Kutsadurarik sortzen ez duen garraiobidea izateaz gain, merkea ere bada bizikletan ibiltzea. Aproposa Donostiaren gisako hiri lau eta bidegorriz josiriko batean punta bestetik bestera mugitzeko. Merkea dena, ordea, garesti atera daiteke batzuetan: bizikletarien arau urratzeak zigortzen hasi da aste honetan Donostiako Udala.
Entzungailuak eta sakelakoa bizikletan ibili bitartean erabiltzeagatik, 200 euroko isuna jar dezakete udaltzainek—97 euro, arau-haustea egin denetik hurrengo bigarren astelehena baino lehen ordainduz gero—. Argirik eta txirrinik ez izatea eta espaloitik bizikletarekin ibiltzea, berriz, 50 eurorekin zigortuko dute —22 euro, goiz ordainduz gero—.
Donostiarrek estimutan dute oso bizikleta. Askok egiten dute garraiobide horren aldeko hautua, batez ere eguraldiak laguntzen badu. Adin guztietako jendea dabil bi gurpilen gainean, eta bizikleta uzteko guneak gainezka egon ohi dira.
«Ondo iruditzen zait arau urratzeak zigortzea, oinezkoak lasai ibiltzeko lekua baita espaloia», dio Borja Perezek. Halere, isunaren kopurua «gehiegizkoa» dela dio. «Beste bizikleta bat eros dezakezu diru horrekin».
Goya Gamazo Frantziako etorbidetik barrena dator bizikleta gainean. Bizikleta erabili zalea da bera, eta bat dator udalak indarrean jarritako araudiarekin. «Txirrindularien anarkia bukatu beharra dago: azkarregi ibiltzea, oinezkoei lehentasuna ez ematea... Oro har, ez dituzte errespetatzen arauak, eta arriskutsua izan daiteke gainontzekoontzat».
Gillem Roigek gogoko ditu Donostiak bizikletan ibiltzeko ematen dituen aukerak, baina udalaren asmoa «gogorregia» dela dio. «Bi aldeak zaindu beharko lituzkete, bidegorriak errespetatzen ez dituzten asko baitaude».
«Azken finean, bizikletak ibilgailuak dira, eta arauak errespetatu behar dituzte». Bizikletatik jaitsi berri da Mertxe, eta giltzarrapoa jarri eta Bulebarrerantz doa. «Bizikletan zabiltzala musika entzun edo sakelakoan hitz egitea arriskutsua da, eta horren araberakoak dira isunak. Autoan ere antzera gertatzen da». Entzungailuak belarrietan ibiltzen diren txirrindulari asko ikusten ditu Donostian.
Mario Sansidrian, berriz, bidegorrian edo errepidean bizikletan ibiltzea desberdindu behar litzatekeelakoan dago. «Istripuak errepideetan gertatzen dira, ez bidegorrian. Ez lukete horrenbeste eskatu behar». Sansidrianek uste du bizikleta egokia dela hirian ibiltzeko, eta garraiobide mota hori sustatu behar luketela, oztopoak jarri ordez. Sansidrianek daraman bizikletak ez du txirrinik, eta indarrean dauden arauei jarraikiz 50 euroko isuna jaso dezake. «Txorakeria hutsa da!».
«Oinez noanean bezala, bidegorrian bizikletan noanean ere musika entzuten dut», dio Iñaki Agirrek. Gazte donostiarrak pentsatzen du bidegorrian ez dagoela arriskurik.
Manuel Neiraren ustez, udalaren xede nagusia dirua biltzea besterik ez da. «Orain udalek zoruen sailkapenaren aldaketekin dirurik atera ezin dutenez, horrelako kontuekin tematzen dira».
Arauak arau, oinezkoak eta bizikletariak elkar ulertzera behartuta daude. Lurdes Lopez bizikletazalea da oso, eta argi du elkarrekin ondo konpontzeko gakoa zein den: «Sen on pixka bat nahikoa da».
Garesti atera daiteke
Eguraldi ona iritsi ahala, gehiago dira bizikleta hartzen dutenak Donostian. Udalak bizikletarien arau urratzeak zigortzea erabaki du. Askotariko iritziak dituzte hiritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu