Garai berriak sagardoarentzat

Sagardo Mahaiko hamalau sagardotegiek euren kalitate zigilu berriaz merkaturatuko dituzte botilak aste gutxi barru2010eko sagardo produkzio osoaren erdiak eramango du kalitate marka berria

Migel Mari Lasa, Sagardo Mahaiko lehendakaria, eta Migel Zapiain, elkarteko bozeramailea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Tolosa
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Sagardoaren alorrean egun garrantzitsuak dira hauek. 2004an, hausnarketa sakon bati ekin zioten sektorean, eta 2007an, Sagardo Mahaia eratu zuten alorreko kide askok; etorkizunari nola aurre egin, kalitatea nola hobetu, alorra bera nola biziberritu ziren galderak. Eta urteotako hausnarketa partekatuek fruitua eman dute jadanik. Aurki gorpuztuko da, milioika botilatan.

Bestalde, sagardogileen erdiak baino gehiago martxan jartzera doan trenetik jaitsi dira edo oraindik ez dute erabaki igoko diren. Jaurlaritzaren babesean bideratzen ari diren Eusko Label proiektuak zuzenean eragin du. Sagardo Mahaian jarraitzen duten hamalau sagardogileek, ordea, oso argi dituzte helburuak: kalitatea bermatu lehenik eta behin, hemengo sagarrarekin egindako produkzioa handitu eta, azkenik, kontsumitzaileei egindako ahalegina eta lortutako emaitza plazaratu, zigilu baten bidez jakinarazi.

Arautegi zorrotzari lotua

«Sinesgarritasuna behar dugu kontsumitzaileen artean. Zerbait egin behar zela argi dago», dio Migel Mari Lasak, Isastegi sagardotegikoak, Sagardo Mahaiko presidenteak. «Baserritarrak ginen eta bodegero bihurtu ginen halako batean, eta gero ostalari, txotxarekin; eta, azkenean, ez ginen ezer», bota dio Migel Zapiainek, Zapiain sagardotegikoak, elkarteko bozeramaileak. Sagardoaren munduan «ordena jarri» behar zela argi dute biek ala biek. «Denak ez du balio; guk arautegi bat egin dugu gutxieneko kalitatea bermatzeko. Hori da garrantzitsuena». Lasak onartzen du jarri dituzten baldintzak ez direla samurrak sagardogileentzat. Baina, hala ere, apustua egina dute. 2010eko sagardoz beteriko bospasei milioi botila arautegi horri jarraituz eskainiko dizkiote kontsumitzaileari, aste gutxi barru aurkeztuko duten zigiluaren pean.

Sagardo Mahaiko kideek ezingo dute elkartetik kanpo egindako muztioa erosi; hala finkatu du hamalau sagardotegiek onartutako arautegi zorrotzak. Produkzioak kalitate parametro batzuk bete beharko ditu nahi eta nahi ez. Eta garrantzitsuena: Foru Aldundiaren Fraisoroko teknikari baten esku utziko dute azken erabakia. Alegia, elkartetik kanpoko profesional batek esango du sagardoak balio duen edo ez, kalitate parametroak betetzen dituenetz. Balio ez duena ezingo dute botilaratu, ez zigilurik gabe, ez bestela. «Ozpinetarako edo beste erabilpenetarako atera beharko da; norberak ikusiko du hori», dio Lasak.

Jokoaren arau horiek finkatzea ez da batere erraza izan. «Elkarrenganako konfiantzarik eza gainditu, eta horri buelta eman behar izan diogu. Denok onartu dugu gure sagardoaren kalitatea igotzea, ahalegina egitea, eta badakigu betetzen ez badugu ezingo dugula botilaratu». Konpromisoa eta konfiantza hitzak hitzetik hortzera dabiltza.

Hemengo sagarra

Sagardoari beste maila bat eman nahi dion proiektu honen habeetako bat da zigilupean merkaturatzen diren botila denak gutxieneko kalitatea izatea. Bestea lehengaia da: sagarra. Egun utopia da hemengo sagarrarekin bakarrik produkzio osoa egitea. «Hori badakigu denok, eta hor dugu benetako erronka», dio Zapiainek. «Sagardoa Euskal Herrian zer den, gure izatean zer esan nahi duen, sagardoa zein garrantzitsua den esatea ondo dago, baina nola azal dezakegu hori guztia gure sagarrik gabe?».

Hori zuzentzea, produkzioaren gehiengoa hemengo lehengaiarekin ontzea, «ezinbestekotzat» jotzen dute, eta, horretarako, martxan jarri dute bide bat: baserritarrarekin zuzeneko harremana izatea. «Baserritar asko alferrik galtzen ari dira euren sagarrondoak, ez diete kasurik egiten, ez dituzte zaintzen, eta oso sagar gutxi ateratzen da hektareako, gutxiegi». Produkzioa nabarmen handitu daitekeela uste dute: «Sagarrondoak guk diogun bezala zaindu ditzatela, hau da, Sagarlaneko teknikarien bidez, landatu ditzatela espezieak [hemengoak beti] aholkuei jarraituz, eta trukean sagar guztia erosiko diegu, aurretik hitzartutako salneurri batean».

Sagardotegi batzuek baserri batzuekin egingo dituzte tratuak aldez aurretik. Zenbait kasutan hasi dira halako tratuak egiten. Baserritarrek «sarritan malkar batean-edo» edukitzen dituzten sagarrondoei etekina ateratzeko bidea dela uste dute. «Ganaduaz edo beste atal batzuez aparte, sagarrekin ere egin dezakete negozioa. Baina, horretarako, sagarra modu profesionalean zaindu beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.