Gasteizko txosnek dei egin dute abuztuaren 5ean kaleak hartzeko

Kolektiboek jakinarazi dutenez, lehentasuna «krisi egoerari modu kolektiboan» aurre egitea da, guztien «osasuna eta zaintza ezinbestekoak» baitira. Halere, argi dute Gasteizko Txosnak «behar bat» direla; beraz, egun osoko egitaraua antolatu dute abuztuaren 5erako.

Gasteizko Txosna Batzordeak gaur eginiko agerraldia. RAUL BOGAJO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko uztailaren 29a
13:01
Entzun

Gasteizko Txosnak «herri mugimenduaren bilgune, eta aisialdi zein jai eredu alternatibo baten iturria» dela iritzita, eta, aukera batez gain, «behar bat» ere badirela argudiatuta, batzordea osatzen duten kolektiboek abuztuaren 5ean Gasteizko kaleak hartzeko deia egin diete herritarrei. «Hamaika borroken plaza, indarrean dauden joera eta balioak eraldatzeko aukera, parte hartzekoa eta ikastekoa... Horiek dira Gasteizko Txosnak. Aukera bat, bai. Baina behar bat ere bai. Gasteizek behar duen iturria». Hori dela eta, egun osorako egitarau bat antolatu dute, osasun egoera gogoan izanda.

Gaur goizean egin dute agerraldia Gasteizko Txosna Batzordea osatzen duten kolektiboek, Unibertsitateen gunean. Haien arabera, iaz, eta, txosnen 40. urteurrenean, etenaldi bat egitea erabaki zuten, izurriteak eragindako egoeraren ondorioz, baina nabarmendu dute ez dutela beraien jarduna bertan behera utzi. «Beti egon gara lanean, azken 41 urte hauetan bezala; batzordea osatzen dugun kolektibook zein hiriko beste mugimendu eta eragileok kalean jarraitzen dugu». Argi azaldu dute beraien lehentasuna «krisi egoera honi modu kolektiboan» aurre egitea dela guztien «osasuna eta zaintza ezinbestekoak» direlako. Hori dela eta, erantsi dute «kontziente» direla hiriko jaiek «bestelako forma bat» hartu behar dutela, baina ez direla «besoak gurutzaturik» geratuko.

Batzordeko kideek nabarmendu dutenez, jaiak aisialdiaz harago, aldarrikapenerako espazio ere badira, eta bertan islatzen dira, besteak beste, eguneroko gatazkak, nahiak eta zapalkuntzak. Horiek plazaratzeko aukera bat direla uste dute, eta, hortaz, argi dute aurten ere kaleak hartzen jarraituko dutela. «Harro eta ozen diogu, urte guztietan bezala, Gasteizko jaietan aurten ere kaleak hartuko ditugula; horregatik, abuztuaren 5ean Gasteizko herriari kaleak hartzeko deia egiten diogu».

Eguneko egitaraua

Gasteizko Unibertsitateetako gunetik atera, eta aldarriak hirian zehar zabaltzeko hautua egin dute batzordeko kideek. 10:00etan ekingo diote egunari, eta herri azoka bat egongo da Gasteizko Alde Zaharreko Buruileria plazan. Horrez gain, haurrentzako eta gazteagoentzako txoko bat ere egongo da, bai eta 40. urteurrenarekin lotutako erakusketa bat ere. Herri bazkaria ere egingo dute, eta egunari amaiera emateko manifestazio bat, Artium museotik hasita, 18:30ean.

Bi Txosni sari ere banatuko dituzte. 2020koa, pentsiodunen mugimenduak jasoko du, azken urteetan «lehen lerroan aktibo egon den kolektibo bat» izan dela iritzita. 2021ekoa, berriz, ostalarientzako izango da, «pandemiaren eta instituzioen arduragabekeriaren ondorioen aurrean antolatzen eta kalea hartzen» jakin dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.