Donostiako Aste Nagusia. David Gonzalez. Tacumah taldeko gitarra jotzailea

«Gaur joko dugun errepertorioaren %90 gurea izango da»

Tacumah taldeak bi kontzertu emango ditu gaur Zurriolan: eguerdikoa akustikoa izango da, eta gauean taldekide guztiak arituko dira.

TACUMAH REGGAE BAND.
Donostia
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Tacumah reggae taldea Donostian sortu zen, 2008an. Musika kultura desberdina duten hamalau musikarik osatzen dute taldea gaur egun, eta sorreratik roots jamaikarra zabaltzen saiatu dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Gaur, Donostiako Zurriola terrazan joko dute. Bi emanaldi egingo dituzte, gainera: 13:00etan lehena, eta 21:00etan bigarrena.

David Gonzalez taldeko gitarra jotzailearen esanetan, emanaldi ezberdinak izango dira. «Eguerdikoa akustikoa izango da, bateria eta teklaturik gabe joko dugu, eta gitarraren presentzia handiagoa izango da. Armoniei ere garrantzi handia emango diegu: lau korista ditugu taldean. Gauekoa baino goxoagoa izango da, beraz. Bigarrena egin ohi ditugun kontzertuen antzekoa izango da, eta taldekide guztiok parte hartuko dugu. Roots jamaikarra lantzen saiatzen gara, ez dugu rockaren edo beste musika moten eraginik. Bi kontzeptu ezberdinekin jendearen arreta pizten saiatuko gara».

Hasieran bertsioak jotzen zituzten, baina egun hamabost abesti dituzte. Ingelesez abesten dituzte gehienak, baina euskarazkoak ere badituzte batzuk. Besteak beste, norberaren ezagutzaz eta borroka sozialez hitz egiten dute beren abestietan, eta maitasun istorioren bat edo beste ere bada.

«Gaur joko dugun errepertorioaren %90 gurea izango da. Dena den, beti egon ohi da jamaikar abesti tradizional baten bertsioren bat. Kantu guztien hitzek arduratzen gaituzten gaiez hitz egiten dute. Guretzat, hitzak eta haien edukiak oso garrantzitsuak dira; musikak eta mezuak elkarrekin joan behar dutela uste dugu. Funtzionatzen ez duten gauzak aldatu eta jendearen kontzientzia irekitzen saiatzen gara», dio Gonzalezek.

Komertzialak ez diren funk, jazz eta horrelako musikarekin gertatzen den moduan, reggaeak ez du rockak eta popak bezainbesteko indarrik, baina Gonzalezek ez du itxaropena galtzen: «Duela bost urte modan jarri zen reggaea, eta orain zertxobait mantentzen da. Beste talde batzuekin jotzen dugunean nabaritzen dugu zaleez gain bestelako jendea ere etortzen dela kontzertuetara. Euskal Herrian punk eta rock asko entzutera ohituak gaude. Jendearentzat ez da ohikoa reggaea lantzen duten hamalau musikariz osatutako banda bat agertoki gainean ikustea».

Donostian joko duten kontzertua udako azkenetarikoa izango da, baina urrian eta azaroan ere izango da taldea entzuteko aukera. Kukutza gaztetxean jotzeko asmoa ere badute, eta reggae jaialdi bat antolatzen ari dira orain. Donostian edo inguruko herriren batean egingo da, eta hainbat reggae talde elkartuko dira, ibilbide luzekoak batzuk. Lehen maketa grabatzen ari dira orain: «Zertxobait kostatzen ari zaigu; asko gara taldean, eta ez gara honetatik bizi, baina ongi doa, denbora gutxian kalean izango da», azaldu du Gonzalezek.

Zurriola Kultura Irekia

Kultur aniztasunaren aldeko apustua egin da aurten ere Zurriola terrazan.

Bihar, Kilema Madagaskarko abeslariaren txanda izango da. Kontzertuez gain, tailer batean parte hartuko du, ipuin baten bidez txikiei bere herrialdeko bizimodua azaltzeko.

Amaitzeko, larunbatean Bartzelonako Orkestra Arabiarrak Mediterraneoko doinuak ekarriko ditu. Musikaz gain, zenbait herrialdetako eskulangintza eta gastronomia ezagutzeko parada ere izango da egun hauetan Zurriola terrazan. «Dingwash ikusten egon ginen igandean, eta disko jartzaileren bat ere entzun dugu. Janariak ere probatu ditugu. Ongi dago Aste Nagusian aniztasuna egotea», adierazi du Gonzalezek, Tacumah taldeko gitarra jotzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.