Galtzadarrien gainean: hondartza

Bilboko lehen hondartza hiritarraz gozatzeko aukera izango da Areatzan, bihar arte. Bilbao Beach proiektu berritzailea 27 gaztek eraman dute aurrera, elkarlanean.

Goizetan boleibolean jokatzeko aukera izango da Bilbao Beachen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eguzkia ez zen asko agertu atzo. Hala ere, martxan jarri zuten Bilbao Beach, larunbatera arte Areatzan izango den Bilboko lehen hondartza hiritarra. Atzo zabaldu zuten, eta Areatzatik pasieran zebiltzanak harrituta geratu ziren egitasmo berriarekin. Gehienek ez zekiten zer zen. Eguraldiak ez zuen laguntzen, ez uretan sartzeko ezta eguzkia hartzeko ere. Baina, hala ere, haur batzuk animatu ziren; batere lotsarik gabe bildu ziren hondartzara, eta atzetik gurasoak eta aiton-amonak eramaten zituzten.

Bost gunetan banatuta dago Bilbao Beach: musika zuzenean entzuteko agertokia duen taberna, DJ eta musika taldeen emanaldiekin; eguzkia hartzeko etzaulkiz eta eguzkitakoz prestatutako gunea; bainua hartzeko urez betetako obra edukiontziak; olgetan ibiltzeko boleibol zelai puzgarria eta serigrafia tailerra eta slackline-a praktikatzeko gunea. Inaugurazioan, aktore batek han bildutakoak gidatu zituen hondartza osotik, umorea eta magia nahastuz.

Hiritar batzuei ideia «polita» iruditu zitzaien, baina gehienek ez zuten iritzi argirik. Beste batzuei beste «Azkunakeri» bat iruditu zitzaien. Ricardo Padilla gaztearen ustez, «Bilboko Udalak gazteez arduratzen dela erakutsi nahi du halako egitasmoekin, baina urte osoan gazteek lan egiten duten proiektuen—konpartsak, gaztetxeak— aurkako jarrera guztiz erasokorra du».

Udalaren proiektua

Proiektua Creativity Zentrumirabazi asmorik gabeko elkartearekin batera landu du Bilboko Udalak. Nora de Busturia elkarteko kideak azaldu zuen egitasmoaren ardatza: «Hondartza Udalaren laguntzarekin aurrera eraman den Coevent proiektuari esker sortu da. Horren helburua da gazte talde bati aukera ematea eurek gidatutako proiektu bat aurrera eramateko». Nerea Rodet gaztea da egitasmoaren sortzaileetako bat: «Proiektu hau egitean jasotako esperientzia oso ona izan da». Elkarlanaren alderdi gazi-gozoak ere ezagutu dituela esan zuen: «Alde batetik, horrelako proiektu bat aurrera eramateak ematen dizun poza dago, baina, beste alde batetik, horrenbeste jenderen artean ados jartzeak lan handia dakar».

Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak Bilboko gazteek elkarlanean garatutako proiektu bat sortu eta euren kabuz aurrera eramatea ahalbidetzeko bultzatu du Coevent proiektua.

Hasiera batean 34 gaztek izena eman bazuten ere, azkenean 27 egon dira lanean. Gazteen bataz besteko adina 23-24 urteen artekoa da, eta unibertsitateko ikasketak bukatuak edo bukatzear dituzte. Gehienek ekimenak antolatzearekin nolabaiteko zerikusia duten ikasketak egin dituzte: Publizitatea eta Harreman publikoak, Komunikazioa eta ekitaldiak, Enpresa kudeaketa, Turismoa, Moda eta abar.

Nora de Busturiaren arabera, gazteek prozesu guztia gidatu dute, eta behar izan dutenean adituen ikastaroak jaso dituzte, proiektuan aurrera egiterakoan sortzen zitzaizkien beharren arabera.

Hala nola, komunikazioa, prebentzioa, ekimen-antolakuntza eta administrazio ikastaroak jaso dituzte, esaterako. Modu berean, Udalaren laguntza izan dute, adibidez, horrelako ekimen bat aurrera eramateko baimenak lortzeko nora jo behar duten erakusteko orduan. Gazteek, eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, hiritar guztiak gonbidatu dituzte hondartzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.