Udako proposamenak

Gauak argituko du Ezpeletan

Gauargi munduko haurren eta dantzen jaialdia eginen dute, ortziraletik hilaren 21era. Itsasu, Kanbo eta Donapaleu ere bisitatuko dituzte dantzariek.

Munduko umeak dantzan, Gauargi jaialdian. PEIO CORNU / GAUARGI
Munduko umeak dantzan, Gauargi jaialdian. PEIO CORNU / GAUARGI
2025eko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezpeletan (Lapurdi) ez dago nazioarteko aireporturik, baina uztailero munduko dantzak eta umeak lurreratzen dira han. Izan ere, Gauargi dantza folklorikoen jaialdia ospatuko dute uztailaren 18tik 21era, eta piperren herria lurreratzeko pista bihurtuko da munduko hainbat txokotako kulturentzat: Ukrainako, Argentinako eta Euskal Herriko haurrek elkarri eskua emanen diote, nondik datozen galdetu gabe.

Ezpeletan izanen dira ekitaldi nagusiak, baina Lapurdiko bertze zenbait herri ere bisitatuko dituzte 6 eta 18 urte bitarteko 90 dantzarik: Itsasu eta Kanbo Lapurdin, eta Donapaleu Nafarroa Beherean.

Antolakuntzako kide Elaia Aznarrek adierazi du elkartearen helburua lotura sozial, kultural eta artistikoak areagotzea dela: «Giro oso ona sortzen da, eta bizipenak partekatu eta gauza anitz ikasten ditugu».

Aurten 28. aldia izanen da, eta, hastapenei begira, jaialdi aberatsagoa zela azaldu du Aznarrek. Haren erranetan, urteak pasatu ahala, giroa «familiarragoa» bihurtu da. Hala ere, urte osoko lana dela dio antolatzaileak; hilero 30 bat lagunek saltokia paratzen dute, janaria salduz, jaialdirako dirua biltzeko. Orain, berriz, 70 bat herritar buru-belarri dabiltza azken prestaketetan.

Argentinako Las Heras herriko dantza taldeak aurtengoan ere hegaldi bera eginen du jaialdian parte hartzeko. Herrialdeko kultur ondarea iparraldetik hegoaldera sustatzen dihardu taldeak. Okzitaniatik, berriz, Landetako Lous Bidaous eta Seignanxeko artzainek eta Ariegeko Les Massipus folklore eskolek Gaskoiniako tradizioak erakutsiko dituzte oholtza gainean.

Horrez gain, Ukrainako gerrako biktimei eta errefuxiatutako haurrei laguntza eskaintzen dieten hiru elkarte hartuko dituzte: Dobro Enfance, Bonum Ucrania eta Vesna64. Era berean, Ukrainako koreografia-ondarea sustatzen duen Vitaminchyky taldea taularatuko da, dantza tradizional eta garaikideak eszenaratuz.  

Kanpokoa deskubritzeaz gain, Euskal Herriko dantzak ere ezagutaraztea dute xede; hiru euskal talde arituko dira, lapurtarrak denak: Ezpeletako Ezpala, Hiriburuko Leinua eta Getariako Getaria taldea.  

Desfilez, dantzaz eta musikaz betetako egitarau zabala osatu dute antolatzaileek. Ortziralean hasiko da jaia. 10:00etatik aitzin kaleak alaituko dituzte, eta 20:30ean eginen dute ikuskizuna, merkatuan. 

Larunbatean kaleko animazioarekin segituko dute, 10:00etan hasita. 20:00etan, berriz, Bal Folk izeneko ikuskizuna izanen da herriko merkatuan, eta bertan herri bakoitzak bere dantzak erakutsiko ditu.

Igandea deskantsurako eguna izanen da, eta umeek harrerako familiarekin pasatuko dute eguna. Ezpeletako eta inguruko hogei familia dira; Itsasukoak, Kanbokoak, Azkainekoak edo Senperekoak, bertzeak bertze. Astelehenerako utzi dute ekitaldi nagusia, eta 20:30ean izanen da, merkatuan.

Dantza baino gehiago

Jaialdia ez da oholtza gaineko ekintzetara mugatzen. Familiekin eta nerabeen zentroetako gazteekin topaketak egiten dituzte ere. «Ortzegunean, Baionako ospitaleko haurrak alaitzerat joanen gara, eta Goxokiak deituriko gazte diabetikoei laguntzeko tokiko elkartearekin ere kolaboratuko dugu», adierazi du Aznarrek.

Horrez gain, jaialdiaren egun bat adinekoei eskainia dago, Belaunaldien arteko eguna deiturikoa. Loturak sortuko dituzte tokiko zaporeak dituen bazkari batekin eta emanaldi batekin.

Emanaldiak ikusteko sarrerak eskuragarri daude www.gauargi.eus webgunean: helduentzako 14 eurotan, eta haur, ikasle eta langabeentzat, erdi prezioan. Hala, lau egunez, mugak desagertu, hizkuntzak nahastu eta mundu osoko haurrek, dantzek eta kulturek bat eginen dute Ezpeletan.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.