ATZEKOZ AURRERA. Erlantz Anda eta Tania Perez. Gasteizko gaztetxeko kideak

«Gaur ginen Kortxoenean bira hastekoak, baina...»

Gaztetxearen 25. urteurrenaren harira, 'Probatu ez duenak ez daki zer den hau' dokumentala egin dute, eta hainbat tokitan aurkeztuko dute.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2015eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Mende laurden beteta, denetariko bizipen eta momentuak pasatu ditu Gasteizko gaztetxeak. Bada, dokumental batean bildu dituzte horiek denak. Filma bera modu autogestionatuan egin dute, denen artean, gaztetxeak funtzionatzen duen moduan. Egileetako bi dira Erlantz Anda (Gasteiz, 1984) eta Tania Perez (Gasteiz, 1991). Andak utzia du dagoeneko; Perez, aldiz, kide da egun. Biak dira, hala ere, mende laurden horren parte.

Dokumentala Gasteizen aurkeztu zenuten ekainean, eta Euskal Herriko beste hainbat gaztetxetan erakutsiko duzue orain. Gaztetxe Bira deitu diozue.

TANIA PEREZ: Bira bat egiteko ideia aproposa izan zitekeela iruditu zitzaigun, Euskal Herriko hainbat okupazio mugimenduekin dugun harremana sendotu eta elkar gehiago ezagutzeko, filma aitzakia gisa hartuta.

ERLANTZ ANDA: Gaur ginen Donostiako Kortxoenean bira hastekoak, baina denok dakigu zer gertatu den. Bilbon hasiko dugu, ondorioz: azaroaren 20an.

2013an bete zituen 25 urte Gasteizko gaztetxeak. Zein helburu du dokumentalak?

E.A.: Ezohiko dokumental bat egin nahi genuen; berezia. Gaztetxearen historia soilik ez genuen kontatu gura, horretarako liburu bat aterako dugu eta. Gasteizko gaztetxea zer den eta zer ekarri duen azaldu nahi izan dugu.

T.P.: Era boluntario eta autogestionatuan egin dugu dena, eta hori ere filmaren ezaugarrietako bat da.

Zer kontatzen du dokumentalak?

T.P: Bi zati ditu: fikzioa, alde batetik; eta elkarrizketak, bestetik. Bizipenak ditu oinarri filmak.

E.A.: Gaztetxeak eta Gaztetxeko Asanbladak mende laurden honetan nola funtzionatu duten kontatu dugu filmean.

Atzerrian ere erakutsiko duzue dokumentala. Zergatik?

E.A.: Bai; besteak beste, Madrilen, Bartzelonan eta Berlinen ere erakutsiko dugu dokumentala. Uste dut interesgarria izan daitekeela kanpoan ere erakustea. Askok senti dezakete gaia hurbileko.

T.P: Mende laurden bete izana ez da gutxi, eta hori jende askoren lanaren ondorio da.

Urte hauetan guztietan denetariko garaiak izango zituen gaztetxeak. Zein izan da, baina, zailena zuentzat?

E.A: Nik uste PPren gobernuak nahiko gogorrak izan direla; Alfonso Alonsorena, batez ere. Alonsokbota egin nahi zuen eta. Belaunaldi erreleboaz ere arduratuta egon gara urte batzuetan.

Bilboko Kukutza gaztetxea, hain zuzen, duela lau urte eraitsi zuten, 2011n. Donostiako Kortxoenea, berriz, aste honetan hasi dira eraisten. Nola ikusten duzue Gasteizko gaztetxearen etorkizuna?

T.P.: Egia esan, azken urteak nahiko lasai daramatzagu. Marotoren lau urteak ez ziren Alonsorenak bezalakoak izan, eta orain ere lasai gaude; gaztetxeak bere lekua hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.