Sendabelarren erabilera aintzat hartzekoa dela uste du Maialen Sarasolak, eta, horregatik, haiek berreskuratzeko lanean dabil azkenaldian. Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren IV. hamabostaldi ekologikoan parte hartu zuen atzo, Sendabelarrak eta jateko diren belarrak hitzaldia eskainiz. Bihar arratsaldean, jardunaldien barruan, kontsumo taldeei buruzko mahai ingurua egingo dute D'Elikatuz zentroan.
Sendabelarren inguruko interesa handitzen ari da gizartean pixkanaka, ezta?
Sendabelarren erabilera antzinakoa da, baina badirudi gaur egungo gizartean interesa handituz doala. Merkatuan ere bere lekua egin du sendabelarren munduak. Azken urteotan galtzear zegoen jakintza berreskuratzeko premia sortu zaigu. Hortaz, garrantzitsua da landareak ezagutu eta haien erabilpenak hedatzea. Gure antzinako arbasoek, elikatu eta sendatzeko, inguruko landareak besterik ez zituzten. Haiei erabilera anitz ematen zizkieten: elikagai eta sendagai moduan, eraikuntzarako lehengai moduan, oihalak tindatzeko, erritualen magiarako… Landareen balio kulturala oinarrizkoa da; mendeetan izan duten garrantziak ziurtatzen digu euren erabilera aintzat hartzekoa dela.
Zein da sendabelarren funtzioa, sendatzea edo sendatzen laguntzea?
Nire ustez, sendabelarrek funtzio asko dituzte. Beti ere, sendatzen lagundu ahal digute, baina gaixotasunaren jatorria ikertzea ezinbestekoa da.
Ohiko medikuntzaren tratamenduekin uztartu al daitezke?
Belarraren eta tratamenduaren arabera. Ongi legoke jakitun batekin kontsultatu eta autotratamendurik ez egitea.
Erabilerari dagokionez, geroz eta gehiago erabiltzen al dira gaur egun?
Lehen, sendabelarrak lehengai garrantzitsua ziren, eta askok euren erabilpena ezagutzen zuten. Gaur egun, berriz, kulturalki jakituria hori berreskuratu nahian gabiltza.
Zein da gehien erabiltzen den sendabelarra edo jende artean ezagunena?
Badirudi, Aranzadiko Daniel Perez etnobotanikoak dioenez, sendabelarren erabilera kulturala dela eta geografikoki alda daitekeela. Haren esanetan, baina, pasmo belarra da kulturalki identifikatzen gaituena.
Belarrek gaixotasunen aurrean izan dezaketen eragina nahiko ikertzen dela iruditzen zaizu, edo gehiago ikertu beharko litzateke?
Gaur egun, gehienok ez dute inguruko elikagaiekin aberasturiko dieta kontsumitzen, eta, dirudienez, azken 50 urteotan produkzioan, garraiatzeko moduan eta prestaeran eman diren aldaketek badute eragina gure sistema immunologiakoan. Hori dela eta, garrantzitsua da bizi garen inguruko belarrak kontsumitzea. Asko dago ikertzeko, sentitzeko eta ulertzeko...
Orain, modan jarri da eliteko sukaldarien artean loreak jartzea euren plateretan. Estetika hutsa dela iruditzen zaizu edo badute bere funtzioa?
Lore asko elikagarriak dira, eta, platerak itxuraldatzeaz gain, aberasgarri eta aromatikoak ere badira.
Jateko belarrak, pertsona baten bizimoduan, elikaduraren osagarri izan daitezkeela iruditzen zaizu?
Landareak bereizten jakinda eta erabilpena ondo ezagutuz, edonoren elikaduraren osagarri eta sendagarri izan ahal dira belarrak.
Etorkizunean, jateko belarrak barazkiak bezala kontsumituko al dira?
Besterik ez dugunean ikasten dugu eskura dugun horren balioa.
Oro har, belarrek izan dezaketen potentziala baloratzen dela iruditzen zaizu?
Kulturalki ez gara ohartzen duten garrantziaz, baina zentzu askotan gure euskarriak dira.
Maialen Sarasola. Sendabelarretan aditua
«Garrantzitsua da landareak ezagutu eta erabilpena hedatzea»
Bizitza eta nekazaritza ekologikoaren hamabostaldia egiten ari dira Goierrin. Jardunaldien barruan, sendabelarren eta jateko belarren garrantziaz ohartarazi du Maialen Sarasolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu