Sarean da jada gastronomiaz euskaraz gozatzeko aukera ematen duen webgune berria: www.sukaldean.com. Gastronomiaren arloan euskarak duen hutsunea betetzeko helburuarekin sortutako tresna bat da; sukaldean euskaraz bizi ahal izateko eta euskararen erabilera sustatzeko webgunea, alegia.
Xoraturikan irabazirik gabeko enpresak albo batean zeukan webgunearen proiektua. Baina, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailaren diru laguntza bat aprobetxatuz, webgunea eraberritu eta garaietara egokitzea erabaki du.
Mila errezeta baino gehiago biltzen ditu guneak, guztiak euskaraz. «Gehienak Sukaldean izeneko liburutik datoz, 2004an David de Jorgek eta Hasier Etxeberriak argitaratu zuten lanetik», adierazi du Xan Harriagek, webguneko kideak. Gainera, erabiltzaileek beren errezetak edota etxean egin duten plateraren argazkia ipintzeko aukera ere izango dute, horretarako prestatu duten webgune barneko blog batean.
Gaztelaniaz, gastronomiako web ugari daude sarean; euskaraz, berriz, gutxi. «Badaude sarean zehar benetako altxor batzuk. Esaterako, Olaiaren Sukaldea, Irinak eta Urunak eta Sukaldeanjaten. Baina sukaldean.com errezeta kopuruz handiena izango da», esan du Harriagek. «Orain arte bakoitza bere aldetik aritu denez, ez gara hain ezagunak; baina, esku emanez lan egiteko gai bagara, arrakasta handiagoa izango dugu, ziur».
Atari arrunt bat baino harago, sukaldaritzaren plataforma bihurtu nahi dute webgunea, norberak sukaldaritzan dakiena euskaraz partekatu ahal izateko.
Sukaldaritza hiztegia
Euskaldunon errezetategia aberasteaz gain, sukaldaritzan erabiltzen den hiztegi zehatza ere jaso nahi dute webgunean. Horretarako, badu 160 hitzez osaturiko hiztegi bat; zuzenean edo zeharka daude sukaldaritzarekin lotuta hitz guztiak. «Aurrera joan ahala, hori ere aberastu nahi dugu, eta, horretarako, sare sozialak eta Eleketa atala ditugu. Bertan, astean behin hitz bat nabarmenduko dugu eta, definizioa emateaz gain, Euskal Herriko beste leku batzuetan horri nola esaten zaion biltzen joan nahi dugu», azaldu du Harriagek.
Gastronomiaren inguruko albisteek ere izango dute txoko bat webgunean. Ziliportak izeneko atalean berrikuntzen, azoken eta gastronomiarekin zerikusia duten hainbat jairen berri emango dute, neurri handi batean.
Webgunearen erabilera sustatzeko helburuarekin sariak ere emango dituzte noizean behin, webgunean parte hartzen dutenen artean. Jada, lehen hamar errezetak jartzen dituztenen artean Sarako Ohalbidea jatetxean bi lagunentzako bazkari edo afari bat zozkatuko dute; beste hainbeste lehen 50 argazkiak ipintzen dituztenen artean. Argazkien atalean, Hernaniko Zumitza jatetxean izango da otordua. «Parte hartzea lortzea da gure helburua, besterik gabe», dio Harriagek; «argi dugu jendearen parte hartzea beharrezkoa dugula webgunea biziarazteko, baita gaur dagoena aberasten joateko ere. Jendearen konfiantza lortu nahi dugu, bere etxeko errezeta idatz dezan edota argazki bat jar dezan. Horretan datza gure erronka».
Bideo errezetak
Sare sozialetan ere bere lekua izango du sukaldean.com-ek. «Osatu nahi dugun sukaldaritzari buruzko euskal komunitate horretako komunikazio tresna izango dira Facebook, Twitter eta Berriketan. Webgunearen bizitzaren berri emateko erabiliko ditugu, baina baita ekarpenak, iritziak eta kritikak jasotzeko ere», esan du Harriagek.
Bideoen bitartez, halaber, errezetak nola egiten diren azaltzeko asmoa dute etorkizunerako, baina datozen hilabeteetan webguneak izango duen bizitasunaren arabera jokatuko dute arlo horretan. «Gaur egun Internet sarean dagoen formatu erakargarriena bideoa dela uste dugu, baina zalantzak ditugu jendeak eskaintza horri erantzungo ote dion; denbora baten ostean erabakiko dugu kontua», onartu du Harriagek.
Gastronomiaz euskaraz jarduteko webgune bat sortu dute
Mila errezetatik gora ditu erabiltzaileak eskura 'sukaldean.com' webgunean, betiere euskara hutsean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu