Frontoiaren ezker paretak ia desagerrarazi zituen, baina XIX. mendera arte nagusi izan ziren Euskal Herrian. Esku pilotarekin alderatuz joko zuzenak ezezagunagoak dira, baina historikoki garrantzi handia izan dute gurean. Hainbat modalitate hartzen ditu barnean joko zuzenak —bote luzea, eskuz pasaka, laxoa eta errebotea—. Atzo eskuz pasakako eta bote luzeko hainbat partida antolatu zituzten, Oiartzunen (Gipuzkoa). Galzorian egon dira, eta Txost eta Pilota Zuzenean! taldeak berreskuratzeko lan egiten ari dira.
Giro ederra egon zen iluntzeko bote luzeko partidan. Lapurtarrak eta gipuzkoarrak elkarren aurka lehiatu ziren, eta herriko plaza bete egin zen. Maila nahiko parekatua egon zen pilotarien artean, eta horrek jokaldi ikusgarri asko sortzea ekarri zuen. Adin guztietako ikusleak pilotariei animatzen aritu ziren, eta jokaldi politenek txalo zaparrada handiak jaso zituzten. Irailean Saran beste partida bat antolatzea da asmoa, eta azaroan Amezketan (Gipuzkoa).
«Erromatarren garaitik datoz joko zuzenak, eta Europa osoan zabaldu zituzten», esan du Anton Mendizabal Txost pilota taldeko kideak. Gaineratu du, bote luzea dela joko zuzenetan zaharrena, VI. mendeko agiriak aurkitu baitituzte, Gasteizen. XX. mende hasieran galdu zen Euskal Herrian.
Bote luzea berreskuratu nahian dabiltza, hain zuzen ere, aurten. Urtearen hasieratik pilotari talde batzuk entrenatzen ari dira, Lapurdin, Nafarroa Baztanen eta Oiartzunen —2 talde—. Euskadiko Federazioak eta Ipar Euskal Herriko Euskal Ligak lau talde haiekin Euskal Herriko lehenengo txapelketa antolatu nahi du hurrengo urterako, eta egitarau ofizialean sartu. Horrez gain, Valentziarekin ere(Herrialde Katalanak) norgehiagokaren bat antolatu nahi dute.
Patxi Jauregi Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak azaldu du Europa osoan jokatzen delabote luzea, eta hainbat txapelketa ere egiten direla. Hain zuzen ere, udazkenean Herbehereetan burutuko den Europako txapelketara euskal talde bat eramatea da asmoa.
«Nazioarteko federazioa 22 federaziok osatzen dute, eta hor sartzeko baimena eman digute euskal selekzio gisa. Euskal Federazioko asanbladan batzarkideen baimena bakarrik falta zaigu», jarraitu du Jauregik. Ikusle asko biltzen ditu Europako hainbat herrialdetan kirolak. «Azkenengo Champions League-an futbol estadiotan jokatu ziren partidak, eta 22.000 lagun joan ziren ikustera». Horrez gain, bote luzeko Europako Txapelketa Donostian antolatu nahi dute hurrengo urtean. «Oso interesgarria da egin diguten proposamena», dio Jauregik.
Oiartzungo iluntzeko partiden aurretik eskuzko pasaka modalitateko Gipuzkoako Txapelketako finala izan zen, eguerdian. Gipuzkoan lehengoratzen ari da pixkanaka. Iñaki Esnalek eta Mikel Martinezek Txomin Nazabal eta Andoni Zabalaren aurka neurtu zituzten indarrak eta azken bikote horrek irabazi zuen 13-7.
«Araudi konplexua»
Gustura zegoen Andoni Zabala.Duela hamar urte ingurutik jokatzen du joko zuzenetan. «Ni esku pilotan ibilitakoa naiz, eta eskuetatik asko sufritzen nuen, pilota gogorrengatik. Eskuz pasakan, ordea, pilotak gozoak dira, eta oso gustura aritzen naiz», esan du Zabalak. Azken urtean bote luzea berreskuratzeko osatutako taldeko partaide ere bada Zabala.
Nabarmendu du, ikusleentzat zaila dela bote luzeko partidak ulertzea, hasieran. Bost pilotariko taldeek izaten dira elkarren aurka, eta airez jokatzen da gehienbat. «Araudi konplexuagoa du, eta estrategiak ere garrantzi handia dauka». Herbehereetara joateak ilusio berezia egiten dio Zabalari. «Maila profesionalean jokatzen duten pilotariak izango ditugu aurrean, baina polita izango da».
Mendizabalek kontatu duenez, udan mendian eta neguan herriko plazetan jokatzen zen bote luzean. «Apustuak egiten zituzten ikusleek, eta arazo bat ziren udalentzat. Pilota soro batzuetan debekatu ere egiten zuten pilotan jokatzea, eta elizkizunak zirenean ere ezin zen jokatu», azaldu du Mendizabalek.
Joko polita dela nabarmendu du Mendizabalek. «Zaila da ulertzeko, ordea, kulturalki galdu ditugun elementu batzuk dituelako arauen artean. Espazioarengatik borrokatzea, esaterako».
Galzorian zena berpizteko
Bote luzea pilota modalitatea berreskuratu nahian hasi dira aurten. Partidak antolatu dituzte Oiartzungo festetan, bide horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu