Ezarian. Ilusionismoa

Garunaren engainuak, agerian

Mundua nola hautematen dugun eta horren ondorioz ilusioak nola sortzen diren azaltzeko, 'Ilusionismoa, magia ala zientzia?' erakusketa ikusgai dago Bilbon.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko azaroaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Burmuina dagoen ilusionistarik handiena da». Baieztapen hori egin du Ignacio Morgado Psikobiologia fisiologikoko irakasleak. «Gure burmuinetik kanpo, ez dago kolorerik, argirik edo zaporerik. Hori guztia gure burmuinak hautematen du, hau da, gure buruan besterik ez dago», dio. Errealitatea hautemateko, garunak informazio ugari biltzen du zentzumen ezberdinen bidez. Behin metaketa eginda, elementu horien txertaketatik gure inguruko errealitatea eraikitzen du burmuinak. Baina informazio guztia ez du prozesatzen. «Interpretazioari bide ematen dio, askotan aurretik izandako esperientzietan oinarrituz», Morgadoren esanetan. Horrela, burmuinak energia eta prozesuak aurrezten ditu, jasotzen den informazio guztia interpretatzea «gehiegizko» lana baita. Eta horrek ilusioak sortzeko zirrikituak uzten ditu.

Magoek eta ilusionistek ere ongi asko dakite hori, eta burmuinak uzten dituen hutsune horiek baliatzen dituzte euren trikimailuak egiteko. Hori oinarritzat hartuta, Ilusionismoa, magia ala zientzia? izeneko erakusketak burmuinak nola lan egiten duen eta trikimailu horiek ilusio gisa zergatik hautematen ditugun azaltzen du. La Caixaren gizarte ekintzak antolatu du, eta Bilboko Casilda Iturrizar parkean egongo da urtarrilaren 13ra arte. «Ikusleak burmuinaren funtzionamendua uler dezala nahi izan dugu, horretarako dibertsioa erabiliz», dio Morgadok, erakusketako komisarioak. Entretenimendua sustatzeko, gainera, adibide ugari jarri dituzte erakusketan, burmuinak sortzen dizkigun ilusioak azalean utziz.

Ilusionismoaren inguruko xehetasunak azaleratuko dituzten arren, magiak «harritzen jarraitzeko» dohainak dituela uste du Psikobiologia fisiologikoko irakasleak. Eta hori zergatik? Ilusionismoa zientziaren aurretik doalako oraindik. «Fenomeno batzuk ez dugu ulertzen zergatik gertatzen diren», dio. Alde horretatik, magiak zientziaren garapenean lagundu duela azpimarratu du, eta etorkizunean ere horrela jarraituko duela aurreikusten du. Beraz, ilusio batzuen arrazoiak oraindik garbi ez daudenez, «magiak liluratzen jarraitzeko oinarri indartsuak ditu».

Baina magia hori baino gehiago da. «Magoari bere trikimailuekin harritzen utzi behar diogu, bestela berezko xarma galtzen baitu», dio Morgadok. Horregatik, ilusio guztiei zergatirik ez topatzeko gomendioa egiten du, «fantasia guztia galduko luke».

Burmuina ulertzeko, bost atal

Zenbait ilusio zelan sortzen diren ulertzeko, ordea, gakoak ematen ditu erakusketak. Eta horretarako bost atal bereizi ditu komisarioak. Lehen atalean, burmuinaren lan egiteko modua zein den azaltzen da. «Zentzumen bakoitza garunaren atal bakoitzarekin prozesatzen dugu, eta lotura hori ikusteko aukera dago». Atal teoriko hori testuinguan jartzeko da soilik, ondoren adibide ugari topatuko baititu bisitariak, burmuinak lan egiten duen moduaren ondorioz sortzen diren ilusioak erakutsiz.

Objektuak edo errealitatea ikusteko angeluaren, gai baten inguruan daukagun aurretiazko jakituriaren edo elementu ezberdinei jartzen diegun arretaren arabera, errealitatea era batera edo bestera hautematen dugu. Eta horren lekuko, xakeko hainbat piezaren irudiak daude ikusgai, atzeko aldea ilunduta edo argituta daukatela. «Pieza guztiek kolore berak dituzten arren, batzuk beltzak eta besteak zuriak direla iruditzen zaigu», dio Morgadok. Zergatik? Piezak ikustearekin batera, garunak badakielako pieza batzuk zuriak eta besteak beltzak direla. Era berean, okertuta dauden bi torloju ere topatuko ditu ikusleak, zantzu guztien arabera arkatz batek biak zeharkatu ezingo lukeena. «Hor angeluak zerikusi handia dauka, leku zehatz batetik ikusiz gero bi torlojuak osorik ikusten baitira». Baina ez da horrela; osatu gabeko bi pieza dira, baina gure burmuinak osatuta ikusten ditu. Era horretako beste hainbat adibiderekin, garunak nola lan egiten duen bertatik bertara ikus daiteke.

Baina ilusioa ez da eguneroko bizitzan bakarrik ematen. Zinemagintza bere osotasunean ilusio «erraldoi bat» baita. Eta zazpigarren arteari atal berezi bat eskaini diote erakusketan. «Berez zinema ez da dinamikoa, hainbat irudi estatikoren arteko jarraipen bat baizik», komisarioaren hitzetan. Baina bata bestearen atzetik abiadan proiektatuz gero, burmuinak bizia ematen dio segida horri. Eta ilusio hori sortzeko hastapenak aspaldi hasi ziren, XVIII. mendean. Hartan, kandela argiz argitzen zen proiektore batekin egin ziren lehen saioak, jendaurrean mamu eta hezurduren diapositibak erakutsiz. «Erabat iraultzailea izan zen hori, jendeak mamuak ikustean amesgaiztoak izaten baitzituzten eurekin». Ondoren iritsi zen irudien sekuentzia, eta gaur egunera arte ilusio optiko horrek jarraitzen du, Morgadok dioenez. Gailu horiek guztiak ere ikusgai daude.

Baina ilusionismoaren erabilera mundu klasikoan ere bazegoen, eta horien adibidea dakar Ilusionismoa, magia ala zientzia? erakusketaren laugarren atalak. Jainkoak gurtzeko tenplu batzuetan sistema hidrauliko bat jarrita zeukaten, biztanleek euren omenezko sakrifizioak egiten zituztenean ateak bakarrik zabaltzeko. «Askotan maltzurkeriarekin ere erabili izan da ilusionismoa». Baina ez antzinaroan bakarrik, gaur egun trilero-ekin ere antzeko zerbait gertatzen baita. Beraz, horien inguruko xehetasunak ere ematen dituzte, «inori iruzurrik ez diezaioten egin».

Azkenik, bisitariari magia edo ilusionismoko trikimailuak egiteko mintegiak eskainiko zaizkie. Tamariz magoaren grabazio batekin, ikusleak trikimailua nola egiten den ikusi eta ikasi ahal izango du. «Trikimailua nola egiten den ikasiko dute, ez ordea, trikimailua zein den», dio Morgadok. Ohiko esaldia baita magoak ez duela sekula bere trikimailua zein den azaltzen. Ilusionismoa, magia ala zientzia? erakusketan ilusioen arrazoi ugari utzi dituzte agerian, «denak ezin ziren ordea», dio txantxetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.