Telesailak

Gas toxikoari aurre egin zioten treneko langileak

Indiaren historiako hondamendirik handienetako bat fikziora eraman du Netflixek ‘The Railway Men: The Untold Story of Bhopal’ telesailean.

THE RAILWAY MEN
Mikel Yarza Artola.
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

1984aren amaieran, Txernobylgo hondamendia baino urte eta erdi lehenago, historiako istripu industrialik larriena jazo zen, India erdiguneko Bhopal hirian. Union Carbide enpresako planta kimikoaren 40 tona pasatxoko gas toxikoen isurketak 4.000-16.000 hildako eragin zituen, eta 500.000dik gora zauritu, egungo kalkuluen arabera.

Indiarrentzat hizki larriz idatzitako istorio bat da; arrasto sakona utzi du hainbat belaunalditan, eta, lau hamarkada geroago, bizirik jarraitzen du herrialdeko eztabaida soziopolitikoan. Orain, gertakari historikoa mundu zabaleko oroimen kolektiboan berpiztu da, Netflixen bidez.

The Railway Men: The Untold Story of Bhopal 1984 telesaila thriller ukituak dituen lau ataleko drama bat da. Hondamendiaren aurreko zein ondorengo gertakariak bildu dituzte fikzioan, eta, sortzaileek azpimarratu dutenez, planta industrialeko segurtasun eta protokolo akatsen zerrenda luzea izan zen, enpresako goi kargudunetatik langile hasiberrietaraino.

Lau ataletan marrazturiko pertsonaiak eta istorio paraleloak askotarikoak dira. Union Carbide enpresako langileekin batera ageri dira pantailan Indiako Gobernuko polizia agente sekretuak, trenbideetako arduradunak, kazetariak eta bestelako kaltetuak, izan planta industrialetik metro gutxira festan zebiltzanak ala treneko bidaiariak, hondamendiaren bihotzera zuzenean bideratu zirenak.

Telesailak aintzak hartu du ordu hartako egoera politiko korapilatsua, eta horrek are gehiago aberastu du. Bhopalgo hondamendi industriala Indira Gandhi garai hartako Indiako lehen ministroa erail eta gutxira jazo zen. Gertakari hark lau eguneko kale istiluak eragin zuen, eta sarraski lazgarri bat ere bai: sikhismoaren 3.000 jarraitzaileren hilketa.

Baina gau ilunenean ere, bada argi izpirik, eta hori izan da sortzaileen mezu nagusia. Narrazio estilo klasikoari eutsita, telesailak ehunka lagunen bizitza salbatu zutenen balentria azpimarratu du. Kontatu gabeko balentria. Izan ere, Indiako historia liburuetan apenas dagoen erregistratuta besteen bizitza salbatzeko eurena arriskatu zuten herritarren aparteko ahalegina. Hondamendiaren norainokoa iruditan islatzeko, plano sekuentzia adierazgarriak eta tentsio dramatikoa tinko mantentzen dituzten elkarrizketak baliatu dituzte.

Telesailak Indiaren historiako atal esanguratsu bat gizarteratu du, baina baita hango sortzaileak hobeto ezagutzeko leiho bat ireki ere. Aayush Gupta gidoigilearen lanen artean daude eskola hauteskunde giroko Toppers eleberria eta krimenak ikertzen dituzten polizia agenteei buruzko CID klasiko garaikidea. Telesail horrek 1.500 atal izan ditu hogei urteko bidean.

Bhopalgo hondamendiko biktima askok justizia eta erreparazio eske jarraitzen dute, berrogei urte geroago. Union Carbide enpresako lantegian gas toxikoak isuri zituzten zortzi langile bi urteko gutxieneko kartzela zigorrera kondenatu zituzten, eta horietako bik helegite bat aurkeztu zuten, The Railway Men: The Untold Story of Bhopal 1984 telesaila ez zedin argitaratu. Mumbaiko Goi Auzitegiak uko egin zion haien eskariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.