildu dituzte Xabarin egitasmoan, eta herri ekinbide legegileak eragin du alderdi politikoek horrekin bat egitea. Egitasmo horretako beste proposamenekin ere bat egin dute PPk, PSOEk eta BNGk: Espainiako Gobernuak berma dezala TVEn eta streaming bidezko plataformetan galegora bikoiztutako eta azpidatzitako edukiak. PPko ordezkariak fokua jarri du TVEn, eta nabarmendu du telebista horren haur programazioa eta gailu eramangarrien aplikazioarena galegoz egon beharko lukeela.

Normalizazio Linguistikoaren Mahaiak Galiziako gizartearen «garaipen kolektibotzat» jo du parlamentuan onartutakoa. Gogorarazi du azkeneko hamabi urtean galegoaren inguruan egon den lehen akordio handia izan dela. «Gure hizkuntzan izan diren aurrerapen guztiak mobilizazioak eta aktibismoak lagunduta joan dira», esan du Mahaiak.

Datorren astelehenean manifestazio bat egingo dute Santiagon, Queremos Galego taldeak deituta, hizkuntzaren eskubideen alde.

TVGren emisioa, Youtuben
Galiziako irrati-telebista publikoarekin lotutako beste albiste garrantzitsu bat heldu da aste honetan: TVGren nazioarteko seinalea —galego hutsean da— Youtube plataforman ikusgai dago astelehenetik, etenik gabe, egunaren 24 orduetan. Edozein tokitan ikus daiteke galegozko telebista www.youtube.com/tvg helbidean. Horrez gain, telebista publikoaren zenbait eduki propio igo dituzte kanalera: albistegi zerbitzuek eguneko albisterik garrantzitsuena minutu batean kontatzen dute. #Digochoeu hezkuntz proiektuaren 480 bideo daude ikusgai bertan, baita TVGko saio ezagunen une dibertigarriak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.