Gartxoten omenez

XI. mendean Itzaltzun bizi izan zen koplaria gogora ekarriko dute gaur eta bihar.Haur eta helduentzako askotariko ekintzak prestatu dituzte

Eguraldia dena delakoa izanda ere, ibilaldia egingo dute gaur Elkorretara. GARTXOT EKIMENA.
Nagore Etxeberria.
2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gartxot koplariaren istorioa, kondaira eta koplak gogoan izango dituzte gaur eta bihar Itzaltzun (Nafarroan). Urtero bezala, Gartxot eguna egingo dute asteburuan, Gartxot Ekimenak antolatuta, eta XI. mendeko koplaria eta haren semea ahotan izango dituzte Itzaltzun biltzen diren Gartxot zaleek.

Gartxoten kondaira zabaltzea da Gartxot egunaren helburuetako bat, Maite Aranburu Gartxot Ekimeneko kideak adierazi duenez. Euskara sustatzea eta auzolana bultzatzea ere badira antolatzaileen asmoak. Horretarako, bi eguneko festa antolatu dute, «herri euskalduna, Gartxot zaleen topagunea eta auzolanaren eredua bihur dadin Itzaltzu, asteburu batez», Aranbururen hitzetan. «Erabakiak denen artean hartzen saiatzen gara, bilera bidez. Bakoitzak dakiena eginez eta ahal duena eskainiz saiatzen gara egitaraua osatzen. Nahiko programa erakargarria osatu dugula uste dut», aitortu du Aranburuk.

Hala, gaur goizean, 10:00etan, hasiko dituzte ospakizunak, Elkorreta kobazulora egingo duten irtenaldiarekin. Elurra iragarrita egonagatik, Gartxoten babeslekua eta herio lekua izan zen leizea bisitatuko dute. Elkorretara eramaten zuen bidea txukuntzen, prestatzen eta egokitzen denbora eman zuten Gartxot Ekimenak, eta, azkenean, 2011n antolatu zuten kobazuloa erakusteko ibilbidea, lehenengoz. Geroztik, urtero egin izan dute ibilbidea, eta ekitaldiz beteriko asteburua prestatu izan du Gartxot Ekimenak. Berez, baina, 2008tik ospatzen dute Gartxot eguna, Gartxoten omenezko tailu bat Itzaltzuko plazan ezarri zutenetik.

Mendira irtetera animatzen ez denarentzat ere izango dira ekintzarik. Itzaltzun ezarriko duten karpa handian, esaterako, haurrentzako dantza eta joko tailerrak egingo dira, 11:00etan. Eta 15:00etan, bazkari autogestionatua egongo da karpan bertan.

Kantaldiak eta beste

18:00etan hasiko dira arratsaldeko ekintzak, Ezkarozen. «Beti saiatu izan gara Gartxoten omenezko ekintzak ibarrera zabaltzen», dio Gartxot Ekimeneko kideak, eta, hala, Amama filma Ezkarozeko Ibar Etxean emango dute. «Transmisioaren gaiari lotuta, oso film interesgarria zela uste genuen, eta hori eskaintzea erabaki genuen», argitu du.

21:00etan hasiko dira afaltzen, baina, aurrez, kantaldia egingo du Amaren Alabak taldeak, Itzaltzuko elizan. Afalostean, berriz, Gathübi eta Xutik taldeak arduratuko dira gaueko giroa alaitzeaz.

Itzaltzun ibilgailu pilaketarik gerta ez dadin, Xin-Fan taxi zerbitzua jarriko dute, Otsagabiako aparkalekutik, 20:00etatik 21:00etara eta 00:00etatik 02:00etara. Itzultzeko, berriz, Itzaltzuko plazatik irtengo da taxia, 04:00etatik 06:00etara.

Bihar, 11:00etan hasiko da Berangoko Otxandategiko joaldun eta txistuen kalejira, herrian barna. 11:30ean, gaurko tailerretan ikasitakoa erakutsiko dute haurrek. 12:00etan, hamaiketako-bazkarirako ordua ezarri dute. Bazkaltzeko, ezinbestekoa izango da lekua hartzea. Horretarako, mezua bidali behar da gartxotekimena@gmail.com helbidera.

Xendarinen Ahizpak taldeak kantaldia eskainiko du bazkalostean. Eta Gartxot asteburuari agur esateko, Gartxot Ekimenaren ibilbidea jasotzen duen bideoa ikusi ahal izango dute Itzaltzura hurreratutako lagunek.

Gartxot eguna

Gaur eta bihar, egun osoko festa, Itzaltzun (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.