Donostiako Aste Nagusia

Gauaren hamaika aurpegiak

Kontzertu nagusiez gain, estilo ugaritako musikaz gozatzeko aukera izaten da: erromeriak, pasodobleak, mariatxiak...Anai-Arrebak eta Ken Zazpi taldeek joko dute gaur Saguesen

Euskal dantzak gustuko dituztenentzat edota ikasteko gogoz daudenentzat, erromeriak izaten dira gauero Konstituzio plazan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Festa eta gaua sinonimoak direla usteko dute askok, bateragarriak direla beste zenbaitzuek, eta su festa ikusi orduko etxera joaten denik ere izango da. Adinak eta gustuek zerikusi zuzena dute horretan. Horregatik, egunak bezala, Donostiako gauak ere hamaika aukera eskaintzen du. Etxera joan edo kalean geratu, hortxe izaten da barne gatazka.

Gaua gazteentzat dela esan ohi dute adinean aurrera egindako askok. Txosnetan zein Parte Zaharrean piraten adabakia begian dantzan ibiltzea eta Gipuzkoa plazan antzerki bat ikustea, baina, ez dira gauza bera, Saguesko kontzertuetan saltoka ibiltzea eta Kursaaleko terrazan Gin Tonic bat mahai gainean lagunekin solasean egotea kontu bera ez diren bezala. Eta ez dezala inork esan Konstituzio plazako erromeriak eta Easoko orkestrak edo Bulebarreko musika eta dantza emanaldiak antzekoak direnik. Horra hor Donostiako Aste Nagusia gauez gozatzeko aukera sorta.

Adierazgarria da festetako egitaraua aurkeztu aurretik plazaratzen direla Saguesen izango diren kontzertuak. Jendea horien zain dagoen seinale. Aurreko urtean euskal taldeen alde nabarmen egin zuen udalak, eta aurten ere erabaki horri eutsi dio. Gose izan da musikaren Donostiako gotorlekuko oholtzara igo den azken euskal taldea. Asteazkenean eman zuen kontzertua, Fuel Fandango osatzen duen bikote espainiarraren aurretik.

Ohiko ausardiarekin eta lotsagabekeriarekin igo zen agertokira Arrasateko hirukotea. Ines Osinaga abeslariak dio erronka gisa hartu zutela han aritzea. «Apustu eta arrisku handia da gu bezalako talde bat hautatzea Saguesen jotzeko», adierazi du Osinagak, bertan aritu ohi diren taldeek jendetza itzela mugitzen dutela aintzat hartuta. Izan ere, ohikoak ez diren doinuek denbora bat behar izaten dute entzuleak berenganatzeko, eta Goseren trikiti eta elektronika nahasketa da horietako bat.

Hotz samar nabari zen jendea kontzertu hasieran, baina abestiak jo ahala, eta taldekideen ohiko jarrera probokatzaileari esker, bizkor berotu ziren han bildutakoak. Osinagak oholtza utzi eta jendartean agertu zenean murgildu ziren ikus-entzuleak festan. Abeslariak barre txiki artean aitortu du donostiarrak, esaten den bezala, txepel samarrak direla, baina oso gustura aritu zirela gaineratu du, eta bikain sentitu zirela emanaldi amaitzerako.

Erromerien erritmora

Gauero-gauero, 23:30 jotzean, Konstituzio plaza doinu tradizionalen erritmora dantzan jartzeaz arduratzen da erromeria talde bat. Lotsati samar hasten dituzte emanaldiak, baina ez da asko behar izaten jendea berotu eta giroan sartzeko. Asteazkenean, esaterako, Erdizka Lauetan taldearen txanda izan zen.

Erromeriak dantza du ezinbesteko osagai, eta inguru guztia dantzan jartzeko helburuarekin igo ziren agertokira lau musikariak eta dantza maisua. Inolako trebezia berezirik behar izan gabe, aise ikasi zituzten pausoak parte hartzera animatu zirenek. Joko-dantzak eta esku-dantzak ere egin zituzten, eta barre algarek ere izan zuten tokia, norbait pausoekin nahasten zen bakoitzeko.

Easo plazan ere, jendetza biltzen da, gerriak pasodobleen, mariatxien edota tangoen erritmora mugitzeko. Plazak dantzan jartzen esperientzia duten orkestrak igotzen dira oholtzara. Bulebarrean ere, eskaintza antzekoa izaten da, baina egun bakoitzean estilo jakin bat lantzen duen talde bat izaten da. Musika kubatarraz gozatu zuten atzo han bildutakoek, eta tango biziak ekarriko ditu gaur Cachivache Argentinako taldeak. Piraten gunean, La Flamenkan, gazte giroa dago, eta parrandarako beta ematen du, inguru euskaldun eta herrikoian. Gaua lasaiago hartu nahi dutenek Kursaaleko terrazetara jo besterik ez dute.

Gaurko aukerak

Aste Nagusia azken txanpan sartu da dagoeneko, eta gune gehientsuenetan gaur izango da dantza eta festarako azken aukera. Trikiteens taldea igoko da Konstituzio plazako oholtzara 23:30 jo orduko, erromeriazaleen gozagarri. Easo plazan, berriz, Avenida orkestrak itxiko du festetako bolero eta pasodobleen eskaintza. Argentinarrak izango dira Bulebarreko Kioskora igotzen azkenak, El Cachivache laukotea. Buenos Airesko folklorea ekarriko dute Donostiara, tango erritmo biziekin. Dantzariak ere izango dituzte, tangoa dantzatzen jakin ez eta ikusiz ikasi nahi duenaren mesedetan.

Musika modernoago batera jauzi eginez, Alex del Toro DJaarduratuko da gaur Kursaaleko Urumea terraza girotzeaz. Biharamaituko da Kursaal Gune Zabalekoa, amaiera festarekin. Saguesen, berriz, Anai-Arrebak Pasaiako taldearen eta Ken Zazpi talde aski ezagunaren emanaldiaren ostean amaituko dira kontzertuak, hurrengo urtera arte.

Bihar ere festa gogoz dabilenak portura jo besterik ez du izango, bihar arte iraungo baitu Piraten egitarauak. Iheskide eta Xalbala taldearen kontzertuak izango dira gaur gauen La Flamenka gunean, eta Governors Arrasateko taldearen eta Obrint Pas Kataluniakoaren txanda izango da bihar. Aski trebeak dira azken horiek inguru guztia dantzan jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.