MAITE DUT MAITE... TALAIMENDI MUINOA. Alba Menendez. Eskubaloi jokalaria

«Garrantzitsua da niretzat tarteka itsasora gerturatzea»

Lasai egoteko lekua da Zarauzko Talaimendi muinoa Bera Bera eskubaloi taldeko kapitainarentzat. Herrira joaten den bakoitzean, hara igotzen saiatzen da, bistez gozatzeko.

LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Eskubaloia bezain gustuko du itsasoa Alba Menendezek (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Argi du, joaten den lekura joaten dela, itsasoa gertu behar duela. Talaimendi muinoak herriaren eta itsasoaren bista paregabeak eskaintzen ditu. Zarautzen bizi ez denez, nahitaezko bisita horietako bat da eskubaloi jokalariarentzat herrira itzultzen denetan. Bere buruarekin lasai egoteko uneak ematen dizkio jaioterriko mendixka horrek. Oso gustuko ditu bertatik ikusitako ilunabarrak: momentu «bereziak» dira Menendezentzat.

Zergatik aukeratu duzu leku hau?

Zarautz nire herria da, eta betidanik gustatu izan zait itsasoa; oso harreman estua dut itsasoarekin. Iruditzen zait erlaxatzeko eta lasai egoteko toki bat dela. Herri guztia ikusten da hemendik, eta, bista politak izateaz gain, uste dut toki lasaia dela pentsatzeko.

Pentsatzera etortzea gustatzen zaizu?

Bai. Lasai egotera etortzea gustatzen zait gehienbat. Dauden bistekin, lasaitasun bila etortzen naiz hona.

Sarritan etortzen zara?

Egia esateko, ez. Orain ez naiz Zarautzen bizi, eta, beraz, ez dut egunero etortzeko aukerarik. Zarautzera etortzen naizenetan edo tarte libre bat dudanean, kanpinera igo, eta hona etortzen saiatzen naiz, bistak ikusi ahal izateko.

Zer gustatzen zaizu egitea hona etortzen zarenetan?

Autoz edo oinez igo, banku batean eseri, eta lasai-lasai ilunabarra ikustea, edo itsasoari begiratzea.

Zarauztarra izanda, baduzu harremanik itsasoarekin?

Bai. Nik beti esaten dut noizbait kanpora bizitzera joango banintz itsasoa edo ura gertuan behar izango ditudala. Ez dakit zergatik, baina itsasoarekin badut nolabaiteko lotura hori. Garrantzitsua da niretzat tarteka itsasora gerturatzea, nahiz eta neguan, esaterako, ez bainurik hartu, behintzat presente izatea eta gertu egotea.

Zer du leku honek beste leku batek ez duenik?

Ez nuke jakingo zehatz-mehatz azaltzen, baina niri behintzat izugarrizko lasaitasuna ematen dit, eta oso toki polita iruditzen zait; herri guztia ikusten da, itsasoa ikusten da, ilunabarrak ere oso politak izaten dira... gehienbat ikuspegia da, nire ustez, leku honen onena.

Zein da hemen izan duzun oroitzapenik bereziena?

Ez dut oroitzapen berezirik, baina, niretzat, momenturik berezi edo gogoangarrienak ilunabarrak izaten dira. Arratsalde partean igo, eta eguzkia nola sartzen den ikustea oso polita izaten da.

Talaimendira bakarrik edo konpainian etortzea, zer da hobe?

Esango nuke egunaren araberakoa dela hori. Batzuetan, konpainia behar izaten duzu; beste batzuetan, ordea, lasaitasun bila igotzen zarenean eta bereziki zeure buruarekin egon nahi duzunean, hobe da bakarrik joatea. Egunaren eta momentuaren araberakoa da, nire ustez. Denerako momentuak daude.

Zuretzat zein izango litzateke bertan egingo zenukeen plan perfektua?

Arratsalde partean oinez igo, afari-merienda bat egin, eta ilunabarra ikustea. Lagunekin egingo nukeen plan bat izango litzateke hori.

Gehienbat zer sumatu duzu faltan konfinamenduan?

Itsasoa, dudarik gabe. Izugarrizko gogoa nuen hondartzara etortzeko; Zarauzko malekoira gerturatu eta itsasoa ikusteko. Eta, nola ez, kalera atera eta haize freskoa hartzeko gogoa ere banuen.

Nola ikusten duzu aurtengo eskubaloi denboraldia?

Gogotsu gaude, baina baita beldur pixka batekin ere. Ez dakigu zer gertatuko den, egoera honek nola eragingo digun, jokatzen jarraitu ahalko dugun... Baina, hala ere, gu gogotsu gaude. Gure aldetik ahal dugun guztia egingo dugu.

Nola doa denboraldi-aurrea?

Jada bukatzen ari gara: azken astea geratzen zaigu soilik. Burua hurrengo asteko Espainiako Kopan daukagu, horrekin hasiko baitugu denboraldia. Hain zuzen, aurreko denboraldiko Espainiako Kopa jokatuko dugu. Denboraldia hasteko gogoz gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.