San Sebastian Gastronomika amaitu berri da Basque Culinary Center zabalduko duten hiriburuan eta, gainera, fenomeno horretan parte hartuko duten maisu askok esku hartuta. New York - San Sebastian (Espainia) lokarriak sendotu dira, dituzte. Ingelesez eta espainieraz aritu dira kongresistak, dakitenak behintzat. Euskal Herria, aipatu ere ez.
Polit-polita izan omen da dena bolizko eta uralitazko dorre okertu hartan. Afari ederrak egin dituzte, kopa asko hartu dute, makina bat kazetari eta politikari espezializatuk beren antzekoen bostekoa estutu dute.
Horri esker, New Yorkeko eremu pribilegiatu zenbaitetan San Sebastian hiriko sukaldariak ezagunagoak izango dira eta hango sukaldariren baten izena gogoratuko du hemengo sukaldariren batek. Donostiako, Gipuzkoako edo Euskal Herriko jatetxe gehientsuek ez dut uste nabarituko dutela aurrerapen latzik. Horietako asko, kili-kolo, larri, ateak zabaltzea ere, nahikoa komeri. Etxeko janak, egunerokoak edo festa girokoak, ez dakit zein mesede hartuko zuen, duen; edo denok noiz edo noiz irentsi behar izaten dugun elikadura industrialak; edo restopekoak. Baina guztion artean ordaindu dugu ospakizuna. Zergetatik xurgatzen zaiguna horretara ere bideratzen da, neurrigabe xahutzera.
Garai heroikoekin alderaturik, aldakuntza (garaipen?) bakarra PPko katea (Onda Cero) baztertu eta PSOEkoa (TeleDonosti) jartzea izan omen da. Gainerakoak, berdintsu.
Aldi bertsuan, futbolari ezagunek Euskal Herriko selekzioari eutsi nahi diotela adierazi dute, euskara hutsez adierazi ere.
Badirudi hauek duela berrogei urte hazkurriaren iraultza magikoa eragin zuten sukaldari zahartu, zaharkitu bikain haiek baino berrogei urte ilusionatuago bizi direla. Euskal Herria izan daitekeela, merezi dugula, irabazi behar dugula sinesten dutela. Burua fresko dutela. Hankak, lurrean. Eta hankak eta burua, Euskal Herrian.
Perurena inbitatu beharko al dugu izar askoko txiringito horietako batera, ea delako elkarrizketa ezagun horretan bezain efikaza den?
Gure partea ordaintzeko prest. Gustura.
Mahaian ere kontua ez da zer edo nola, nork eta norekin baizik.
ELIKADURA. Hazkurri kontuak
Gastronomika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu