Gaueko lanak edo kontrabandoak indar handia izan zuen Baztango haranean (Nafarroa),batez ere 1936ko gerraren ondotik. Baztandar ugari aritu zen eginkizun horretan, eta benetako industria moduan onartua izan zen 1950eko hamarkadaren bukaeran eta 1960koaren hasieran. Harrezkero, mende erdi joan da, eta Pedro Esarte historialariak eta kontrabandista ohiak (Elizondo, 1936) El contrabando en el Valle de Baztan contado por sus protagonistas (Kontrabandoa Baztanen, horretan ibilitakoek kontatua) liburua argitaratu du berriki Pamiela argitaletxearekin. Egilearen laguntzarekin, gaueko lanean aritutako lagun batzuk bildu ditu BERRIAk Elizondoko Arriarte elkartean. Gaztaroan kontrabandoan izandako gora-beherak gogoratu dituzte.
Santi Sansiñena, Jose Mari Garate, Remigio Lizasoain eta Migel Mari Lazaro elizondarrak. Laurak 70 urte bete dituzten arren, sasoian daude oraindik. Erretiroa hartuak, pentsamenduz bada ere, gaztarora itzuli dira.
Santi Sansiñena 1957an hasi zen kontrabandoan, 17 urterekin. Sei anai-arrebaren artean zaharrena izanik, jolasean ibiltzeko betarik ez zuen izan gaztetan. Artean gurdi txiki batekin Arizmendi okindegiko ogia partitzen ibiltzen zen goizero, etxez etxe, Elizondon. Lana baliatuz, ogiaren azpian gordeta kontrabando fardelak banatzen hasi zen. «Zamak ateratzen ziren Saratik (Lapurdi) eta Otsondoko gaineraino ekartzen zituzten gau batean. Olabideko Salaberriko bordan uzten zituzten, eta hurrengo egunean Pausotxarretik barna Elizondo gaineraino ekartzen zituzten. Gauez sartzen zituzten okindegiko egurtegira». Hortaz, Saratik sartzen zen kontrabandoak bi egun behar izaten zituen Elizondora iristeko. Beste bide bat ere erabiltzen zuten herrira iristeko, Aldudetik (Nafarroa Behera) Beartzun Elizondoko auzotik pasatuz.
Batez ere, parpaila eta kobrea ekartzen zuten. «Gurdia nik eramaten nuen, eta gehienez 120 kilo kobre [lau biribilki] eraman izan nituen». Fardel bakoitzeko 5 pezeta (0,003 euro) irabazten zuen eta 10 pezeta (0,006 euro) lau kobre biribilkirengatik.
Gauez mendian fardelak garraiatzen, goizez ogia banatzen, eta arratsaldez kobrea biltzen. «Ahal genuenean ez ginen minutu bat gelditzen. Lan gogorra zen, batez ere tamaina handia zuten fardelak ekartzen zirenean. Bizkarrean jarri eta kopetakoarekin eutsiz ekartzen genituen. Maiz ezin zinen bideen barna ibili, eta, askotan, zuhaitzen adarrekin joz ibiltzen ginen. 30 kilo inguruko fardelak ziren, baina 15 kilometro joan eta etorri egiten genituen. Fardel bakoitzeko 70 pezeta ordaintzen zidaten». Guardia Zibilarekin ere izan zituen gorabeherak. Bera eta beste zama eramaile bat autoentzako argiak garraiatzen Labakiako bidegurutzean harrapatu zituztenekoa ez du ahaztu. «Arratoiak tranpan bezala erori ginen». Sansiñenak alde egitea lortu zuen, eta ibaia gurutzatu ondoren, ezagun baten etxean sartu zen Azpilkueta herrian. Guardia Zibila galdezka bazetorren gaua han igaro zuela esateko aginduta itzuli zen etxera. Baina guardia zibilek ezagutu egin zuten, eta Elbete auzoan zegoen kuartelera joateko agindu zioten. «Bi kablerekin argindarra sartu zidaten sudurzuloetatik, baina beste atxilotua ezagutzen nuela ukatu nuen». Elizondoko espetxera eraman zuten, eta hurrengo egunean askatu.
Guardia Zibilarekin izandako tirabirak gogoan, Remigio Lizasoain sartu da elkarrizketan. Hamahiru anai-arrebaren artean zaharrena izanik, 16 urterekin hasi zen kontrabandoan, zamalari lanetan. «Guardia Zibilaren aurretik lasterraldi bat baino gehiago egina naiz. Tiroak bota bai, baina ni ibili nintzenetan beti airera botatzen zituzten». Alduden hartzen zuten paketea, eta Elizondora iristeko kilometro gutxi falta zirenean gordeta utzitako zama herrira sartzen aritzen zen. «Denetarik ekartzen genuen: kobrea, nikela, errodamenduak, parpaila, nylon harilak, edariak... 30 kilo inguru izaten zen pisua». Zelatariak ere izaten zituzten. Batzuetan oihuka, beste batzuetan baserrietako leihoetan zapi zuriak jarriz abisatzen zieten guardia zibilak gertu ziren ala ez. «Binaka ibiltzen ginen. Lehenengoak iratze fardela eramaten zuen maiz, guardiek altoa botaz gero atzetik heltzen zirenak alde egin zezaten. Zuk oihu egin eta besteak alde egiten zuten. Binaka joaten ginen, ehun metroka, eta guztion artean 10-12 zama eramaten genituen». Harrapatu ez zuten harrapatu, baina behin aldapa goiti lasterka alde egin behar izan zuen, bizkarrean zekarren nylon paketea lurrera botata. Guardia zibilek ere kontrabandotik atera izan zuten abantaila. «Oso diru gutxi irabazten zuten, estu bizi ziren, eta askok hobeki bizitzeko aukera ikusi zuten». Soldaduskara joan zenean utzi zuen.
Vicente Ballarena menditik ekartzen ziren fardelak zaldi gurdian herrian sartzeaz arduratzen zen. «Sakonera bikoitza zuen gurdiak. Fardelak belarrarekin estaltzen genituen, eta Agerrea etxera etortzen ginen. Eguerdian egiten genuen». Arratsaldeetan, berriz, beste batzuei kopiatuz egin zuten tresnarekin kobrea gaztatxoetan biltzen aritzen zen. «Kobrea jaisteagatik 1,50 pezeta ordaintzen zizuten, eta beste hainbeste biltzeagatik». Kontrabandoak 1960ko hamarkadaren hasieran izan zuen indarra apaltzen joan zen, eta baztandar askok Ameriketara emigratu zuten ogibide bila.
Iruritako ilehorien txoferra
Jose Mari Garatek Angel eta Esteban Urteaga Iruritako ilehoriak esaten zieten kontrabandistentzat lan egin zuen. Jada hilda daude biak. Batez ere, Estebanentzat aritu zen. Iruritako ilehoriak haurtzaroan ikazkin lanetan aritzen ziren mendian, gero Elizondon banatzeko. Kontrabandoaren aukera ikusirik, buru-belarri sartu ziren lanbidean, eta dirua egin zuten. Esteban nahiko gazterik hil zen, Zugarramurdin, gidatzen ari zen traktorearen azpian harrapatuta. Angel, berriz, espetxean egon zen, eta Frantzian ihesi ere bizi izan zen. «Denetarik pasatzen zuten. Baztanek 40 kilometroko muga du, eta haiek hainbat tokitan kargatzen zuten», gogoratu du Garatek. Vespa moto batekin hasi zen kontrabandoan Garate. «150 kilo kobre ekartzen nituen Zugarramurditik Iruritara. Gasolinaren deposituan gordetzen nuen. Depositua txikitu egiten zen eta gelditzen zen tartean sartzen genuen. Bidaia egiteko beharrezkoa zen gasolina bakarrik izaten nuen». Motoarekin urte eta erdi ibili zen, eta gero beste urte erdi inguru autoarekin. Laudiora (Araba) eramaten zuen kobrea, eta lingotea bazen, Bilbo ondora. «20 urterekin hasi nintzen etagidabaimenik gabe ibili nintzen. Belaten zegoen Guardia Zibilaren postuan altoa ematen zidaten, baina pasatzen uzten zidaten. Han denak saltzen ziren». Arazoa, autoan eramaten zuen kontrabandoak baino gehiago, ibilgailuan merkantzia gordetzeko tranpak sortu zion. «Behin jipoi ederra eman zidaten. Zama gordetzeko tranpa harrapatu zidatenean Belaten. Erremintetarako kutxa zela esan nien, baina ez zidaten sinetsi». 500 pezeta (3 euro pasatxo) ordaintzen zizkioten Elizondotik Bilborako bidaia egiteagatik. Urteaga anaiei buruz «lotsa galdua» zutela dio. «Guardia Zibilak harrapatzen zituen, baina bi egunen buruan kalean ziren. Diruarekin indarra izaten da. Jende boteretsua ezagutzen zuten eta kontrabandoa lotsagabeki egin zuten».
Bigarren belaunaldia
Miguel Mari Lazaro besteak utzi zutenean hasi zen kontrabandoan, 1964an.Ez zen mendian zamaketari lanetan ibili, eta beti errepidez aritu zen zereginean. Beste batekin bazkide hasi zen. Larunbatero, 200 labana ekartzen zituen Elizondora. Baigorrin (Nafarroa Beherea) autoa kargatu, eta hurrengo egunean Iruñera eramaten zituzten. Artean ez zuen autorik, eta bazkidearekin banatu behar izaten zituen irabaziak. «Bidaia bakoitzeko 250 pezeta [bi euro eskas] irabazten nituen, eta gero 500 irabaztera iritsi nintzen». Urteak pasatu ahala, Iruñean lagunak egiten hasi zen, eta sakarina kristaldua ekartzeari ekin zion. Paristik bidaltzen zioten mugara. «100 kilorekin hasi ginen. Zaragozan saldu genuen. 3.000 pezeta [18 euro pasatxo] irabazi genuen bakoitzak». Gaseosa eta xanpain enpresetan eta upeltegietan saltzen ere hasi ziren. Bartzelonan bezero bat lortu zuten, eta astean 200 kilo eramaten zuten, Katalunian beste bide batzuk ireki eta sakarinaren merkatua normalizatu egin zen arte. Hori bukatuta puruak ekartzen hasi zen. «Dantxarineara joaten ginen autoz, matrikula aizunekin, puruak Iruñera ekartzeko». Orduan Poliziarekin hartu zuten sustoa ongi gogoan du. «Iruñeko Seminarioaren parean gelditu ginen 26.000 puruko zama tokiz aldatzeko, baina Polizia etorri zen. Autoari adi-adi begiratu arren, alde egin zuen altoa eman gabe. «Ford Versalles markako autoa genuen, deigarria oso, aurreko eserlekuak bakarrik zituelako, zama atzeko maletategian burusi batekin estalita eramateko». Eskatzen zizkieten merkantziak bakarrik ekartzen hasi ziren, eta, arriskurik ez izateko, aldiro muga toki batetik pasatzen zuten: Baigorri, Bera, Etxalar, Irun, Dantxarinea...«Lanaren espezializazioa etorri zen; telebistak, irratiak... eskatzen zigutena ekartzen genuen. Ezkongaien soinekoak ere ekarri izan nituen Paristik Madrilera eramateko. 20 kutxa eta 1.000 pezeta [6 euro] jaso nituen bakoitzeko». Negozioa bukatzen ari zela ikusi, eta utzi egin zuen. «Zortea izan nuen, eta kontrabandoari esker hobeki bizitzeko aukera izan nuen».
Ezarian. Kontrabandoa Baztanen
Gaueko lanaren begiradak
Baztanen kontrabandoan aritutako hainbat lagunen testigantzak bildu ditu Pedro Esartek 'El contrabando en Baztan contado por sus protagonistas' (Kontrabandoa Baztanen, horretan ibilitakoek kontatua) liburuan. Argitalpenaren aitzakian, lan horretan bizitakoak kontatu dituzte hainbat kontrabandistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu