Arte Ederretan lizentziaduna eta haur eta gazte literaturan aditua da Miriam Cameros Sierra (Iruñea, 1978). Ilustrazioari lotutako lan anitz egin ditu: muralak, jantziak, prentsa grafikoa... Zenbait liburu ere argitaratu ditu: tartean, Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi ipuina, oinutsik doan Errauskine barazki jale bat erakusten duena. Haur eta gazteentzako ikastaroak ematen ditu, eta gaur Historiako emakume handiak tailerra eskainiko du, Iruñean.
Ipuin klasikoak desmuntatzen dituzten istorioak sortzen dituzu. Zerk bultzatu zintuen horretara?
Ipuinetan beti pertsonaia lauak erakutsi izan dizkigute; printzearen zain geldirik dagoen emakumea, adibidez. Nik pertsonaia errealagoak sortu nahi nituen, orain arte egin den guztia zalantzan jarriko zutenak: bakarrik bizitzea nahiago duten emakumeak, kasurako.
Hori egin zenuen Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi lanean?
Liburu hori tratu txarrak pairatu dituzten emakumeen talde batek eskatu zigun, ikusten zutelako ohiko ipuinek ez zutela bizitza erreala erakusten, amaiera zoriontsuak ez zirela existitzen. Liburua sortu, eta Interneten jarri genuen, eta arrakasta handia izan zuen.
Zertan inspiratu zinen pertsonaia sortzeko?
Ezertan ez inspiratzen eta araurik ez jarraitzen saiatu nintzen. Liburuan zehar protagonistaren itxura aldatuz doa, aldatzen diren pertsonaiak gustuko ditudalako. Ohiko printzesak orraztuta daude, nire Errauskine ez, eta begi bat bestea baino handiagoa dauka, oinutsik doa, ez da perfektua.
Finantzaketa kolektibo bidez argitaratu zenuten. Bide egokia da horrelako lanak merkaturatzeko?
Bai, editorialek hasieran ez dituzte horrelako lanak onartzen, ez dute arriskatzen, are gutxiago gazteekin. Horregatik, autoedizioak merkatura irteteko aukera ematen digu, eta, arrakasta lortzen dugunean, editorialek deitzen gaituzte.
Zer irakatsiko duzu Historiako emakume handiak ikastaroan?
Komikiaren bitartez gazteak emakume handien biografietara gerturatzea da nire asmoa. Emakume batzuk aurkeztuko dizkiet, eta beren sentsibilitatetik gertuen dagoena aukeratu eta marraztuko dute. Soslai anitzeko emakumeak eraman nahi izan ditut: Marie Curie, Amelia Earhart... Batzuk gaur egungoak dira eta beste batzuk historikoak; eta europarrez gain, beste kontinente batzuetakoak ere badaude.
Komikia tresna ona izan daiteke gazteei balioak transmititzeko?
Nik gustuko dut, ez direlako ohiko biografiak lantzen, beharrezkoa delako ikerketa lana egitea, eta pertsonaia nolakoa den irudikatzea. Zure bizitzaren eta pertsonaia horren arteko nahaste bat egitea eskatzen du. Hala ere, ez dut uste literaturaren helburu bakarra balioak transmititzea izan behar duenik. Hori egiten saiatzen gara etengabe, oso modu behartuan, eta uste dut egokiagoa dela entretenitzea helburu duten istorio onak egiten, eta horietan balioak txertatzen.
Zergatik diozu haurrentzako literaturan baztertzen diren zenbait gaik agertu beharko luketela?
Politikoki zuzena ez dena ez dugulako onartzen. Adibidez, 1940ko hamarkadan Pippi Langstrump pertsonaia sortu zuten: neska ilegorri bat, ez zena eskolara joaten, erretzen zuena. Gaur egun, berriz, ez genuke mota horretako pertsonaia bat onartuko.
Haur eta gazte literaturak igortzen dituen balioak aldatzen ari dira?
Ni ez nintzateke horren baikorra izango. Batetik, aspalditik ikusten ez genituen balioak itzultzen ari dira; frankismotik ez zeuden bilduma batzuk itzuli dira, adibidez. Eta, bestetik, kontsumo azkarreko liburu anitz daude, saltoki handietan asko saltzen direnak, baina kalitate eskasekoak direnak. Hala ere, geroz eta jende espezializatu gehiago dago, liburuzain eta andereño asko arduratzen ari dira liburu onak bilatzeaz; egon badaudelako, baina ongi bilatu behar dira.
Zein erronka dituzue ilustratzaileek aurrera begira?
Emakumeon kasuan, ilustrazio jaialdietara joatea eta ez parte hartzea soilik emakumea eta komikia mahai inguruan; berdintasunez trata gaitzatela. Uste dut gure lanen kalitateari esker lortuko dugula, gaur egun emakume marrazkilari itzelak daudelako.
Zergatik esaten duzu ipuin onak egiteko zeure bizitza ere ipuin bihurtu behar duzula?
Ipuinek emozioak sortu behar dituztelako, eta etxeko ordenagailutik hori lortzea ezinezkoa da. Paisaiak ikusi behar dituzu, pertsona ederrak eta ez horren ederrak ezagutu. Egunerokotasunean magia topatu behar duzu.
ATZEKOZ AURRERA. Miriam Cameros. Ilustratzailea
«Gaur egun, ez genuke Pippi Langstrump pertsonaia onartuko»
Camerosek dio alfabetoarekin baino hobeto moldatzen dela irudien hizkuntzarekin. Pertsonaia ausartak, inperfektuak eta menderaezinak sortzen ditu: orrazten ez diren printzesak, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu