Mari Cruz Iribarren. Jostuna

«Gaupasa ederrak egin izan ditut trajeak eskuz josten»

Tolosako inauterien hasiera iragarri zuen suziria botatzeko ohorea izan zuen Iribarrenek, hura izendatu baitzuen Kabi Alai elkarteak 2017ko inauterizale kutun. Jostun lanak ez ezik, denetarik egin du ehun urtean: erizain eta sukaldari lanak 1936ko gerran eta ondorengo urteetan; dirua diru fabrikan; neskame lanak, eta beste. 100 urte beteko ditu irailaren 20an.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Tolosa
2017ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inauteri hitza entzute hutsarekin hunkitu egiten da Mari Cruz Iribarren (Tolosa, Gipuzkoa, 1917); begiak dirdiraka jartzen zaizkio, eta festetako anekdotak eta pasadizoak etenik gabe etortzen zaizkio gogora. Gaztetatik maite izan ditu herriko festa koloretsu eta alaienak, eta betidanik gustatu izan zaio mozorrotzea; amak uzten ez zion garaian ere, ezkutuan mozorrotzen zen. Seme-alabak eta bilobak eskuz egindako trajez mozorrotu izan ditu txikitatik. Arrazoi osoz izendatu dute inauterizale kutun aurtengo inauterietan.

Inauterizale kutun izendatu zintuen Tolosako Kabi Alai elkarteak inauterietan. Ilusioa egin al zizun izendapenak?

Egia esan, urduri jarri nintzen hasieran, baina ilusio handia egin zidan. Goizean goizetik «Gora inauteriak!» esan behar nuela entrenatzen aritu nintzen, baina, balkoira irten nintzenean, ez zitzaidan atera, eta «¡Viva los carnavales de Tolosa!» oihukatu nuen [Gora Tolosako inauteriak!]. Urduri nintzen, baina, aldi berean, lasai. Arratsaldean jende pila hurreratu zitzaidan, nirekin argazkia egin behar zuela eta. Oso-oso ongi pasatu nuen ostegun gizena.

Inauteriak gustatzen zaizkizu?

Izugarri. Tolosan egiten diren jai guztien artetik gehien gustatzen zaizkidanak dira. Seme zaharrena [Javier Arozena] 2 urte baino ez zituela mozorrotu nuen lehen aldiz. Ia inor mozorrotzen ez zenean, nik nire seme-alabak mozorrotzen nituen.

Asko aldatu dira inauteriak?

Asko, asko, eta txarrera, gainera. Orain ere karroza batzuk erre omen dituzte. Hori ezin da egin. Ez dut ulertzen nola egin daitekeen horrelakorik.

Betidanik gustatu izan zaizkit inauteriak. 4 urte nituela, kaldereroen karrozan irten nintzen. Ostegun gizenez, karroza bat ateratzen zuten, eta txistorra egin eta banatzen aritzen ziren. Bizilagun bat kaldereroz ateratzen zen, eta hark eraman ninduen haien karrozan. Dantza eta salto egitea izugarri gustatzen zitzaidan, eta poz-pozik joan nintzen. Txarangak ateratzen ziren, eta musika nagusitzen zen kalean. Txarangaren atzetik dantzan joaten ginen kuadrillan. Orain Plaza Berria dagoen lekuan, dantza batean ibiltzen ginen. Gaur egun, ia inork ez du dantzarik egiten musikarekin. Alaitasun horren falta sumatzen dut. Karrozak ere ikusgarriak egiten zituzten. Karrozak egiteko gauzak ematen zizkieten hainbat dendatan: telak, zapatak eta beste. Tabernek ere dirua ematen zieten. Egun, ez da halakorik gertatzen. Zezen plazatik Rondilla kaleraino joaten ziren karrozak. Lehengo, inauteriak askoz ere naturalagoak ziren. Lehen ez zen kanpoko hainbeste jende etortzen. Astelehenetan azoka izaten zen, eta baserritarrak etortzen ziren. Gainerakoan, herrikoak ibiltzen ginen soilik.

Betidanik ospatu izan dira inauteriak?

Francok debekatu nahi izan zituen, 1936ko gerran. Parroko bat ere etorri zen, eta hark ere kendu nahi izan zituen, baina jendeak laster egin zuen protesta, eta mehatxu egin zioten ez zela inor mezetara joango inauteriak kentzen bazituzten. Eta ospatu, ospatu ziren. Beste izen bat jartzeko agindua eman zuen Francok, eta Udaberriko Festa izendatu zituzten.

Mozorrotzeko ohiturarik bazenuen?

Bai, gogoko nuen. Larramendi kalean etxe altu bat zegoen, eta inauterietan dantzaldia egiten zen han, baita Gorriti zinema aretoan ere. Amak ez zigun mozorrotzen uzten, alaba zaharrenarengatik. Hura oso politikoa zen. Niri, baina, politika ez zitzaidan interesatzen; niri festa gustatzen zitzaidan, eta mozorrotzea. Bazen denda bat mozorroak alokatzen zituena. Urtean zehar pagaren zati bat gordez joaten ginen, mozorroa alokatzeko. Lagunaren etxean elkartzen ginen, eta han mozorrotzen ginen. Ondoren, aurpegian mozorroa jartzen genuen, eta festara. Iluntzeko hamabietarako etxera erretiratzen ginen, zintzo-zintzo. Amak ez zekien halakorik; hori jakin gabe hil zen, gainera. Orain ere gustura mozorrotuko nintzateke, baina...

Zuri mozorrotzea gustatzen zitzaizun, baita besteak mozorrotzea ere, ezta?

Seme zaharrena 2 urterekin mozorrotu nuen, eta, geroztik, urtero egin nien seme-alaba guztiei mozorroa. Ondoren, bilobei mozorroak egiten hasi nintzen. Orain denak hazi dira, eta euren kabuz mozorrotzen dira. Mozorroak nori egin ez dudanez, panpinei egiten dizkiet. Baditut bi panpina, eta haiek mozorrotzen ditut urtero, balkoian jartzeko. Inauterietan, ondo apainduta izaten dut balkoia.

Baliabide askorik ez izan arren, mozorroa sekula ez zitzaien haurrei falta, ezta?

Ez, beti egiten nien, ahal nuenarekin. Senarra lanik gabe egon zen garaian, izorratu samar genbiltzan, eta ez nuen mozorroak egiteko oihala erosteko dirurik. Oihalak saltzen zituen dendariarengana joateak erreparoa ematen zidan. Orduan, gau batez, balkoiko errezelekin egitea bururatu zitzaidan. Errezelak zuriak ziren, eta puntutxo gorriak zituzten, parpailekin. Haiek askatu, eta sevillarrez mozorrotu nituen haurrak. Behin inauteriak pasatuta, berriro zintzilikatu nituen errezelak. Beste behin, uholdeak izan ziren, 1953an, eta haurrak telazko papera batekin etorri ziren; kalean topatu zuten. Dendara joan nintzen galdetzera badaezpada ea harena ote zen, baina dendariak esan zidan gehiago bazuela eta lasai eramateko. Printzesa jantzi eder bat egin nuen.

Denetarik erabili izan dut mozorroak egiteko. Irene Mugertza jostunarekin ikasi nuen josten. Espainiako gerra hasi zenean, utzi egin behar izan nion josteari.

Ordu asko pasatuko zenituen josten...

Ordu pila. Askotan gauez josten nuen; maiz, senarra esnatzen zen goizaldeko laurak aldera, eta egongelan ikusten ninduen: «Zer egiten duzu ordu hauetan!», esaten zidan. Maitagarriaren jantziak, esaterako, lentejuela pila zituen, eta haiek banan-banan jarri nizkion. Gaupasa ederrak egin izan ditut trajeak eskuz josten. Herrian denak egoten ziren gu etxetik noiz irtengo zain, mozorroak ikusteko, lehen ia inor ez baitzen mozorrotzen.

Jostun lanetan ez ezik, sukaldari lanetan ere aritu zinen 36ko gerran, ezta?

1936ko gerra piztu zenean, 18 urte nituen. Nire gurasoak karlistak ziren, eta partiduko jendearen bila hasi ziren, gerran zebiltzan tropei jaten emateko. Halaxe, kantina bat zabaldu zuten, eta han hasi nintzen lanean, sukaldari gisa, lanik ez nuenez... Ibarran bizi ginen orduan. Etxeak azpian soto handi bat zuen, eta, gerrako hegazkinak gainetik pasatzen ziren aldiro, sotoan ezkutatzen ginen bizilagun guztiak. Herritik Belauntza aldera begiratuz gero, Nafarroatik erreketeak menditik nola sartzen ziren ikusten zen. Han goian kanoi bat jarri zuten, eta Belauntza aldera botatzen zituzten obusak pasatzen ziren etxearen gainetik. Leihoetan koltxoiak edo burkoak jartzen genituen, babesteko; artileak balan kiribilduta geratzen zirela esaten baitzuten.

Egun batean, goizeko zazpietan kanpaiak jotzen hasi ziren. Mendi aldera begiratu, eta menditik behera tropak jaisten ikusi genituen. Etxera etorri ziren, gose zirela esanez. Eskerrak 50 oilo genituen. Jatekoa prestatu genuen denentzat.

Sukaldari lanetan aritu zinen, beraz?

Bai, gerra garaian presoentzako bazkaria prestatzen aritu nintzen. Behin, jana eramatera joan ginenean, furgoneta batean preso pila sartu eta eramaten zituztela ikusi genuen. Ez ziren gehiago azaldu. Badaezpada, ezkutatu egin ginen plazako zutabeen atzean.

Ez zen hori izan gerran egin zenuen lan bakarra, ezta?

Ez, gero gerran zauritutakoak sendatzen hasi ginen. Zauritu ugari iristen ziren, eta ospitale bat ezarri zuten. Ez nituen erizain ikasketak, baina abilezia berezia nuen zauriak sendatzeko. Hala, izena eman nuen ospitalean gaixoak sendatzeko. Juanita Tuduri erizainak berarekin eramaten ninduen askotan, eta gauza asko ikasi nituen.

Oso gauza gogorrak ikusiko eta biziko zenituen, ezta?

Bai, oso. Behin zauritu batek oihuka deitu ninduen, inork ez zuela-eta artatu. Izerditan zegoen. Elgorria zuen. Nik ez nuen oraindik gaixotasuna pasatu, baina, hala ere, gaixo hura artatu nuen. Beti egon izan naiz laguntzeko prest. Moja etorri eta ikusi ninduenean, errieta egin zidan, ez nuela elgorria pasatu, eta ea zer ari nitzen. Oso argi nuen gaixoak sendatzeko nengoela han, eta nire lana egiten ari nintzela. Goizero, gaixo hari egiten nion bisita lehenik. Azkenean, sendatu egin zen, eta ni ez nintzen kutsatu.

Beste behin, zaurituz beteriko tren bat iritsi zen Donostiatik. Halako batean, nire izenez deitu ninduen zauritu batek. Nire koinatua zen, Antonio. Ezkertiarra zen hura. Preso ekarri zuten; baina, zauritua zegoenez, erietxera eraman zuten. Etxean bagenekien Donostiara joana zela, baina ez genuen haren berririk. Etxera eramateko eskatu zidan koinatuak. Orduan, komandantearengana joan nintzen, mesede eske. Hark esan zidan ezin nuela etxera eraman; ezin zidala hori egiten utzi. Azkenean, paper bat sinarazi zidan, nire erantzukizunaren pean irteten zela ospitaletik. Argi utzi zidan: hark ihes egiten bazuen, ni fusilatuko nindutela jarraian. Papera sinatu nuen, eta etxera eraman nuen. Emandako hitza bete zuen Antoniok, eta ez zuen ihes egin.

Erizain lanetan aritzeak, baina, pozen bat edo beste eman zizun, ezta?

Jende asko ezagutu nuen: Antonio, haien artean. Galiziarra zen Antonio. Lagun onak egin ginen. Sendatu zenean, Galiziara joan zen. Urte mordoxka batean idazten aritu zitzaidan, baina, gero, idazteari utzi zion. Nitaz aspertu zela pentsatu nuen. Juan Arozena ezagutu nuen gero, eta harekin ezkondu eta bost seme-alaba izan nituen. 54 urterekin hil zitzaidan Juan. Hura hil eta zazpi urtera, gutun bat jaso nuen Galiziatik. Antonio zen, alargundu egin zela esaten zidan, eta gustura jakingo zuela nire berri. Berriro idazten hasi ginen. Inauteri batzuetan etorri zen Tolosara. Azkenean, ezkondu egin ginen, eta elkarrekin hamasei urte igaro genituen, hura hil zen arte.

Eta, gerra amaitzean, akabo sukaldari eta erizain lanak.

Gerra amaitzean, etxera itzuli nintzen. Aita Papelera Españolan lanean zebilen, hiru ahizpak ere lanean ziren, eta ni lanik gabe nintzen. Ospitalean lanean aritzeagatik diploma txiki bat eman ziguten, eta harekin joan nintzen karlista batengana; jendeari lana bilatzen aritzen zen hura. Borondatezko lan dezente egin nuela, eta niretzat zer edo zer ote zuen galdetu nion. Ezetz erantzun zidan. Diploma erakutsi nion, eta horrek ez zuela ezertarako balio esan zidan, barrezka. Izugarrizko amorrua eman zidan. Papera mila zatitan txikitu, eta hanketara bota nion. Aurrerantzean nitaz ahazteko esan nion. Orduz geroztik, ez dut politikan sinesten; ez diot inori botorik ematen.

Tolosako emakumerik aberatsena zinela entzun behar izan zenuen maiz, ezta?

Txanponen etxean hasi nintzen lanean, dirua egiten. Hala esaten zidan Korreo kaleko Amiano dendako jabeak, dendara sartzean: «Hara, hemen dator Tolosako aberatsena». Ez legoke gaizki nire eskuetatik pasatu ziren billete guztiak eskura banitu. Ondoren, Madrilera eraman zuten lantegia. Enpresako ingeniariak Madrilera joateko esan zidan, baina etxekoek geratzeko eskatu zidaten, eta ez nintzen joan.

Lana baino ez al duzu egin bizitza osoan?

Lan asko egindakoa naiz, bai, baina gustuko gauzak ere egin ditut. Pentsa, Dominikar Errepublikara ere joan naiz. Han ezkondu zen nire semea, eta joateko proposamena egin zidaten. Sekula ez nintzen hegazkinez ibili, eta animatu egin nintzen. Oso ondo egin genuen bidaia, baina nik nahiko dut oinak lurrean izan. Gogoko izan dut bidaiatzea, eta Benidormera [Valentzia] ere maiz joan izan naiz, baita Galiziara ere, Antoniorekin. Neguak Tolosan igarotzen genituen, eta udak, Galizian. Erretiratuekin ere txango asko egindakoa naiz. Orain, ezin dudalako; bestela...

Irailean 100 urte beteko dituzu. Nola ospatuko dituzu?

Ez dakit, ba, nola ospatuko dugun. Ez dakit biziko naizen ere... Zerbait berezia prestatuko didate seme-alabek, seguru. Eta ni prest nago edonora joateko eta edonola ospatzeko. Suziria botatzen badakit behintzat; beraz, botako dut, bota behar bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.