Komunikazioa

Garapen iraunkorraz informatzeko gida bat sortu du Unescok kazetarientzat

Gida errusieraz, arabieraz eta frantsesez zegoen; gaztelaniara itzuli dute orain, eta euskarara ere itzuli nahi dute

urtzi urkizu
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Natura ondarearekin, bioaniztasuna kontserbatzearekin eta garapen iraunkorrarekin zerikusia duten gaien gainean informazioa emateko orduan kazetariei lana errazteko gida bat argitaratu du Unesco Etxeak Bioaniztasun Fundazioaren laguntzarekin: Comunicar la sostenibilidad. Guía para periodistas. Lan horretan hainbat baliabide jaso dituzte kazetarientzat, gai konplexuei buruz informazioa eman behar dutenean baliagarri izan daitezkeenak. Liburuaren azken xedea da herritarrek garapen iraunkorraren esanahiaren kontzientzia hartzea, baita parte har dezaten lortzea ere. Gogoeta eta eztabaida sustatzea ere nahi dute argitalpenaren arduradunek.

Gida aurretik beste hiru hizkuntzatan zegoen: errusieraz, arabieraz eta frantsesez. Orain gaztelaniaz argitaratu dute. Eta etorkizunean euskarara itzultzeko asmoa dute. Unesco Etxeko Iraunkortasun Programako teknikari Aitana Uriak azaldu duenez, itzulpena egokitu egin dute inguruko erreferentzietara. «Horrez gain, bi atal gaineratu ditugu. Batek ekosistemak eta giza ongizatea gaia lantzen du, eta besteak, kontsumoa eta garapen iraunkorreko mugimenduak. Bi gai horiek gaineratzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun».

Gidaren mila ale inprimatu dituzte. Horietatik 200 Unescok ditu Parisko egoitzan. Beste 800 hainbat komunikabidetara bidali dituzte.

Gida doan dago sarean

Liburua Madrilen aurkeztu zuten astelehenean. Atzo, berriz, Bilbon egin zuten aurkezpena. Bi ekitaldiek EKE Euskal Kazetarien Elkarteko babesa izan dute. «Haien bitartez, elkarteko bazkideek jaso dute gida». Halaber, Internet bidez doan har daiteke gida www.unescoetxea.org webgunetik.

Uriak azaldu duenez, feedback handia jasotzen ari dira kazetarien aldetik: «Gida gogoz hartu dute kazetari askok. Gainera, beste hizkuntzetako bertsioak asko erabili dituzte nazioarteko tailerretan».

Gida oso erabilgarria izango zela pentsatu zuten Unesco Etxeko arduradunek. «Eta, oraingoz, hala izaten ari da».

Garapen iraunkorraz informazioa emateko orduan komunikabide asko «katastrofismoan» erortzen direla uste du Unesco Etxeko teknikariak: «Ingurumen gaiak lantzen direnean, ematen du bakarrik hondamendiak direla albiste. Berri positiboei eta hartzaileentzat gertukoak direnei ez zaie ia-ia kasurik egiten». Herritarren erantzunkizunarekin harremana duten berriak ere gehiago landu beharko lituzkete, Uriaren aburuz.

Clara Navio APIA Ingurumen Kazetarien Elkarteko presidenteak, Pilar Caracaca Bioaniztasun Fundazioko koordinatzaileak etaVenus Jennings Parisko Unescoko ordezkariak ere parte hartu dute aurkezpenetan. Denek nabarmendu dute garapen iraunkorrak pentsatzeko modu eta balio sistema berriak exijitzen dituela. Eztabaida horri heltzen dio argitaratutako gidak.

Mundu iraunkor bat posible dela da gidaren azken ideia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.