Magiak hartuko du Gasteiz, bihar hasi eta igandera arte iraungo duen 28. Magialdia dela eta. Makina bat ikuskizun, hitzaldi eta tailer egingo dute magia gogoko duten ororentzat zein mundu horretan lan egiten dutenentzat.
Aste barruan, haurrak izango dira publiko nagusia. Ikuskizun egokituak eskainiko dizkiete goizeko eskola orduetan, eta, arratsaldean, tailerrak egingo dituzte; 7 eta 12 urteko haurrentzat dira tailerrak. Etzi, berriz, Txagorritxuko ospitalera joango dira, gaixorik dauden haurrak liluratzeko asmoz.
Ez dira publiko bakarra izango, dena den, kaleak hartuko baititu magiak. Angulema eta Legebiltzarreko geltokiak, bihar; hiriko denden erakusleihoak, ostegunean; eta magia ibilbideak izango dira alde zaharrean, etzi eta etzidamu.
Asteburuan, berriz, agertokiak garrantzi handiagoa izango du. Ostiralean, larunbatean eta igandean, munduko artista entzutetsuek galak eskainiko dituzte: Shimpei (Japonia), Christian Englom (Finlandia), Cheol Yong (Korea), Radagast (Argentina)...
Egitarau profesionala
Publikoarentzat diren ekintzak ez ezik, baimendutako profesionalentzako hitzaldi, liburu aurkezpen eta erakusketak ere izango dira. Ostiralean hasi eta igandera arte iraungo du egitarau profesionalak. Hala, Anthony Blake mentalista asturiarrak, esaterako, teoria praktikan jartzeari buruzko hitzaldia emango du ostiralean.
Euskal Herriko magoek ere parte hartuko dute. Eriz magoaren lana ikusgai egongo da igandean, Atarian (Salburuan), 12:00etan; doan izango da.
Igandean amaituko da Magialdia, itxiera galarekin. Nazioarteko artisten presentzia egongo da: Cubic Act frantsesak edo Ezker Emparanza txiletarrak emanaldia egingo dute, esaterako. Espainia plazan izango da, 20:30ean.
Gasteiz magiak hartua
Bihar hasi eta igandera arte iraungo du Magialdia jaialdiak. Ekintza publikoak eta profesionalentzakoak antolatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu