Gaur gauean hasiko da udaberria Euskal Herrian, gauerdi aldera

Apiril eta maiatzean ohi baino euri gehiago egingo du; ekaina izango da hilabeterik egonkorrena

Maite Alustiza.
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Astelehenean helduko da ofizialki udaberria; 00:21ean, hain zuzen. Euskalmet meteorologia agentziak iragarri du udaberria «ohi baino euritsuagoa» izango dela. Horrekin batera, beste urteetan baino tenperatura baxuagoak espero dituzte. Apirilean eta maiatzean eguraldi aldakorra izango da; zaparradak botako ditu eta haize hotza ibiliko da Euskal Herrian. Gainera, haize hotzak elurra ekar dezake garaiera erdi eta apaleko inguruetara. Ekaina, berriz, udaberriko hilabeterik egonkorrena izango da. Hala ere, ekaitza eta zaparradak izan daitezke uneren batean.

Pello Zabalak tenporei begira egindako aurreikuspenaren arabera ere, euri eta ekaitz arriskuarekin helduko da udaberria, baina, oro har, udaberri «normala» izango da: «Udaberriak behar duen guztia izango du: euria, eguzki orduak, tenperatura epelak eta arratsalde batzuetan aspaldian izan ez ditugun trumoietarako joera». Zabalak esan duenez, ez da espero ez hotz handirik, ezta elurterik ere.

Bukatzear dagoen negu lehorrak batez bestekotik beherako datuak utzi ditu, Euskalmet agentziak azaldu duenez. Negua oso lehorra izateko bidean zihoan, baina otsail amaierako euriteek egoera leundu dute. Tenperaturari erreparatuz gero, gorabehera handirik gabeko negua izan da. Negu lehorraren ondoren, udaberria «egonkor» hasiko da, Euskalmeten arabera, eta tenperatura atseginak izango dira lehenengo egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.